Miren Dobaran: “Euskalgintzako sektore oso potentea dugu, eta beharrezkoa da lankidetza”

Osasun-krisia euskararentzat “kolpe gogorra” izan dela uste du Miren Dobaranek. Euskaraldiko bigarren aldia igaro ostean Goienako platoan elkarrizketatu du Txomin Madinak Hizkuntza Polititako sailburuordea.

Orain gutxi pasa da Euskararen Eguna, eta orain gutxi egin da, baita ere, Euskaraldiaren bigarren aldia. Nola bizi izan dituzu zuk zeuk zure departamentuan eta baita arlo pertsonalean ere?

Arraroa izan da, ezta? Urte arraroa izan da eta gauza asko jausi dira, era presentzialean ezin izan dira egin. Baina pozik nago pasatu delako Euskaraldia, ariketa sozial hori milaka eta milaka herritarrek egin dutelako; ia  180.000 herritarrek izena eman zutelako eta entrenamendu hori egin zutelako. 25.000 arigune izan zirelako martxan. Eta esan genuen entrenamendua bukatzen denean jarraitu behar dugula arnasgune horiek zaintzen eta lantzen, eta gure programazio orokorrarekin aurrera egiten. Eremu sozioekonomikoko plana aurrera eramaten, eta enpresekin-eta lanean. Eta apur bat Euskaraldiaren inguruko feedbacka jasotzen establezimendu handiekin, ea zela joan diren gauzak. Izan ere, badakigu establezimenduak topera egon direla; tabernak itxita daudenez, horiek topera egon dira eta guk bagenekien oso inportantea zela Euskaraldiaren ariketa hor. Eta haiekin hitz egiten ari gara ea nola joan den, eta oso pozik daude, egia da. Hori zen helburua.  Beraiek ikusi dute balio erantsi bat dela euskara, euren negozioetan saltzeko ona dela, eta bezeroek Euskaraldia bukatzean ere jarraitzen dutela erosketak egiten. Hori zen helburua, integratzea apurka-apurka bai establezimenduetan baita enpresetan; bai gizarte erantzukizunagatik bai balio erantsiagatik euskarak egon behar duela presente, eta orain, euskara-erabilera planekin aurrera egingo dugu esparru askotan.

Hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Eta Eusko Jaurlaritzaren barruan, zeintzuk dira ohitura horiek? Lakuako pasilloetan belarria jarriko bagenu, zein hizkuntza entzungo genuke?

Lakuako pasilloetan, gutxienez, txapak ikusi ditugu, eta horrek erraztasun bat ematen du, badakizulako norekin hitz egin dezakezun inolako estres linguistikorik gabe. Eta oso polita da kafe-makinaren inguruko hori. Egia esan, jarraitzen dugu kafe-makinetara joaten, eta txapei esker oso aldaketa handia egon da lehenengo ediziotik bigarrenera. Zer ikusten da? Ahobizi-ak eta belarriprest-ak hor ari direla entrenamendu horretan… Eta hori da egin behar zena. Oso pozgarria da, askok esaten digutelako: “Nik hemen bakarrik egin dezaket euskaraz”. Eta hori da gure errealitatea, ez da oso desberdina herrialde batetik bestera eta lantokietan egin dezakezunetik aparte. Oso pozgarria da eremu informalago batean –kafe-makinetan ere bai– askoz gehiago entzutea euskaraz eta lasaitasun horrekin. Batzuetan gaitasun txikiagoa dutenak nola ari diren entrenamendu hori egiten eta saiatzen. Hori oso pozgarria da; izan ere, hori da ariketa sozial honen helburu nagusia: entrenamendu bat egitea, lasaitasun osoz eta estres linguistikorik gabe. Hori ikusten da eta entzuten da, eta suposatzen dut gainerako erakundeetan ere hori ikusiko dela. 

Euskaraldia euskalgintzan aritzen zareten eragile ezberdinen arteko elkarlanaren fruitua da. Euskalgintza, ulertuta erakunde publikoak, euskara elkarteak… Elkarlan hori beste zein esparrutan ikusi, entzun edo nabaritu daiteke?

Gehienetan, ezta? 2017an sartu ginenean gure taldean oso-oso argi eduki genuen horrelako lankidetzarik gabe euskararen normalizazioan aurrera egitea oso zaila izango zela. Gaur egun, gobernu batek bakarrik ezin du –ez da diru kontua edo legeak onartzearen kontua bakarrik–. Lankidetza eta indar metatze hori behar-beharrezkoa zela ikusi genuen, eta hor daukagu Euskaraldia. Euskaraldiak lortu duena da jendea asko ilusio handiarekin hurreratzea gure programa honetara; eta bi hankadun lankidetza horrek hori dakar, era guztietako herritarrak dauzkagu eta batzuk gauza bategatik edo bestegatik animatu dira hori egitera. Eta hori ari gara apur bat esparru guztietara zabaltzen, 2023ra arte indarrean dagoen eremu sozioekonomikoko plana eta martxan jarri genuen Euskararen Aholku Batzordeko eremu soziolinguistikoko batzorde hori, hori ere lankidetzan eraikitako programa bat da. Gure gobernantza berriak XXI. mendean horrela izan behar du. Guk daukagun gauzarik inportanteena hizkuntza gutxitu eta normalizazio bidean dagoen hizkuntza denez, hori da daukagun gauzarik handiena. Euskalgintzako sektore oso potente bat daukagu, eta erakundeek hori aprobetxatu beharra dugu, eta saiatu eta saiatu, probatu, eta, gainera, ikerketan ere badabil jendea. Metodologia batekin, ikerketarekin eta euskalgintzako mugimenduarekin batera, aurrera eraman behar dira programak.

Pandemia kolpe ikaragarria izan da euskararentzat

Goazen euskararen egoeraren inguruan berba egitera. Abbadiasaria jaso duen Pello Jauregik bere hitzaldian azaldu zuen interesgarria izan daitekeela Gipuzkoa bera arigune moduan erabiltzea. Oraindik ere geratzen da horretarako… baina zenbat geratzen da Gipuzkoan eta zenbat geratzen da gainerako lurraldeetan?

Egia da Gipuzkoaren egoera soziolinguistikoa oso ona dela alderatuta Bizkaikoarekin edo Arabakoarekin. Gauza askotarako erabiltzen dugu Gipuzkoa, edozein programa jartzen dugunean abian, traktore moduan: apur bat pilotaje hori egiteko, gero gainerako herrialdeetara-eta zabaltzeko. Egia da Gipuzkoan, gazteen artean, esaterako, %100 euskalduna dela. Besteetan ere bagoaz apurka-apurka, baina egoera oso ona da: Gipuzkoako herri askotan euskaraz bizi daiteke, eta enpresetan ditugun erabilera planetan askoz aurreratuago doaz. Oraintxe bertan jarri dugu Lanbide Heziketarekin Euskaraz, talentua gara programa, eta askoz errazagoa da Gipuzkoan topatzea enpresak zeintzuetan instruktore euskaldunak izendatu daitezkeen, Lanbide Heziketako ikasleek praktika dualak euskaraz egin ditzaten. Beraz, egia da guk erabiltzen dugula Gipuzkoa traktore moduan, eta egin behar duela lan hori, egoera soziolinguistiko hori badaukalako, eta, alde horretatik, hemen pilotatzen dena gero errazagoa da beste herrialdeetara zabaltzea. Bizkaian ere oso ondo goaz, baina oso hiri handiak ditugu oraindik, oso erdaldunak izan direnak orain dela 20-30 urtera arte; ezkerralde osoa, esaterako. Baina hor ari gara berreskuratzen, eta, batez ere, umeak eta gazteak hezkuntzari esker euskaldunak dira. Eta hor ere bagoaz. Araban ere aldaketa ikaragarri handia egin da, Gasteizen indar handia dago; gogo handia euskara normalizatzeko. Eta beraien egoera egia da orain dela 20-30 urte askoz kaskarragoa zela, eta baloratu behar da zein bide egin duten herrialde hauek ere –Araba eta Bizkaia–. Bagoaz apurka-apurka.

Horiek dira, nolabait, Euskal Herri barruan zure sailburuordetzaren azpian dauden lurraldeak. Hor dago baita Nafarroa, eta hor daude Iparraldeko lurraldeak ere. Euskara hiru administrazioren menpe dagoela esan genezake; zein da administrazio horien arteko harremana?

Oso ona eta emankorra. 2017an sinatu genuen Iruñean Hiruko Ituna izenekoa, eta itun horren helburua da elkarrekin ahalik eta programa gehien zabaltzea. Euskaraldia, esaterako, hiruron artean antolatzen ari garen programetako bat da. Eta praktika onak ere elkartrukatzea; administrazio bakoitzari errespetuz, baina elkartrukatu gauza horiek guztiak. Ez dauka zentzurik guk eraikitako programak ez partekatzea –helduen alfabetatzean, aisialdian, adierazle sisteman…–. Eta, batez ere, elkarrekin eraiki behar dira programa asko –ingurune digitalean, eremu sozioekonomikoan…–. Lortu dugu azken urteetan horiek aurrera eramatea.

Goazen euskararen eta alor/sektore ezberdinen arteko harremanak aztertzera. Gazteak eta euskara, esaterako. Zein da momentu honetan ekuazio horren emaitza, eta zer egin daiteke emaitza hori hobetzeko?

Nik beti esaten dut oso injustuak garela gazteekin. Beti ari gara esaten gazteen atxikimendua eta konpromisoa txikia dela. Ikusi behar dugu nondik datozen eta ze ibilbide egin duten gure gazteek. Gure gazte eta umeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak, inkesta guztien arabera. Zer gertatzen da? Gure gazte eta nerabe askok, erdiak baino gehiagok, euskara ikasi dutela eskoletan, eta hori ikaragarrizko meritua da familia hauentzako ere. Ez dira bizi euskaraz, bizi garen lekuetan; hiri eta herri handietan bizi dira, oso aukera gutxirekin, askotan, euskara erabili ahal izateko. Eta gero, beti beraien kontra ari gara: nerabeek ez dute euskaraz egiten… Nik uste dut nerabeek kasu horietan ikusten dutela euskara hizkuntza akademiko legez: beraientzako da azterketa, etxeko lanak… Ez daukatenez aukera handirik kirolean edo aisialdian euskararekin gozatzeko, kontra ateratzen dira, normala da. Baina egia da gero nerabe hauek errekuperatu egiten ditugula. Esan nahi dut: euskal kulturan eta euskaran oinarritutako hezkuntza eta heziketa bat hartzen dutenean, hauek gero badatoz, eta hori konprobatuta dago. Nerabe hauek unibertsitatera doazenean oso argi ikusten da euskaraz dakiten lagunak egiten dituztela eta horiekin elkartzen badira txipa aldatu egiten dutela. Eta gero, familia bat osatzen dutenean oso argi ikusten da, ikerketa guztietan, euskara transmititu egiten dutela. Beraz, gazteei eman behar zaie aukera gehiago euskaraz gozatzeko inguru guztietan: digitalean, aisialdian… eta lotu dezaten hizkuntza gozamen horrekin. Eta gero egingo dute, eta egiten dute, eta ari dira euskaraz hitz egiten. Gurea da euskara eskaintzeko lana, eta beraiek egingo dute, badakite eta. Eta gaitasun edo ezagutza unibertsal hori lortzea oso handia da; izan ere, belaunaldi batzuk falta dira ezagutza unibertsal hori orokortzeko, eta hori da behar duguna.

“Euskalgintzarekin lankidetza eta indar metatze hori behar-beharrezkoa da”

Azaroan Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldiak egin dituzue. Zer dute elkarrengandik ikasteko? Zuk zeuk, gainera, berdintasun kontuetan formakuntza ere baduzu…

Bai, eta nire obsesioa zen Euskararen Aholku Batzordearen azpian halako batzorde bat antolatzea, gurutzaketa hau kudeatuko duen batzorde bat. Eta hasi ginen duela urtebete horretan lanean beste batzorde batean. Egia da honetan Euskal Herriko aditurik onenak ditugula, eta oso oso gauza interesgarriak egin ditugu ulertzeko zein ekarpen egin ahal dion batak besteari. Inbidiaz ikusten dut orain berdintasunean eta feminismoan etorri den gorakada eta aktibazio hau. Ikusten dut hortik ere ikasi behar dugula, euskararekin askorik ez erlaxatzeko. Aktibazio hori behar dugu, eta ni seguru nago Irene Arraratsek zuzendutako Euskararen Aholku Batzorde atal honetan hemendik eratorritako lanek eta ikerketek balio handia izango dutela, elkar gurutzaketa ulertu eta elkar elikatzeko honen inguruan.

Soka beretik tiraka, Feminismoa eta berdintasuna izeneko hiztegia kaleratu duzue. Zein hutsune ikusten zenuten horretan?

Behar-beharrezkoa zen, zeren hor, azkenean, euskaraz terminologia asko baitzegoen; ehun eta berrogeita termino baino gehiago dituen hiztegia da eta bakoitzak erabiltzen genituen hitzak era desberdinean. Eta hor egin dena da Elhuyar Fundazioarekin batera elkarlan bat adituekin, eta jaso bai nazioartean bai hemen indarrean dagoen legedia, gehi mugimendu feministak erabilitako terminologia, eta guztion artean erabaki termino horiek zelan egin behar diren eta definizioak ere jarri. Behar-beharrezkoa da, gure gazteek erabili ahal izateko hezkidetza programetan, eta, zergatik ez, feminismoa orain euskaratik eraikitzeko aukera emateko. Guk dena irakurri behar izan dugu gazteleraz edo ingelesez, eta orain badaukagu terminologia bat eta badaukagu aukera –hasita gaude– feminismoaren liburu nagusiak ere itzultzen. Orain egin behar dutena gure gazteek eta gazteak ez direnek da feminismoa euskaratik eraiki.

Topiko bat da esatea gero eta mundu globalizatu batean gaudela. Topikoa bai, baina egia. Hor guztian, nola bermatu euskararen presentzia? Hainbat hutsune ere atzematen dira: horren adibide, hutsune horiek estaltzeko egiten diren ekimenak. Orain gutxi, Disney Plus plataforman pelikulak euskaraz jartzeko eskaria egin dute batzuek, adibidez. Nola ikusten duzu euskararen presentzia mundu errealean eta birtualean?

Erronka handi bat da, baina erronka moduan ikusi behar dugu; eta ez zailtasun moduan, zeren hor borrokatu beharra baitago. Disneyren pelikulak gustatzen zaizkie umeei, eta horren kontra ez dago egiterik. Guk egin dezakegu gure produkzio propioa, baina horiek ikusten dituzte, eta behar-beharrezkoa da, batez ere euskara ikasten ari direnentzat, hori euskaraz eskaintzea.  Oso zaila da enpresa handi hauekin, oso txikiak garelako. Eta beraiek kontu horiek egiten dituzte. Baina egia da jarraitu behar dugula bide horretatik, enpresa handi hauekin, ea gutxieneko batzuk euskaraz jartzen dituzten. Guk badaukagu beste programa bat kulturatik, filmak euskaraz emateko. Telesailetan askoz ere zailagoa da. Baina gure helburua da transkripzioak eta azpitituluak euskaraz lortzea. Teknologia badaukagu, eta bihar edo etzi hori da gure helburua. Ze badakigu gure gazteek jatorrizko hizkuntzan kontsumituko dutela hori guztia, hori horrela da, ez dute gazteleraz ere ikusten. Ingelesez badira, ingelesez ikusten dute. Baina badakigu irakurtzen dutela. Orduan, hor egon beharko litzateke euskara ere, eta horretan ere lanean ari gara gu. Teknologia egiten, badakizue itzultzaile neuronala hor daukagula eta adimen artifizialean oinarritutako teknologia horrek mugagabea dauka garapen hori. Baina garatu behar dugu ahots sintesia gailuek euskaraz hitz egin ahal izateko. Nik aukera moduan ikusten dut, ze badaukagu teknologia, teknologia guztiona da, eta orain gure hizkuntza txertatuta dago. Eta gure hizkuntzak daukana da corpus nahikoa horiek guztiak, makina guztiak, entrenatu ahal izateko. Beraz, guretzako erronka da.

Mundu zabaletik berriro geurera etorriaz, euskarazko tokiko hedabideen inguruan hitz egitea gustatuko litzaiguke. Goienak, esaterako, 20 urte bete ditu aurten; nolabait ere, hedabide horien artean erreferente dela ere esan genezake. Zein garrantzi dute zuen departamentuan era honetako hedabideek?

Garrantzia ezinbestekoa da gure normalizazio prozesuetan, ez dut imajinatu ere egiten hizkuntza gutxitu bat zelan normalizatu daitekeen hedabiderik gabe. Eta tokiko hedabideak dira jendearengandik hurbilen daudenak. Eta horiek dira, azkenean, informazio hori ematen dutenak, maila nazionaleko hedabideek ez dutena ematen, eta maila internazionalekoek, are gutxiago. Eta egia da jendeak ere hori nahi duela: hurbileko informazio hori, eta entrenatzen dute jende asko euskaraz irakurtzera. Gainera, hedabide horietako asko eta asko ikusten dute erdaldunek ere: komentatzen dute, argazkiak ikusten, adibidez. Hurbileko berri horiek eta istorio horiek kontatzen dituztenez, hori ezinbestekoa da guretzako, jendea entrenatzeko eta jendeak gozatzeko lehenengo momentutik hurbileneko informazioarekin. Orain, helburua da zorionez gero eta eleanitzagoak diren euskaldunak, aniztasun ikaragarri handia daukagu gure euskaldun berrien artean, eta horientzako erakargarriak izan daitezen eraiki gure produkturik onenak eta erakargarrienak, eta horretan estrategikoak dira tokiko komunikabideak.

Euskalgintzan erakunde publikoen eta bestelako eragileen arteko elkarlanaren garrantzia aipatu dugu, eta, alde horretatik, Goienaren eredua hortik doa; euskara elkarteak direlako bazkideak eta baita udalak eta langileak ere. Hortik doa bidea?

Hori da bidea. Azkenean, erakundeak eta gizarte eragileak daudenean eraiki daitezke produktu batzuek zeintzuk baliabide batzuk izango dituzten, herritarrei begira daudenak. Eta bi hankak daudenean, gizarte mugimendua eta erakundeak ere hori apur bat koordinatzen, produktu erakargarriak egin daitezke. Baliabideak urriak dira, beti gaude krisi batean ez bada beste batean sartuta, eta erabiltzen ditugun baliabide horiek erakundeen artetik, gutxienez, badauka erantzukizun bat egiteko jende guztientzako erakargarriak izango diren produktuak eta gure hizkuntzaren normalizazioan aurrerapausoak emateko balio izango dutenak. Goienaren eredua niretzako oso-oso egokia da, eta, gainera, horrek dakarren garapena ere bai. Kudeaketa aurreratuan ere oso aurreratuta daude, eta hori da: produktu profesionala, gaur egungo kudeaketa aurreratuan oinarritutakoa. Guk hori esaten dugu, kopiatu behar direla horrelako egiturak eta funtzionatzeko erak. Bestela, gaur egun ez dago aurrera egiterik.

Badirudi gaur egun ezin dela elkarrizketa bat egin koronabirusaren pandemiaz galdetu barik… Pandemia honek guztiak eta ekarri dituen ondorioek nola eragin diote euskarari?

Kolpe ikaragarria izan da. Oso tristea izan da ikustea nola jende askok aukera galtzen zuen euskararekin konektatuta egoteko. Azkenean, horrelako gauza bat gertatzen denean konturatzen gara ze ahulak garen, bizitzako esparru guztietan, baina, batez ere, normalizazio bidean dagoen hizkuntza batentzako. Eskolak itxi zirenean, guretzako izan zen hondamendi ikaragarria, etxe askotan ez zegoelako ordenagailu edo konexio potenterik. Eta izan ditugu ume eta gazte batzuk inolako kontakturik gabe euskararekin. Gainera, kontaktua eta Internet egon den lekuetan ere, nahiz eta ordenagailuz jaso klaseak, ba, ez da berdina: hizkuntza bat ikasten ari zarenean, presentzialtasuna ezinbestekoa da. Eta jausi zaigu dena. Orain, zabalik ditugu eskolak, baina etenda kirol eta aisialdi antolatu guztia. Eta konturatu behar dugu herri eta hiri handietan esparru hauek ezinbestekoak direla euskaraz egin nahi dutenendako, beste aukerarik ez dutelako. Zer ikasi dugu? Hurrengo bat datorrenerako, seguruenik, eduki digital gehiago izango ditugu, eskolan beste era batera antolatuta eta entrenatuta egongo gara… Agian, balio du krisi honetatik indartsuago ateratzeko, hausnarketa bat egin behar izan dugulako, eta hemendik aurrera eraiki hori guztia askoz ere prestatuago egoteko. Ni horretan oso positiboa naiz, ahuleziak ia identifikatuta ditugulako, eta orain lanean hasiko gara horretan.

Dagoeneko gure artean dugun krisi ekonomikoa ere ez ei da makala izango. Horrek izango du eraginik euskarari bideratutako aurrekontuan? Egon daiteke tentazioa murrizten hastekotan euskara bezalakoetatik murrizten hasteko?

Ez dut uste, guk badakigu zer sufritu dugun, eta munduko krisi horri aurre egin ahal izateko gure hautua da euskaratik aurre egitea. Euskaratik egin nahi badiogu aurre, euskaldun izate horretatik ekarpena egin nahi badiogu mundu honi, baliabideak behar ditugu. Eta, alde horretatik, oso positiboa naiz; espero dut mantentzea, eta, batez ere, datorren urteari begira gure elkarteek gure deialdi guztiak ondo hornitzeko dirua izatea. Hori ari gara borrokatzen eta uste dut lortuko dugula.