Moda androginoa
Marka: Lilrousse
2020an hasi zen Idoia Martin Lilrousse markarekin lanean. Behar propio bategatik hasi zen arropa diseinatzen: industriako arropen neurrietan aukera txikia zegoelako eta gorpuzkera guztiak modaren industrian integratuta ez zeudelako. Horrela sortu zen Lilrousse: neurri guztietara egokitzen diren arropa androginoen eta osagarrien marka.
Neurrira egindakoak
Martinek diseinatutako eta neurrira egindako arropak dira. Hasierako bilduma txikiaren ostean etorri zen bigarrena. Zabalagoa eta kirol arropatan oinarritutakoa. Bereziki, 80ko hamarkadako ukituarekin. Estanpatu leunak erabiltzen ditu.
Denda, Gasteizen
Ibilbide laburra bezain emankorra izan da orain artekoa. Dagoeneko bi moda pasarela egin ditu, eta denda propioa zabaldu du Gasteizen, Errege-erregina Katolikoen kaleko 28. zenbakian. Dendan ez ezik, askotariko azokatan ere egoten da arropak eta bitxiak saltzen.