Miren Narbaiza ‘Mice’: “Bira honetan zalantzarik ez dudala nabari dut”

Lautada diskoa aurkezten ibili da udaberrian. Eta, laster, Euskal Herria Zuzenean jaialdian ariko da. Bost musikariz lagunduta, indar biziko emanaldiak egiten ari dira. Zalantzak uxatuta jendartera ateratzea sortzaile gutxiren esku dagoen lorpena da. Halaxe sentitzen da Mice taula gainean. Zalantzarik gabe, hegan egiteko prest.

Azkenean, Miren! Zenbat bider saiatu gara zu TTAPera ekartzen? Urnietan elkartu gara, Saroben. Duela sei urte hemen bertan zuzenean aritu zinen, Musika Zuzenean ekimenak antolatutako jaialdian. Zure bakarkako ibilbidea orduantxe abiatu zen.

Beste talde batekin kontzertu-sorta egin ostean, Kataluniatik nentorrela gogoan dut. Bezperan han jo genuen eta iganderako hona iritsi behar genuen. Musika Zuzenean ekimenak antolatu zuen jaialdia, eta, lehenago, Elorrion aritu ginen ekimen bertsuan, Napoka Iria taldearekin. Urnietan nire bakarkako ibilbideko bigarren emanaldia izan zen. Urduritasun handia, hori da gogoan dudana. Baina polita izan zen, goxoa.

Apirilean hainbat emanaldi egin dituzu. Asteburu osoan kontzertuak eman eta gero, zer-nolako sentsazioa izaten duzu?

Oso goian egotetik halako hustasun bat ere sentitzen da. Egia esan, emanaldiak oso politak izaten ari dira. Konturatzen ari naiz bizitzen ari naizena oso erreala dela. Bira honetan zalantzarik ez dudala nabari dut. Talde polita osatu dugu, eta, nahiz eta nire proiektu pertsonala izan, zortekoa naiz: inguruan daudenek bere sentitzen dute egitasmoa. Prozesuaren parte ere izan dira. Benetan esaten dizut horrelako gozamenik gutxitan sentitu dudala taula gainean. Funtzionatzen duen sentsazio hori.

Zure zale batzuekin hitz egin dut eta esaten didate oso eroso ikusten zaituztela zuzenean, gitarrarik gabe, frontwoman.

Bai, bai. Nabaritzen da orduan. Ez nuen pentsatuko neure burua horrela hain eroso ikusiko nukeenik, ezer gabe eskuan. Eta eskuak espazioan zehar mugitzea. Oso eroso ari naiz. Beldur puntu bat baneukan, noski. Gure hasieretan Ander eta biak Napoka Iriarekin eserita, gitarra eskuan… seriotasunetik bazuen. Estatikoa zen, eta bazen bidaia handi bat. Hala sentitzen genuen. Baina hortik zutik jarri, aurrean daukadana kendu eta espazioan mugitzera… urte batzuk behar izan ditut. Joera horrekin hasi nintzen diskoa prestatu aurretik, eta, modu horretan, jendea ikusten nuen agertokitik. Eta nik hori nahi dut. Pixkanaka-pixkanaka joan naiz posizio horretan neure burua onartzen.

Bada, azken emanaldien harira, Andoaingo gaztetxeko kontzertutik zabaldu da bideo-zati bat zeinean halako trantze egoera batean zaudeten. Seiak. Sinbiosi modukoa da. Zer sentitzen da une horietan?

Ezin dut esplikatu. Benetan. Brutala da. Gero, gainera, pentsatzen jartzen naiz neronek sortu ditudan kantuak direla. Noski, taldean haziz joan direnak. Hazia hor zegoen. Segundoak dira, kantuaren amaierakoak, zeinean ez nuen abestu behar. Eta, zera, neure buruari prestatutako jai bat balitz bezala da. Horregatik egiten ditugu horrelako gauzak, zentzua ematen diotelako egiten dugunari. Ezin da hitzez aipatu. Energia uhinak, bolumenak, gordintasun hori… Nik, horregatik, zuzeneko musika entzutera etortzeko gomendioa egiten diot jende guztiari.

Erantzun horretan hurrengo galdera ia-ia erantzun didazu. Trantze egoera hori bizi duzue, gainera, zuk zeuk sortutako eta abiatutako abenturatik abiatuta.

Eskertuta nago bizi dugun hori posible egiten duten guztiekin. Kristoren musikariak ditut, aholkulari bikainak. Zeren eta, azkenean, bada kapritxo bat norberaren proiektua sortzea. Eta horregatik nago oso eskertua.

Lautada aurkezpen kontzertu hauetatik, denborarekin, zer gogoratuko duzu?

Eibarren jotzea oso berezia izan da. Eibarko Koliseo antzokian jotzea ez nuen espero. Musikari bezala herriko antzokian joko duzula espero duzu, baina geroago espero nuen. Horrelakoak beti dira bereziak. Familia bertan dago, eta lagunak. Oso polita izan zen. Oso barruan gordetzen ditudan uneak dira. Lehen, Andoaingo gaztetxeko kontzertua aipatu dugu. Gertutasuna asko baloratzen dut. Ikusleak bertan egotea. Sentitzen dudana da nire musika oso bizirik dagoela eta kontzertu guztietan musika bizirik dagoela. Ez dut sentitzen monotonia hori, oraingoz, zeren eta kantuak beti berberak dira. Suposatzen dut oso eroso gaudela eta plazerari bidea egiten uzten diogula.

Euskal Herria Zuzenean jaialdia oasia dada

Zuzenekoen aroa bizitzen ari zara, baina diskoaren lanketa nabarmendu nahiko nuke. Aitortu izan duzunez, eta diskoa entzunda, nabari da lanketa handia egin duzula. Maketak sortu, musikariekin partekatu eta, era berean, hitzak ere behin eta berriro landu, idatzi, berridatzi dituzula.

Bai, bai. Lan handia egon da. Denboran uste nuen diskoak lehenago argia ikusiko zuela. Baina gauza bat eta beste, azkenean, luzatu egin da, eta horrek ere eraman gaitu kantuari buelta askoz gehiago ematera.

Badira kantu batzuk, bueltan-bueltan, sorburura iritsi direnak?

Adibidez, Lautada kantua bera. Probaz proba ibili ostean, lehengora itzultzea hobe zela pentsatu genuen.

Maketako bertsioak, askotan, horiek izaten dira onenak.

Bai, askotan bai!

Maketen oso aldekoa naiz ni.

Maketek, gainera, badute freskotasun hori. Eta maketak norberarengan sortzen duen sentimendu hori: zure ideia azaldu izanaren lehen aldia da. Horrek badu zerbait oso freskoa dena. Batzuetan izorratu daitezke kantuak, buelta gehiegi emanez gero. Lautada-ren kasuan, adibidez, lehengora itzultzea onerako izan da.

Ikusita seikote fantastikoa osatzen duzuela, izan al duzue kontuan kantuak zuzenean eskainiko diren irizpidea?

Taldea ikusita, hori dirudi. Baina Joseba Baleztenak beti dio diskoa dela gauza bat eta zuzenekoa beste bat. Ez dute zertan berberak izan. Hein handi batean, bat nator ideia horrekin. Gauza bat da estudioko lana, barnerakoia. Eta bestea, kantu batek zuzenean har dezakeen forma. Adibidez, Inor begira izanda ere azken unean sorturiko kantua izan zen eta jendaurrean eskaintzean badu beste tempo azkarrago bat; askeagoa.

Eta denborarekin obsesiboa izatera iritsi daiteke grabazioaren fasea?

Nekagarria, bai.  Abiapuntua da kantu ona izan behar duela. Baina bai, uste dut oso obsesiboa izatera iritsi daitekeela. Izan da jendea disko hori ateratzera ere iritsi ez dena. Disko honekin inpazientzia puntu batekin nengoen. Eta, azkenean, datak jarri behar dira; bestela, ez da inoiz bukatzen.

Biniloa eskuratu eta jendaurrean entzungai jarri zenuten. Entzunaldia egin zenuten. Nolako esperientzia izan zen hura?

Berezia, oso berezia. Gela batean bildu eta entzutera. Ez da pelikula bat ikustea. Ez gaude ohituta horretara. Geratu eta besterik gabe egotea. Hala ere, bagenekien arriskua hartzen ari ginela, eta paretan irudi bat proiektatu genuen. Batez ere, jendeak nora begiratu izan zezan. Jendaurreko aurkezpena izan zen; ez nuen, gainera, prentsaurrekorik eskaini. Bere horretan elkartu eta egoteko soiltasun hori aldarrikatu nahi nuen, eta baita musika formatu fisikoan argitaratzeko aldarrikatu ere.

Garaiotan, belaunaldi batzuetan, behintzat, musika ikustearekin lotzen delako.

Ikusi egin behar da, dena da horrela. Eta gehiegizko estimulazioaren joko horretan neu ere sartzen naiz.

Lehen entzunaldi hartan jasoko zenituen lehen sentsazioak. Horietako asko, ziurrenik, musikariak izango ziren.

Jende gehiena isilik egon zen eta isilik joan zen. Iritsi ziren kritikak, badakizu, beti dira onak.

Zuzeneko musika entzutera etortzeko gomendioa egiten diot jende guztiari

Bukatu beharra daukagu, eta ez dut aipatu gabe utzi nahi Iban Zaldua idazlearekin batera eskaintzen ari zareten Ipuina engainua da Saioa. Saio eta toki berrietara eta eremu berrietara joateko aukera izaten ari da zuretzat.

Musikari bezala beste leku batzuetara joateko aukera ematen dit. Irakurraldi bat girotzea ez da batere erraza. Ibanek aukeratu duen ipuina oso dibertigarria da. Festibalean deitzen da, eta Zaldua irudiak sortzen oso ona dela iruditzen zait. Ikasten eta mugitzen jarraitzea da asmoa. Asko kostatzen zait gauza berriak egitea. Orduan, horrelako amuak harrapatzea gogoko dut. Beste leku batzuetara joateko, beste gauza batzuk egiteko. Hainbat taldetan ibili naiz, beste rol batzuk betetzen. Ahal den heinean, jolasten jarraitzeko.

Edonork pentsatuko du Iban Zalduarekin literaturaz asko hitz egingo duzula, baina musikazale amorratua da eta esango nuke harekin musikaz asko ikasten ari zarela. Nik baino bi aldiz gehiago daki!

Horrelako kideak ondoan edukitzea beti da interesgarria eta oso aberasgarria. Bukatzeko, Euskal Herria Zuzenean jaialdian ikusiko zaitugu, elkarrizketa argitaratu eta gutxira. Zer esan dezakezu?

Hori bai dela oasia! Zer esan? Horrelako festibal bat antolatzeko gai izatea, iraunaraztea…  Gozatzera goaz, Lautada bertan aurkeztera.

Eskerrik asko eta zorterik onena, Miren.

Mila esker zuei.