Mila Modu taldea

Power-pop eta pop-rock doinuak jorratzen ditu Mila Modu talde oñatiarrak. Haien hirugarren diskoa kaleratuko dute azaroan, Kenopsia izeneko diskoa, eta dagoeneko entzungai dago diskoko lehenengo single-a, Azken trena.

Nortzuk zarete Mila Modu eta nola sortu zenuten taldea?

Mila Modu Hor Konpon eta Malenkonia taldeetan izandako musikariek osatzen dugu.

Xabier Yaniz abeslaria, Oskar Arlantzon bateria-jolea, Andoni Campos baxu-jolea, Rober Ferreiro gitarra-jolea eta Miren Fernandez teklatu-jolea gara. Denboran gordetako kantuak ateratzeko asmoz Xabier Yanizek 2020an abian jarritako proiektu bat da taldea. Urte hauetan, proiektua zabaldu egin da, eta Roberren kantuak ere badaude.

Gauza berriak dituzue eskuen artean. Zer dakarzue?

Bai! Orain arte bi disko grabatu ditugu Elkar argitaletxearekin, eta Durangoko Azokarako hirugarrena prestatzen gabiltza, Kenopsia izeneko LPa.

Zeintzuk dira zuen erreferenteak?

Denetarik daukagu gure artean ere. Gure doinuek 90eko hamarkadako oinarri gitarreroa eta moldaketak dituzte gehienbat. Batzuk aukeratzekotan, Pixies, Soundgarden, Foo Fighters edo Queens of the Stone Age izango lirateke.

Emanaldirik baduzue hurrengo hilabeteetan?

Diskoa kaleratu eta gero hasiko gara kontzertuekin, baina hori ez da urtarrilera arte izango.