Miren Karmele Gomez:“Entzuten dudan guztia irudi, mugimendu eta forma moduan ikusten dut”

Miren Karmele Gomez Garmendia sinestesikoa da. Bere kasuan, batez ere, entzumena eta ikusmena lotuta ditu. Berarekin hitz egiten aritu gara fenomeno neurologiko horretaz, bere ibilbide artistikoaz eta aurrera begirako proiektuez, besteak beste.

Miren Karmele Gomez Garmendia, ongi etorri TTAPera.

Esker mila.

Zer da sinestesia?

Fenomeno neurologiko bat da, populazioaren %4k daukaguna. Zentzumenak harremanetan sartzen dira. Hau da, normalean, kitzikatua izan ez den zentzumen batek beste zentzumen batean eragina du eta nolabaiteko irudi osagarri bat gehitzen du.

Nola eragiten dizu zuri?

Nik guztiz ditut lotuta ikusmena eta entzumena, besteak beste. Horrek eragiten didana da, une oro, entzuten dudan guztia irudi, mugimendu eta forma moduan ikusten dudala. Ana Galarragak “berezko errealitate areagotua” bezala definitu zuen eta gustuko dut, jendeak, horrela, errazago ulertzen duelako.

Hitz egiten dugun bitartean, beraz, zure ikusmena kitzikatu egiten da?

Noski! Zuk entzuten duzuna nik irudi, forma eta mugimenduan ikusten dut. Baina ez bakarrik zure ahotsa; inguruan dugun soinu bakoitzak ere hartzen du bere ibilbide propioa. Zuek ikusten duzuenari beste geruza bat gehitzea bezala da.

Ez da gaixotasun bat.

Ez da patologia bat, fenomeno neurologikoa baizik. Oso berezkoa den zerbait da. Honekin bizi gaitezke, noski. Pertsona batzuk daukagun aldaera berezi bat da.

Sinestesia mota desberdinak daude?

Bai. Ikerketen arabera, gaur egun, 60-70 sinestesia mota desberdin daude. Ohikoenetako bat ikusmena eta entzumenaren arteko sinestesia da, eta, hor, azpitalde batzuk daude. Alde batetik, grafema-koloreak ikusten dituztenak gaude, hau da, letrak eta zenbakiak ikusten ditugunak. Bestetik, zenbakiak espazioan ikusten dituztenak daude edo denbora ikustea ahalbidetzen dutenak; hori ere badaukat nik. Beste sinestesia mota bat da ukimen-ispiluarena, hau da, pertsona bat ikusten badugu kolpe bat hartzen, kolpea gurea bezala sentitzen dugu. Eta beste mota bat da zaporea irudi bihurtzen dena. Azken batean, zentzumen guztien konbinazio denak egon daitezke.

Zuk, txikitatik, mundua errealitate areagotu horretan ikusi duzu…

Hori da. Nik, txikitatik, sinestesia daukat, baina salto handi bat egon zen sinestesia edukitzetik  sinestesiaduna naizela kontziente izan nintzeneraino. Unibertsitate garaian jarri nion izena, eta, zorionez, atzera begira, gauza aunitz ulertu ahal izan nituen.

Sinestesia eta sormena oso lotuta daude

Nola hartu zenuen kontzientzia hori?

Shock momentu bat izan zen. Nik, txikitatik, gertatzen zitzaidan guztia koloretan deskribatzen nuen, eta, etxean, esaten zuten: “Ze irudimena duen neskato honek!” Baina une batean, unibertsitatera joan nintzenean, nire pisukideari zubi hitza aldatu zitzaidala esan nion. Berak, dokumental baten bidez, bazekien zerbait sinestesiari buruz, eta galdetu zidan: “Soinuekin koloreak ikusten dituzu? Hori batzuei bakarrik gertatzen zaizue”. Eta argitu zidan berak hori ez zuela ikusten. Beldur pixka bat sentitu nuen, eta hor hasi zen bizitzako etapa bat, non saiatzen nintzen bereizten zer ikusten genuen pertsona guztiek eta zer nik. Adibidez, banku hau Idoiak ikusten du, eta, beraz, bankuari buruz hitz egin dezaket; baina hemen alboan ikusten dudan bola urdin hau Idoiak ez du ikusten, beraz, kontuz ibili behar dut horretaz hitz egiterakoan.

Batzuentzat sorginkeria izango da!

Askotan, sinestesia horrekin lotu izan da, bai. Nire kasuan, mundu guztiz koherentea da, eta ez dit inolako aztoramendurik sortzen bizitzan.

Soinu guztiek dituzte koloreak?

Bai, denek. Nire kasuan, grafema-kolore sinestesia mota horretatik azalduta, axuria hitza horrela ikusiko nuke: a zuria, e berdea, i horia, o gorri-granatea  eta u urdina. Kontu eman zenbat hitz botatzen ditugun egunean zehar, beraz, pentsa zenbat kolore dauden nire inguruan! Soinuak irauten duen bitartean, koloreak eta formak hor diraute. Baina zuri ere berdin gertatzen zaizu; irratian, musika bukatzen denean, bukatzen da. Nire kasuan, gainera, kontsonanteek bokalei mugimendua, forma eta testura gehitzen dizkiete. Altuago hitz egiten baduzu, irudia handiagoa da.

Gustuko kanta bat nola deskribatuko zenuke?

Kantu batean, paisaia oso desberdin pila egon daitezke. Kantu batzuk erritmo bizia dute, baina gero geratu egiten dira; edo gitarra sartzen da, edo bateria, eta, bakoitzarekin, paisaia desberdinak ikusten ditut. Ez da berdina ere musika kaskoekin entzutea, edo, hizketan ari garela, atzean kontzertu bat entzutea. Soinua desberdin iristen da, eta geruza gehigarri hori desberdin portatzen da.

Irudi mentala sortzen du zure sinestesiak edo gorputzetik kanpokoa?

Sinestesia dugun pertsonetan, esperientzia jasotzeko bi modu daude. Batzuk dena euren buruan ikusten dute; hori da sinestesia asoziatiboa. Eta, gero, gaude sinestesiko proiektiboak, hau da, irudiak kanpoan proiektatuta ikusten ditugunak. Bigarren mota edukitzeko lehenengoa eduki behar da.

Artea gozatzeko moduari nola eragiten dio zure sinestesiak?

Sinestesia eta sormena oso lotuta daude. Hemen inguruan dagoen mundu guztiari buruz ez hitz egitea pena litzateke. Sinestesiaren kontzientzia hartu nuenean, bi geruzak banatzen aritu nintzen, eta margotzen saiatzen nintzen zuek ikusten ez zenuten hori. Musika konpositore sinestesiko batzuk pieza moreak konposatzen dituzte, adibidez. Garrantzitsua da esatea, onerako zein txarrerako, ez daudela bi pertsona sinestesiko berdin.

Sinestesia fenomeno neurologiko bat da

Pertsona sinestesikoen artean partekatzen dituzue esperientziak?

Nik ez dut hainbeste parte hartu horrelako foroetan, batez ere, asko ez daudelako; baina nire blogaren bidez, hainbat pertsona nirekin harremanetan jartzen dira, eta webgune erreferenteetara bideratzen ditut. Noizbait, beste sinestesiko batzuekin elkartu naizenean, pentsatu izan dut: “Ze guai, nire tribukoa da!”, baina, gero, hasten naizenean galdetzen, adibidez, soinu bat nola ikusten duen, konturatzen naiz bakoitzak desberdin hautematen dugula. Baina gustua ematen du sinestesiko batekin hitz egiteak.

Alor horretako ikerketak zertan dabiltza?

Gaur egun, neurozientzietan, gai hau asko ikertzen da, eta pausoak ematen ari dira. Ikerketa batzuk osagai genetikorik ote dagoen aztertzen ari dira; beste batzuk jakin nahi dute ea gure barruko zirkuituek nola funtzionatzen duten. Lehen ez dut esan, baina emozioek ere sortarazten dute sinestesia. Nik, adibidez, mina ikusi dezaket, eta, medikura joaten naizenean, beste era batera deskribatu dezaket gertatzen zaidana. Eta hori ikertzen bada, patroiak atera ahal dira guztiontzat. Beste adibide bat: ikusmena galtzen duten pertsonek ea bide horiek berreskuratu ditzaketen ikertzen ari dira. Izan ere, fenomeno neurologiko horrek lotura asko dauka gure barneko “kableekin”.

Zure sinestesia artea egiteko baliatzen duzu.

Gertatzen zitzaidanari hitza jarri nionean, saiatu nintzen inguruan zegoena biltzen. Bilketa hori, batez ere, tableta bidezko marrazkien bitartez egiten nuen, alegia, bi dimentsiotan. Hasieran, oso ardaztuta nengoen  hitzak eta abestiak marraztearekin; gaur zer ikusten dudan biltzea zen garrantzitsua. Gero, hiru dimentsiotako betaurrekoak iritsi ziren, eta horrek dimentsio errealagoa  eman zidan. Horrek eraman nau, azken urteetan, zuzeneko kontzertuak margotzera. Zoragarria da! Ez naiz bakarrik obrara lotzen; beste zerbaitek sinestesia eragiten badit, hori ere jasoko dut. Zaragozako kontzertu batean, txeloa sekulako esfortzua egiten ari zen, eta nik bere arnasa entzuten eta ikusten nuen. Ez zen kontzertua baino garrantzitsuagoa, baina ezin nuen utzi hori margotu gabe.

Eta publikoak nola ikusten du zure marrazkia?

3D gailuarekin marrazten dut, eta, atzeko proiektorean, ikusten da 2D marrazkia; baina zuzenean ikusten da nola joaten den osatzen irudi hori, eta oso ederra da.

Eta jendearen harrera nolakoa da?

Batzuk harritu egiten dira, eta beste batzuk erdi beldur aurpegia jartzen dute. Tarteka, bateren bat hurbiltzen zait esatera: “Nik ere badaukat”. Kontzertu batean, beste pertsona sinestesiko bat zegoen, eta berak idatzizko kronika egin zidan. Emakume horren sinestesiak zaporea eta usaimena lotzen zituen.

Ez gaude bi pertsona sinestesiko berdin

Zein da zure hurrengo erronka?

Momentu honetan, atzera begirako bat egiten ari naiz. Orain arte, eraiki eta eraiki, sortu eta sortu egin dut. Orain, gelditu eta begiratu egin nahi dut, azterketa bat egin. Ez dakit zertan bukatuko den; ez naiz ausartzen esatera. Batzuetan, pentsatzen dut liburu edo antzekoren bat egingo nukeela, baina ez dakit. Bestetik, denbora gehiago beharko dut errealitate areagotura pasatzeko. Hau da, nahiko nuke jendeak, gailu baten bidez, nik ikusten dudana ikustea; edo ingurune batzuk margotu, eta jendeak bertan elkar eragitea. Bestetik, niretzat garrantzitsua da esatea nik ikusten dudan hori banku hau bezain fisikoa eta erreala dela.

Eta bete nahiko zenukeen ametsik baduzu?

Tabernako kontzertu bat marraztu nahiko nuke. Maite dut zuzenekoaren gordintasuna, zentzurik onenean. Izan ere, hor agertzen zaizkidanak ez ditut kontrolatzen. Etxean kantu batzuekin aurretik entseatzen badut, bat-batekotasun horren xarma galdu egiten da.