Mocker’s taldea

Laugarren lana aurkeztu berri du Durangoko Mocker’s taldeak, Argi egin izeneko diskoa. Rock progresiboa eta psychodelia dira lan berriaren erritmo nagusiak.
Nortzuek osatzen duzue Mocker’s eta nola sortu zenuten taldea?
Mocker’s Jon Garciak (baxua eta ahotsa), Asier Eliasek (bateria) eta Ritxi Blancok (gitarra) osatzen dugu. Taldea 2010. urtean sortu genuen, 16 urte genituela, Durangoko institutuan.
Nondik dator Mocker’s izena?
Lehenengo kontzertua emateko izenaren premian geunden eta mod eta rockerren arteko nahasketa ziren The Mockersen omenez jarri genuen.
Ze musika estilo jorratzen duzuela esango zenukete?
Oraintsu, rock progresiboan eta psychodelian murgilduta gaude. Garapen instrumental nabarmenak, riff pisutsuak eta atmosfera espantsiboak jorratzen ditugu, melodia altuko ahotsak lagunduta.
Erreferenterik baduzue?
Zerrenda amaiezina da, baina oraintxe bertan, Tool, Motorpsycho eta Elder taldeak izan daitezke erreferentzia nagusienetakoak.
2023rako kontzerturik baduzue lotuta?
Martxoan kaleratu genuen gure laugarren lana, eta ekainera arte hogei kontzertu emango ditugu, hura aurkezteko. Bira bukatzeko geratzen direnak: Bartzelona (ekainak 17) eta Durango (ekainak 24).