Militantziarik behar da oraindik?

Gehiegi ezagutzen ez dudan emakume batek esan zidan lehengo batez: “Egun, zertarako balio dezake euskararen aldeko militantziak? Euskara ikasi nahi duenak badu horretarako aukera. Libreki hautatzen ahal da hori”. Zur eta lur geratu nintzen horrekin. Nondik hasi ez nekiela. Eta susmoa izan nuen zer azalduta ere ez zukeela ikusiko beharrik. Euskararen hauspotze eta normalizazio bidean lan eskerga dagoela oraindik egiteke.
Ohartarazi dute euskalgintzako eragileek euskara moteltze bidean sartua dagoela; are, atzeratze bidean. Sinatu berri dute aurrera begirako akordioa: Batuz aldatu du izena. Euskararen etorkizuna orain arteko begiradatik aldenduta izanen dela sinetsirik daude. Helburuak ongi markatuta jo behar dela euskararen ongizatera. Gizartea euskalduntzen jakin ez duten politikak iraultzetik etorriko dela. Nola egonen da, bada, zalantzan jartzerik euskararen aldeko mugimenduak gero eta indartsuago egon behar duela Ipar Euskal Herrian euskarak ofizialtasun zantzurik ez duenean edota Nafarroan bizi zaren tokiaren araberakoa denean ematen zaion aitortza?
Europar Batasunean ofizialtasuna aldarrikatzen ari diren bitartean, gurean oraindik ere kamutsa da eskaintzen zaion lekua. Euskal Herriko zenbait txokotan ez dugu inon topatzen euskararen arrastorik, paisaia erdalduna da; administrazioarekin harremana ez da euskaraz izanen dela ziurtatzen; atzerritik gurera bizitzera datozenei ere arrotza zaien hizkuntza da edo apenas izaten dute hartu-emanik harekin, eta zenbait agintarik ere bazterrean zokoratzen dute. Hari-mutur asko daude oraindik ere lotu eta haria eten ez dadin lan egiteko. Denon hauspoa beharko da. Militantzia beharrezkoa ote den galdetzen digun horrena, ere bai.