Mireia Delgado: “Zerbait banaiz, irakurketa-bitartekaria naiz”

Mireia Delgado Expositok pedagogia eta antropologia ditu oinarri literaturaren eta ahozko narrazioaren unibertsoan mugitzeko. Elkarrizketan zehar, ipuinak kontatzeko modua, publikoarekin sortzen den lotura bizia, ikuspegi feminista autentikoaren beharra eta teknologia berrien eta literaturaren arteko bizikidetzaz hitz egin du, besteak beste.
Mireia Delgado Exposito, ongi etorri TTAPera.
Mila-mila esker!
Nola definitzen duzu zure burua?
Diziplinen arteko ekilibrista naizela esatea gustatzen zait.
Aitak eta amak ere eragina izan omen dute aukeratu duzun ibilbidean…
Bai, nola ez. Zer edo zer baldin bagara, etxe horretan (edo etxe horietan) hazitako hori gara. Hau guztia gerora pentsatu izan dut, nire lana oso lotuta dagoelako biografiak aztertzearekin.
Ikasketez ere ekilibrista zara.
Pedagogia eta Antropologia ikasi nituen. Literaturarekin eta narrazioarekin loturak, berriz, plazeretik sortzen dira. Izugarri gustatzen zait haurrei kontatzen diedan ipuin bat 70 urteko pertsonei kontatzea, eta bi publikoentzat funtzionatzen duela ikustea. Pedagogiak eta Antropologiak garatzen jarraitzen dudan begirada bat ekarri didate; detaileetara jotzeko trebezia piztu didate: keinuak, isiluneak…
Zer nolako garrantzia du aurrez aurre egoteak?
Ipuin kontaketetan, irakurketa taldeetan edo edozein dinamika tailerretan, elkarrekin gertatzen den hori oso garrantzitsua da. Besteari entzuteak gorantza eramaten zaitu. Baina teknologiak ez ditut deabrutzen. Uste dut, adibidez, Telegrametik ere testu ederrak bidaltzen ditugula. Balioan jartzen dut hori ere, poesia edonon egon daitekeelako. Hori da nire pasioa.
Istorio on batek zer eduki behar du?
Arakatzen jarraitzea merezi duen zerbait eduki behar du. Batzuetan, hori da istorio horretan topatzen zarelako; beste batzuetan, munduko nire mapa zabaldu egiten didalako, eta hurrengoak erronka bat suposatzen didalako. Horrelakoa ez bada, ez da niretzat.
Nola eragiten du publikoak ipuin baten kontaketan?
Publikoak beti eragiten du, edozein ikuskizunetan bezala. Baina, ahozko narrazioan, eragin hori askoz handiagoa da, zeren, une horretan, ni ari naiz publiko horrentzat. Zuentzat. Bihar beste toki batean banago, beste zu batentzat kontatuko dut. Adibidez, kontatzen ari naizenean, norbaiten begiak dir-dir ikusten baditut, hortik joko dut. Ipuina bizirik dago uneko interakzioetara, erantzunetara, girora. Orduan eta hobeto entzuten jakin, orduan eta gehiago hobetzen dut kontalari lana.
“Nire desira da desira beti edukitzea”
Ipuinak ez dira soilik haurrentzat.
Hemen aldarrikatzailea izan behar dut. Helduentzako saioak ez dira horrenbeste programatzen, eta jendeak ez dauka ohiturarik horrelako ekitaldietara joateko. Baina, gero, oso gustura egoten da.
Feminismoak ere gurutzatzen zaitu zure lanean.
Askotan, galdetzen didate: “Nola txertatzen da ikuspegi feminista obra honetan?” Eta nik erantzuten diet benetan txertatzeko autentikoa izan behar dela. Ezin du soilik izan pegatina bat, janzteko txapa bat edo eslogan bat. Nola egiten dut nik? Begirada feministarekin, nirekin bizi delako. Behar dena da testuinguru egoki bat hori lantzeko, eta ez adabaki bat. Nik giroan arnasten den zerbait behar dut, benetakoa den zerbait. Benetakoa bada, barruan gertatuko da aldaketa. Kontua da prozesu horiek ez direla hain distiratsuak eta nabarmenak, eta, batzuentzat, badirudi ez zabiltzala hori lantzen.
Irakurketa-bitartekaria ere bazara.
Zerbait banaiz, hori naiz. Obra eta pertsonaren artean dagoen hori da. Ez da zubi bat, mugitzen den zerbait delako, eta ezin da, ezta ere, tekniketan oinarritu. Testuinguruaren araberako nolabaiteko hartu-eman bat da. Eta azken helburua ez da jendeak irakurtzea. Niretzat, askotan, liburuak aitzakia dira beste lekuetara heltzeko, eta, gainera, nik ezin dut esan zein den leku hori. Bizirik eta adi-adi egotea eskatzen dizun lan bat da. Orain, berriro entzuten hasi naiz gazteek gutxi irakurtzen dutela. Eta ni horrek estu jartzen nau. Haur eta gazteek egiten dute, beti, guk egiten dugunaren jarraipen bat. Bestetik, pantaila horiek guk jarri ditugu beraien eskuetan. Eta ikusi behar dugu zer den irakurtzea. Irakurle izateko nobela bat hasieratik bukaerara irakurri behar baldin baduzu, ba egia da, kasu horretan, denok ez garela hor sartzen. Baina irakurtzea ere bada Instagramen irakurtzea, mezuetan irakurtzea, egunkaria irakurtzea… Agian, galdera da aldatu behar duguna. Agian, pentsatu behar dugu nola egin irakurketa etengabe egoteko presente, baina zentzuarekin. Zeren zerbait interesatzen bazait, mugitzen naiz hara iristeko. Lan hori bitartekariak egin behar du, eta bitartekaria edonor izan daiteke.
“Ipuina kontatzen ari naizenean, bizirik dago”
Zer da Galtzagorri elkartea?
Galtzagorri elkartea haur eta gazte literaturaren elkartea da. Bere ibilbidean, bitartekaritza oso presente egon da, eta urtez urte aberasten doa. Behinola aldizkaria argitaratzen du, altxor bat dena, eta, horretaz gain, areto literaioak daude. Zer dira areto horiek? Gai bat edo obra bat hartzen dugu, eta sortzen dugu espazio bat atrezzo eta dinamika konkretu batekin. Helburua da obra eta haurren artean bitartekaritza lana egitea, horrelako agertoki batean. Bizirik dagoen prozesu bat gertatzen da bertan. Itsaspeko bihotzak izeneko areto literarioa nire kuttuna da, eta udazken honetan egingo dugu. Horretaz gain, IBBYko (International Board on Books for Young People) parte da. Zaindu beharreko elkartea da.
Ze amets lortu nahiko zenuke?
Batetik, nire desira da desira beti edukitzea. Eta, bestetik, ikusezina izatea.