Mimoz jositako osagarriak
Marka: Txatxala / Maite Anton
Txatxalaren sortzailea Maite Anton da eta bizitzeko nahiz sentimenduak adierazteko bidea du: “Niretzat Txatxala sentimenduak adierazteko modu bat da; bizitzeko era eta bezeroekin egoteko modu oso polit bat”. Proiektua duela hiruzpalau urte jaio zen eta Antonek dio une hartan bizi zuen momentu txarrari aurre egiteko jaio zela. “Sortze-prozesua terapia gisa erabili nuen eta nire buruarendako zein lagunendako sortzen hasi nintzen”.
Txatxala izena, baina, nondik dator? “Ondarroatik dator, nire amamak horrela deitzen zidan. Haren inguruko hainbat emakume jostunak ziren, eta niretzako beti izan da nik nahiko nukeen ingurua. Elkarri lagundu eta sortzeko komunitatea, alegia”.
Oihalak
“Beti saiatu gara oihal bereziak sortzen. Afrikar estanpatudunak, loreak, animal print-ak… gure oihaletan gure esentzia dago, zalantzarik gabe”.
Bide aberasgarria
Txatxala moduko proiektua aurrera eramatea aberasgarria bezain zaila dela ere badio: “Oso bakartia da une batzuetan, sortze-prozesuan zure munduan sartu behar duzulako. Baina asko merezi duen mundua da eta Txatxala gabe ez dut neure burua ikusten, uste dut denbora luzez egongo garela hemen”.