Moda jasangarria oinarri

Marka: Katalin Antxia / Modu bat tailerra

Ehun-kreazioa orokorrean lantzen du Katalin Antxiak, baina ñabardura nabarmen batekin: Modu Bat tailerraren oinarria moda jasangarria da. Aretxabaletarrak Saran du tailerra 2019a ezkero. Bertan, Modu Bat markako arropa saltzeaz gain, arropa neurrira egin eta egokitzen du eta ikastaroak eskaintzen ditu.

Gizartearekiko konpromisoa

Katalin Antxiaren ustez, “diseinatzaile garaikide baten lana gizartean dauden arazoei eskua emanda diseinatzea da”. Gaur egungo diseinatzaileen “aktibismo hori” oso garrantzitsua dela uste du eta bide horretan “diseinatzailearen zeregina arduraz betetzen” saiatzen dela dio. Hori horrela, moda osasuntsua, jasangarria eta ingurumenarekiko konprometitua egitea da haren helburua.

Eta oinarri horretan sostengatzen da Modu Bat proiektua: “Plastikoa, zaborra, baliabide berriztagarrien ustiapena… Horri guztiari begira diseinatzea eta mundu honek onartu ahal duen produktua ateratzea da proiektuaren funtsa”. Hala, material natural bakarreko diseinuak egiten ditu (%100 kotoi, %100 artile…). “Askoz iraunkorragoak dira eta produktuaren bizia amaitzean, birziklagarriak. Gainera, naturalak izatera, osasuntsuagoak dira eta gure gorputza askoz gehiago errespetatzen dute”, azaldu du.

Generorik ez

Estetikari dagokionez, diseinuak bezeroa errespeta dezan saiatzen da: “Ikusita zenbat arazo psikologiko dagoen, generorik gabeko jantziak egiten ditut”. Bestetik, arropa bezeroaren neurrira moldatzen du: “Guztiok behar dugu patroi industriala gure neurrietara ekarri”. Era horretara bezeroak jantzi horrekiko “apreziazio berezia” izango duela dio, “diseinuan parte hartu duelako edo diseinu hori harentzat moldatua izan delako”. Azkenik, bezeroen jantziak konpondu eta moldatu egiten ditu: “Janzteaz aspertu garen arropa hori, itxuraldatuta, berriz erabiltzeko”.

Moda-laborategia

Modu Bat tailerra “moda-laborategia” da Antxiarentzat, nahiz eta etorkizunean “soilik Modu Bat markapeko arropa” egin nahiko lukeen. Haatik, horra iristeko “oraindik bezeroengandik informazio gehiago batu” nahi du, eta, haren alderdi hori asetzeko, besteak beste, ikastaroak ematen ditu astero, baita formakuntza-saioak ere.

1. Iraunkorra: Gizonentzako eta emakumeentzako jaka urdina. 2018a ezkero kaleratzen du diseinu hori, urtero. Eskumuturrak eta lepoa doitu ahal izateak asko laguntzen dio iraunkortasunari, neurrira moldatzen delako. %100 artilea eta %100 produkzio lokala.
2. Generorik gabea: Gizonentzako eta emakumeentzako jaka zuria. Goiko jaka urdinaren berdina, ezaugarri berberekin. Ezberdintasun bakarra kolorea da.
3. Taila bakarra: Alkandora handiak jaka gisa eramateko aproposak dira. Erosoak dira, handiak direlako. Diseinu hori taila bakarrean egiten du. %100 kotoia eta %100 produkzio lokala.
4. Soila: Diseinu klasikoa eta minimalista. %100 kotoia eta %100 produkzio lokala.