Mila aurpegiko janzkia

Udako askatasuna, sormena eta moldakortasuna ondo erakusten duen jantzirik badago, hori da zapia. Lepoko osagarri bat bakarrik ez, zapia funtzio askotariko pieza bat da; edozein look-i estiloa eta nortasuna gehitzen dio.

Estiloa nola, zapia hala

Eskaintzen dituen erabilerak askotarikoak dira. Buruan, esaterako, pirata moduan, diadema bezala, la dolce vita estiloan. Top bandeau ere bihur daiteke, baita top gurutzatu ere. Estetika frantsesari men eginez, lepoan lotuta ere ikusiko dugu, je ne sais quoi hori gogoraraziz. Hondartzarako ere, ezinbestekoa. Denok ezagutzen dugu pareoa; siluetari forma ematen dio eta, gainera, kolore eta mugimendua eransten dizkio outfit-ari.

Materialak eta koloreak ere zerikusi handia dute lortu nahi den emaitzarekin. Ukitu elegantea nahi baduzu, zetazko zapi karratu eta estanpatua. Hondartzara joateko, kotoizko pareo koloretsua gerrian. Zapiak eramatea ohituta ez bazaude, hasi zure arroparekin bat egiten duen kolore liso batekin. 

Urteen poderioz argi geratu da zapia ez dela moda iragankorra soilik, zeure burua den bezalakoa adierazteko modu sortzaile, iraunkor eta estiloduna baizik.