Mila urte hondartzak okupatzen

Ander Izagirre

Baunei herriko liburu-denda txikian galdetu nuen ea zerbait ote zeukaten Santa Maria Navarrese elizari buruz. Entzunda neukan naufrago nafarrek eraiki zutela, Sardiniako hondartza hartan, 1052. urtean. Saltzaileak ezetz, ez zeukala ezer, baina Pasquale Zucca alkate ohiak liburu bat idatzi zuela, eta emango zidala Zuccaren telefonoa –liburu-saltzaileak, 1; Amazonek, 0–. Zuccari deitu eta kazetari nafar bat nintzela kontatu nion –sukar nafarrista erabilgarria izan daiteke batzuetan donostiar batentzat–. Zucca pozarren sumatu nuen. Kanpoan zebilela esan zidan, baina autoa berehala hartu eta ordu erdi batean iritsiko zela.

Hantxe azaldu zitzaidan gizona, besarkada bat eman eta liburua oparitzera. Biloba bat erakutsiko balit bezala paseatu ninduen elizaren inguruan: milaka urteko olibondoen artean altxatzen den nabe zuri luze bat, barruan Erdi Aroko tenplua daukana. Erroman aita santua bisitatu ondoren itsasoz bueltan zetorren printzesa nafarraren historia kontatu zidan Zuccak: itsasontzia hementxe hondoratu zitzaien, baina printzesa eta segizioa onik lurreratu ziren eta Ama Birjinari eskerrak emateko eliza altxa zuten. Printzesarena kondaira hutsa izan daiteke, ez dago agiri edo frogarik, baina Xabier Alberdik, Euskal Itsas

Museoko zuzendariak, arratsalde hartan bertan telefonoz azaldu zidan eliza hau nafarren presentzia sendo baten aztarna izan daitekeela. Iruñeko errege-erreginak Bartzelonako
konde-kondesekin ahaidetuta zeuden garai hartan, eta, agian, merkataritza-espedizioak abiatu zituzten elkarrekin Mediterraneoan. Elizako ferra arkuak eta aldare barruan aurkitu zuten zilarrezko erlikia-ontzia estilo mozarabiarrekoak dira, mende hartan Iberiar penintsularen iparraldean soilik ematen zena eta Sardinian beste inon agertzen ez dena. Marinel nafarrek merkataritza-postu bat fundatu zuten, agian, Sardiniako kosta honetan, Mediterraneoko hainbat lekutan bezala, portua, biltegiak, etxolak eta eliza barne.

Zucca nafarrista sutsua da. 1992an Euskal Herria bisitatu zuen, eta errenkadan aipatu zizkidan Orreaga, Aralarko San Migel eta Arantzazu. Hasperen egiten zuen Santa Maria Navarreseren historia argituko duen froga batekin fantaseatzean: “Olibondo hauek hitz egingo balute!”.

Nik ez nuen kemenik izan Zuccari kontatzeko nafarrok zer egiten dugun hondartzetara iristen garenean.