Mirari Martiarena: “Umoretik iraultza egin behar dugu”

Mirari Martiarenaren bizitza txikitatik estuki lotuta dago umoreari. Azken hiru urteetan, berriz, profesionalki ekin dio barre eragitearen lanbideari. Umoregilearen lanaz, genero ikuspegiaz eta etorkizun hurbilean dituen proiektuez hitz egin dugu berarekin.

IDOIA TORREGARAI: Mirari Martiarena, oso pozik nago elkarrizketa hau egiteagatik!

MIRARI MARTIARENA: Eskerrik asko gonbidatzeagatik. Ni ere oso pozik nago. Batzuek esango dute hau entxufea dela…

Txikitan oso lotsatia omen zinen…

Nire irakasle izan zirenak harritu egiten dira jende aurreko jardunean nabilela ikusten dutenean. Umetan lotsatia nintzen eta orain ere momentu batzuetan banaiz. Baina publikoaren aurrean aritzea gustatzen zait, pasioz bizi dudan zerbait da. Urte asko isilik egon nintzen eta orain denbora berreskuratzen ari naiz!

Noiz esan zenion zure buruari umoregilea zinela?

Ba, lehendabiziko aldiz, gaztelaniaz esan nuen, duela pare bat urte. Oporretara joan eta ostatuko atezainak zertan lan egiten nuen galdetu zidanean, “soy umorista” erantzun nion. Harrituta geratu nintzen, ordura arte inguruko inori ez niolako horrelakorik esan eta nire buruari ere ez niolako onartu. Pentsatu nuen bazela garaia –urtebete zen bakarrizketekin nenbilela– umorea egiten dudala aitortzeko bai eta umoreak nire bizitzaren zati handiena hartzen duela esateko.

Txikitatik egin nahi zenuen umorea?

Gure etxean umorea oso presente egon da beti; aitonaren bitartez, aitaren bitartez… Duela zazpi urte, berriz, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bueltan, Argia-n Damutuko zaizue umorezko websaioa egin genuen eta hor ikusi nuen bazela zerbait gustatzen zitzaidana. Oiartzun irratian Ongi etorri Katxonderstanera saioa egiten genuen umorearen bueltan, baina ez nuen bakarrizketetarako pausorik ematen. Duela bost bat urte, inguruan banuen jendea bakarrizketak egin behar nituela esaten zidana, eta ni, berriz, ezetz eta ezetz. Zerbait mugitzen hasi zen orduan.

Azkenean, lehendabiziko bakarrizketa egin zenuen, 2017an. Nolakoa izan zen lehendabiziko aldi hura?

Duela hiru urte izan zen, Oiartzungo Iturriotzeko Santioetan. Oso plaza potentea da. Antzerkiak tradizio handia du eta ni ikusle moduan joan izan naiz bertara betidanik. Bertako antolatzaileak, Jon Zabaleku Zapo-k, bazeraman pare bat urte bakarrizketa egin behar nuela esanez, eta nik aitzakia pila bat jartzen nizkion. Duela hiru urteko urtarrilean, Jon Oiartzun irratira etorri zen eta nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan. Eta berak ezer esan aurretik, Iturriotzeko saioa egingo nuela esan nion. Urtarriletik uztailera prestaketa horrekin aritu nintzen. Eguna hurbildu ahala, berriz, gero eta urduriago nengoen, eta oholtzara igo baino lehen kaka eginda nengoen. 500 pertsona zeuden plazan, eta denak ezagunak! Oholtzara igo aurretik ahizpa gazteenari esan nion etxera joan nahi nuela eta… “ba, orain ezin duzu”, erantzun zidan. Jon Zabalekuk berak ere asko lagundu zidan, hasi nintzenean urduri nengoelako, baina bost minuturen ondotik aldaketa bat egon zen eta gozatzen hasi nintzen. Hitz eta pitz aritu nintzen hortik aurrera, harrotuta, eta izugarrizko gozatua hartu nuen, sekulako oparia izan zen. Beti eskertuko diot Joni nirekiko egindako apustua. Nire buruan sinesten ez nuenean berak sinetsi zuen. Eta orain, plaza bakoitzean oso presente dudan pertsona da. Iaz hil zen, baina egunerokoan oso gertu dudan laguna da.

Umoreak ez luke mugarik eduki behar, nondik egiten ari garen argi baldin badugu

Nahi bati bide eman zenion hortik aurrera, ezta?

Pixkanaka saio gehiago ateratzen hasi ziren: Argia eguna Gasteizen, Gazteluko festak… Herritik kanpora aterata konturatu nintzen kanpoan herriko erreferentziek ez dutela balio eta beste zerbait asmatu behar nuela. Plaza batzuk egin nituen, baina gero zurekin, Idoia, hasi eta aldaketa etorri zen. Orduz geroztik, bakarrik oso gutxitan aritu naiz.

Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa saioarekin hasi zinen, 2018an. Azken bi urte eta erdian 100 emanaldi baino gehiago egin dituzu. Nola bizi izan duzu bide hau?

Niretzat opari bat izan da, eta zurekin egitea ere bai. Guk aspalditik ezagutzen dugu elkar, 2004. urtetik, UEUn zure bekaduna nintzenetik. Hasieratik konektatu genuen, umore berdintsua dugulako, nahiz eta adin tarte desberdina izan. Pertsona batzuekin konexio berezia sortzen da, maitemintzen zarenean bezala, eta gure artean ere sortu zen zerbait. Biok egitekoen artean genuen bakarrizketak egitearena. Duela sei urte, Amapola morea irrati-saioan zer geratzen zaizun egiteko galdetu genizunean, “Mirarirekin bakarrizketa bat egitea” erantzun zenuen, eta orduz geroztik nahi genuen elkarrekin zerbait egin. Azkenean, duela hiru urteko azaroan aukera izan genuen. Zeri buruz egin nahi genuen argi genuen: feminismoa, umorea, amatasuna, ez-amatasuna, parrandako kontuak, gorputza… ez zitzaigun zaila egin saioa osatzea. Bakarrizketa Euskal Herritik mugitzeko Lankura jo genuen eta hasieratik  baietz esan ziguten. Urtarrilean bertan zabalkunde garaian gure bakarrizketaren berri eman zuten eta gaur arte harreman oparoa izaten ari da. Bakean dagoena bakean utzi opari bat da, eta oso pozik bizi dudan zerbait. Plazak ateratzen direnean, “bai, bai, bai” esaten dugu. Gure urteko garai indartsuak zein diren badakigu; batez ere, Martxoaren 8ko eta azaroaren 25eko bueltak. Euskaraldiarekin ere zorte handia izan genuen eta saio asko egiteko aukera izan genuen. Nekatuta ibiltzen gara, baina zoragarria da. Nik ere ez dakit deskribatzen zer sentitzen dudan. Zuk baldin badakizu, esan!

Bakean dagoena bakean utzi-ren arrakastaren gakoak zein izan direla uste duzu?

Saioan hiru faktore elkartzen dira: umorea, generoa eta euskara. Eta bi emakume oholtzan umorea eginez ez da munduko gauzarik ohikoena oraindik. Ez gaude ohituta hori ikustera eta jendea horren gose da. Umorea egiten dugun emakumeak ez gara asko eta aprobetxatzen ari gara. Arrakastaren beste arrazoietako bat saioa oso herri txikietan egin dugula da, azpiegitura aldetik ez dugulako gauza askorik behar. Bi aulki nahikoa ditugu saioa egiteko eta, beraz, Orexan zein Bilbon egin dezakegu. Kontatzen duguna ere oso gauza xumea da: gure errealitatea, baina umoretik. Guk ez dugu ezer asmatu; asmatu duguna da kontatzen.

Opari bat da ‘Bakean dagoena bakean utzi’, poztasunez bizi dudan zerbait

Umorezko antzerkia eta umorezko bakarrizketak ez dira berdinak, ezta?

Askotan aurkeztu gaituzte antzezle bezala, baina nik nire burua ez dut antzezle kontsideratzen, nahiz eta aktore lantxo batzuk egitea tokatu zaidan. Bakarrizketak beste zerbait dira. Bakarrizketak egiten dituen batek aktore lanak egiteko balio du edo ez, eta aktore batek bakarrizketak egiteko balioko du batzuetan eta besteetan ez. Bakoitzak bere estiloa du eta kontatzeko beste modu bat da. Gure kasuan, guretik kontatzen ditugu gauzak eta jendeak hori ikusten du, eta hori da arrakastaren beste gakoetako bat.

Emakumeengana gehiago iritsi zarete?

Bai, normalean bai. Askotan galdetu digute ea gure saioa emakumeentzat den. Mundu guztiarentzat dela erantzuten diegu, baina horrela etiketatzen gaituzte. Batez ere, talde feministetatik eta Berdintasun ataletik kontratatzen gaituzte; euskara ataletik ere bai, baina kulturatik oso gutxitan. Emakumeak gehiago hurbiltzea ere normala da, gure berdinekin konektatzen dugulako, batez ere. Baina, noski, badaude oso ondo pasatzen duten gizonak eta horrela adierazten digute. Baina egia da pasarte batzuekin emakume guztiek batera barre egiten dutela, eta gizonak “hemen zerbait galdu dugu” esanez geratzen dira, badagoelako errealitate bat ikusten ez dutena.

Oraindik gaur egun umoregileen erreferentzia gizonezkoa da?

Oraindik entzuten dira era honetako esaldiak: “Emakumeen umorea ez dut ulertzen” edo “emakumeek egiten duten umorea emakumeentzat da”. Bai, eta gizonena denentzat, ezta? Urte pila bat goaz gizonezkoen umorea kontsumitzen eta badirudi hori dela normala. Entzun behar dugun beste esaldi bat hauxe da: emakumeak ez garela graziosoak. Noski, emakumeoi beti erakutsi izan digute bigarren plano batean egoten, diskretuak izaten, formalak, eta, gainera, gizonezkoen txisteekin irri egiten. Orain arte, oso normala zen gizonek emakumeei barre egitea, baina emakumeek gizonen bizkar umorea egiten badugu deserosotasunak sortzen dira. Ez da erosoa gizonentzat, baina ikasi egin behar dute, hau aldatzen ari delako. Iraultza bat dator. Umoretik iraultza bat egingo dugu guk. Hitz potoloak dira, baina aldaketa bat egon behar du.

Zuk egiten duzun umorea genero ikuspegitik egiten duzu.

Bai, beti horretan saiatzen naiz. Emakumea naiz, feminista naiz eta, zalantzarik gabe, iruditzen zait egin behar den gauza bat dela, nahiz eta batzuentzat deserosoa izan, emakume askorentzat ere bai. Batzuen aurpegia ikusten duzu eta “benetan hori esan du?” aurpegia jartzen dute. Gai konkretu batzuk azaleratzeak deserosotasuna sortzen du, baina umorea hori ere bada.

Bakarrizketa beti berdintsua da, baina beti ez da berdina, ezta?

Ez. Lekuak eragiten du, aretoak, publikoak, gu zer aldartetan gauden… faktore askok eragiten dute. Kontatzen duguna oinarrian berdina da, baina aldaerak daude. Harrotzen garenean, adibidez, inprobisatzen hasten gara. Askotan, zuk zerbait esan eta ni barrez hasten naiz, eta alderantziz, nik bat-batean zerbait esan eta zu barrez lehertzen zara. Jendeak ez daki hori bat-batean den edo prestatutako zerbait den. Bakean dagoena baketan utzi-k aukera ematen digu inprobisatzeko, eta jendearen erreakzioa oso ona baldin bada, hurrengo saioetan erabili egiten dugu. Eta alderantziz, denborarekin zerbaitek ez duela funtzionatzen ikusten badugu, kendu egiten dugu.

Eta publikoak barrerik egiten ez duenean?

Hori ere gertatzen da batzuetan. Kontuan hartu behar dugu umorea ez dela unibertsala eta, gainera, Euskal Herrian herri batetik bestera gauzak asko aldatzen direla. Izaera desberdinak ditugu eta herri batzuk hotzagoak dira eta besteak beroagoak. Barre egiten ez dutenean elkarri begiratzen diogu, indarrak bildu eta aurrera jarraitzen dugu. Saio hauek umiltzeko balio digute. Gerta daiteke aste batean bost saio edukitzea eta horietatik hiru oso onak izatea, eta beste biak hotzagoak. Horrek erakusten digu lehenengo hiru saio horietan ez garela munduko onenak eta laugarren horretan ere ez garela munduko txarrenak. Gertatu izan zaigu ere saioan zehar jendeak barre askorik ez egitea, baina amaitzerakoan esatea “zein ongi pasa dugun!”. Eskarmentua izateko ere oso baliagarriak izaten dira horrelako egunak, gure buruak zailtzeko eta edozein lekutan egin dezakegula frogatzeko.

Urduri jartzen zara jende aurrera atera baino lehenago?

Bai, beti egoten da urduritasun momentu bat. Oso areto desberdinetan egin dugunez, saio bakoitza desberdina da. Iruñeko antzerki eskolan kamerinoetan itxaron behar duzu oholtzara igotzeko eta ez duzu jendea sartzen ikusten, eta Goizuetan edo Orexan jendea sartu ahala beraiekin zaude gela berean. Urduritasun puntua izaten dut, batez ere, publikoarekiko errespetuagatik. Tentsio gabe joaten bazara berdin zaizula ematen du. Urduritasunak adi egotea eskatzen dizu; inguruan zer gertatzen ari den ikusteko balio du, eta horren arabera inprobisatzeko aukera ematen dizu. 

Badago gairik umorea egingo ez zenukeenik?

Ez nuke esango. Nire ustez, umoreak ez luke mugarik eduki behar, nondik egiten den argi izanda. Behetik gorako umorea edo berdinetik berdinera egiten bada, alegia. Egia da oraindik gauza batzuei buruz ezin dela umorerik egin, jendea ez dagoela prest ez egiteko ezta entzuteko ere. Adibidez, euskal gatazkari buruz umoretik zerbait egin beharko genukeela aipatu izan dudanean, jaso dudan erantzuna ez gaudela prest izan da. Beraz, oraingoz, ez naiz ur handi horietan sartu, baina etorkizunean egin beharko dugun zerbait dela uste dut.

Umorea sortzeak zer ematen dizu?

Izugarrizko poza! Jendea barrez ikustea, sentitzea, izugarria da. Esaten ari naizen horrekin ingurukoak barrez ikustean harrotu egiten naiz eta hortik gauza berriak sortzeko aukera ematen dit. Paperean grazia egin dezake edo ez, baina zerbaitek benetan funtzionatzen duen jende aurrean frogatu behar da. Bete egiten nau jendaurrean aritzeak.

Barre egin edo barrea eragin, zer nahiago duzu?

Biak gustatzen zaizkit. Barre asko egiten dut eta umorea kontsumitzea ere asko gustatzen zait. Gainera, barre oso kutsakorra daukat.

Zerk edo nork eginarazten dizu barre?

Zuk! Jendeak jakingo balu autoan egin ditugun kilometro guztietan zehar zenbat barre egin dugun… Kilometro adina barre egiten dugu! Nire aitak ere izugarrizko barregura ematen dit bere ateraldi zorrotzekin. Hortik kanpora, oso umoregile onak daude. Andoni Egañak oso umore fina duela uste dut. Edo, nola ez, Aitziber Garmendiak. Barre librea saioan Jon Plazaolarekin egiten ari diren lana oso ona dela iruditzen zait. Nerea Arriola ere nire erreferentzietako bat da.

Eta zerk edo nork kentzen dizu umorea?

Ba, sukaldatu hitza esaten duen jendeak, adibidez. Eta hau esateko oso serio jarriko naiz. Ezin dut horrekin. Sukaldatu esan zuen lehendabiziko pertsona aurkitu nahiko nuke epelak esateko. Kozinatu esan behar da! Nire lagunek hitz hori erabiltzea onartzen dut, bestela lagunik gabe geratuko nintzatekeelako. Eta Euskal Herrian Zigor Iturrieta, zu eta ni geratuko ginateke bakarrik. Ez da esamolde jator bat, nire amonak zenak ez zuen hori inoiz esan; kozinatu edo sukaldean aritu esango luke.

Esku artean dituzun proiektuak zeintzuk dira?

Zuk eta nik esan genuen udazkenerako saio berria egingo genuela eta espero dut horrela izatea. Pixkanaka ari gara moldatzen. Nerea Arriolarekin ere elkartzen gaituen puntu bat aurkitu dugu. Ez dut esango zein den, baina esango dut bion artean ari garela kontu hau loditzen. Ez diogu gure buruari datarik jarri, baina, gutxi gorabehera, urte honen bukaerarako edo hurrengoaren hasierarako zerbait plazaratzea gustatuko litzaiguke. Ez du bakarrizketatik izango; niri pertsonalki beste buelta bat ematea eskatuko dit. Izan ere, Nerea aktorea da, baina ni ez. Ilusioz ari gara prestatzen eta elkar ezagutzen ari gara une honetan konfiantza sortzeko helburuarekin. Ikusiko dugu emaitza zein den!