Mimoz landutakoa
Marka: Mxuk
Bertako diseinuan oinarrituta dagoen arropa eta osagarrien marka txiki bat da Mxuk. Esti Aginagalde Villegas sortzaile-ekintzailea dago markaren atzean.
Hasieran, arropak
Hasieran, arropa bilduma txikiak egiten hasi zen. Gorputzera erosotasunez egokitzen ziren patroien lanketa, oihalen kalitatea, ekoizpenean mimoa eta estanpatu koloretsuak dira Mxuken identitate-zigiluak. Proiektua egonkortzeko helburuarekin, 2019 bukaeran geldialdia egitea erabaki zuten.
Poltsak
Geldialdiak bat egin zuen pandemiarekin, eta Mxuken itzulera nahi baino gehiago luzatu da. 2023ko udaberrian itzuli ziren, poltsa bilduma berri batekin. Horiek diseinatzeko, 3D material tekniko, arin eta erresistentea hartu dute oinarri. Hidrofugo tratamendua eman diote materialari, euritatik eta orbanetatik babesteko.
Balentziaga museoa
Artisau azoketan eros daitezke Mxuk poltsak, baita markaren sare sozialen bidez ere. Beste aukera bat Balentziaga museoa da; hango dendan produktuak saltzeko aukeratu dute Mxuk.