Mimoz eta neurrira

Marka: Ehunduz jantziak / Iratxe Irigoien

Pandemiak eta etxean zuen josteko makina batek ipini zuten martxan Ehunduz marka. Iratxe Irigoien mototsekoak eta ilerako zintak egiten hasi zen. Emaitza ikusita, poltsak josten hasi zen. Bezeroen erantzuna ikusita, pauso bat gehiago ematea erabaki zuen: jantziak.

Bildumaka

Bere esperientziatik konturatu zen poltsak baino gehiago jantziak erabiltzen zituela. Hala, helduendako eta umeendako arropak egiten hasi zen. Kamisetak, petoak, gonak, soinekoak… Denboraldi bakoitzean bilduma bat egiten du, kantitate txikietan.

Amantalak

Irakasleendako amantalak dira Ehunduz Jantziak markako produktu izarra. Bi aldeetatik jantzi daitezke. Alde batean bi poltsiko txiki ditu eta beste aldean, poltsiko handi bat. Amantalak nork bere neurrira egokitu ditzake.

Eskaripean

Beste produktu batzuk ere egiten dituzte: jaioberriendako kitak, zerealezko poltsatsoak, eskalatzeko magnesioa eramateko poltsatxoak, ordenagailuendako poltsak… Horiek guztiak eskaripean egiten ditu Irigoienek.