Mikel Urrutikoetxea: “Bizkaian hainbeste urteren ostean txapeldun bat izatea garrantzitsua zen”
Miribillako Bizkaia pilotalekuan bere ibilbideko unerik gozoenak bizi izan ditu Mikel Urrutikoetxea pilotariak. Horiek gogoratu, ibilbideari errepasoa egin eta azken urtean izandako gaixotasun gorabeherak ere errepasatu ditu Zaratamokoak Aiert Arieta-Araunabeñarekin batera.
Mikel Urrutikoetxea, ongi etorri zure etxera! Hemen (Bizkaia pilotalekuan) hamaika ordu pasatakoa zara…
Bai, ordu asko sartzen ditugu frontoi honetan eta, horretaz aparte, esperientzia oso onak dauzkat. Hemen irabazi nituen dauzkadan hiru txapelak eta, egia esan, nire etxea modukoa da.
Aurrenekoz nago ni kantxa honetan, Mikel, eta badakizu hemendik behetik harmailetatik ikusita baino askoz ere inpresio handiagoa ematen duela?
Eta zu orain hutsik ikusten ari zara. Beterik dagoenen edo final baten… Polita izateaz aparte, inpresioa ematen du, eta hori pilotariak eskertu egiten du.
Irujoren kontrako finalari buelta ematen hasi zinenean zer sentitu behar zenuen imajinatzen egon naiz lehen. Harmailen %75 zure alde… Ikaragarria behar zuen, ezta?
Bai. Egun hura, niretzako, berezia izan zen. Irujoren kontra final bat jokatzea beti da berezia. Nire bigarren finala zen. Hasieran, partidua nahiko aldapan gora jarri zitzaidan, 20-10 atzetik, baina nik momentua aprobetxatu gura nuen. Tantoak egiten hasi nintzen eta azkenean, nahitaez, jendea nirekin zegoen. Motibazio puntu hori ematen dizu. Zelako zarata zegoen frontoian, zelako giroa zegoen… hori pilotariak eskertu egiten du.
Baina zuek oso sartuta zaudete partidan. Giro hori nabaritzen duzue?
Bai, gauza asko entzun egiten dira. Jendearen animoak, gauza onak eta txarrak… nahiz eta kontzentratuta egon, dena entzuten da.
Zuk, adibidez, normalean, tantoak ez dituzu oso modu efusiboan ospatzen, baina egun hartako irudiak ikusiz gero, nabari da beste grina bat zugan.
Bai. Ni, berez, ez naiz tantoa hainbeste ospatzekoa. Saiatzen naiz tanto bakoitzean kontzentratuta jarraitzen, nirera jarraitzen. Nahiz eta tanto ona egin, neure burua beste modu batera animatzen saiatzen naiz eta, gainera, beti izan dut erreferentzia modura Aimar Olaizola, frontoian inoiz keinu txarrik egiten ez duen pilotari bat.
Hau zure bigarren etxea dela diozu. Kuttunena izateaz aparte, zure jokatzeko modura ondoen egokitzen dena ere bada? Inoiz egotzi izan zaizulako zure bost finalak Miribillan jarri dizkizutela, eta abar.
Ez dut uste horrela denik. Bere garaian sortu zen bulo hori, nik hemen beste leku batzuetan baino gehiago jokatzen nuela, baina nik uste dut hau bezalako pilotalekuak pilotari guztientzako direla onak. Horretaz aparte, sortzen den giroa eta frontoia beteta ikustea denok nahi izaten dugu. Azkenean, bai pilotaleku hau, bai Iruñekoa, bai Gasteizkoa, bai Donostiakoa… urtean zehar askotan jokatzen dugu bertan eta denak dira onak.
Nik, Mikel, zure benetako etxera joan nahi dut, Zaratamora. Mila eta bostehun biztanle inguru zarete eta momentuko zortzi aurrelari onenetako bi, Danel (Elezkano) eta zu, bertakoak. Hori nola da posible?
Ez dakit. Ni herriko pilota eskolan oso txikitan sartu nintzen, besterik ez zegoelako. Lagunak ere hala hasi ziren. Gainera, frontoia eskola alboan geneukan eta patio orduetan hara joaten ginen. Ordu asko sartu ditugu han. Eskola orduak eta eskolaz kanpokoak. Azkenean, garrantzitsuena ilusioa eta afizioa edukitzea da. Afizioa edukiz gero eta orduak sartuz gero, zorte puntua ere beti garrantzitsua izaten da, baina…. hortik dator dena. Danelek eta biok txikitatik ezagutzen dugu elkar, ordu asko eman ditugu frontoian elkarrekin eta profesionaletara iristeko zortea izan dugu.
Inoiz aipatu duzue pilotarien artean, salbuespenen bat kenduta, pilotari handienak herri txikietakoa direla?
Zerikusiren bat izango du. Herri txikietan frontoia irekita egoten da askotan eta gazteak hara joaten dira. Hori da egiten dena. Zaratamon, eskola orduez aparte, plazan geundenean ere, frontoia bertan geneukan eta txapelketak sortzen genituen lagunen artean. Ordu asko ematen genituen.
Zuri pozoia, pilotarako afizioa, nork sartu dizu? Aita oso pilotazalea da, baina ez pilotan aritua…
Aita bai ibili zen pilotan, baina ez profesional bezala. Ni, hasieran, herrian pilota eskola zegoelako sartu nintzen. Orain kuadrillakoak ditudan lagun guztiak sartu ziren eta ni ere bai, 6 urterekin. Ez nekien gustatuko zitzaidan. Urteak aurrera joan ahala txapelketak jokatzen hasi nintzen: eskolartekoa, Arratia-Nerbioi txapelketa, Bizkaikoa… eta gustua hartzen joan nintzen. Pixkanaka, gora egiteko zortea izan nuen, Euskal Herri mailako txapelketak ere jokatzen nituen eta gero eta gusturago sentitzen nintzen. Egunen baten profesionaletara iristeko eta goi mailako pilotariekin jokatzeko ilusioa neukan, horra iristea oso zaila izango zela banekien arren. Azkenean, lortu nuen eta lehenbiziko entrenamenduak eta lehenbiziko egonaldiak aldagela barruan zein aldagelatik kanpo gauza berezia izan ziren niretzako.
2009an egin zenuen debuta profesionaletan, Arrigorriagan. Ordutik hona zertan aldatu zara?
Denean, nik uste. Bederatzi urte pasa dira dagoeneko, hamarrerantz doa, eta urteak oso azkar pasatzen dira. Badirudi atzo izan zela debuteko eguna. Egun berezia. Inoiz ahaztuko ez dudan eguna.
Lorik egin zenuen aurreko gauean?
Ez dut gogoratzen, baina urduritasun puntua baneukan. Asegarcerekin entrenatzen hiruzpalau urte neramatzan, baina partida bat jokatzea beti da ezberdina. Gainera, telebista bertan zegoen, nik ondo egin nahi nuen, eta bai, urduritasun puntu hori baneukan. Zertan aldatu naizen ordutik? Nik uste dut fisikoki asko aldatu naizela.
Jokatzen ikusi gabe ere, argazki bat ikusita, aldaketa nabariena da fisikoa.
Oso argal debutatu nuen. Oraindik egin gabeko pilotaria nintzela. 20 urterekin hirurogeita hamar kilo inguru neuzkan eta orain laurogeita bostean nago; beraz, hamabost kiloko aldea dago. Hori kantxan ere nabaritzen hasi nintzen. Hasieran, partidak luze joaten zirenean, amaitzea kosta egiten zitzaidan eta urteak aurrera joan diren heinean gero eta gusturago sentitu izan naiz. Eskuekin ere lehenengo urteetan oso txarto pasatu nuen, beti minarekin eta kantxan ezin disfrutatuz, eta denborarekin gauza horiek guztiak hobetzen joan dira. Gaur egun, oso gustura sentitzen naiz.
Hori entrenamenduaren eta lanaren ondorio izango da, noski, baina elikadura eta ohiturak ere asko aldatu behar izan dituzu?
Bai. Azken hiru-lau urteetan asko aldatu dut dena. Orain, nutrizionista batekin nabil, egunero nire prestatzaile fisikoarekin harremanetan dagoena, eta hirukotea sortu dugu. Horretaz aparte, entrenatu ere asko entrenatu behar izan dut. Ordu asko sartu ditut bai teknika lantzen kantxan, eta baita gimnasioan ere.
“Lehenengo urteetan, disfrutatu baino gehiago, asko sufritu nuen”
Fisikoaz gain, entrenamendu teknikoak aipatu dituzu. Ezker airea, esaterako, asko-asko hobetu duzu urteen poderioz.
Bai, eta gehiago esango dizut. Debutatu nuenean, baita afizionatuetan ere, asko kostatzen zitzaidan ezker airez sartzea. Ez neukan konfiantza hori eta profesionaletako lehenengo urteetan oso txarto sartzen nintzen. Gero, entrenamendu tekniko asko eta ordu asko sartuta, eta, batez ere, Pablo Berasaluzeren laguntzarekin, asko hobetu dut. Konfiantza asko hartu dut erremate horretan eta gaur egun, oso gustura sentitzen naiz ezker airez sartzen naizenean. Nik uste dut debuta egin nuenetik gehien hobetu dudana hori dela, Pablori eskerrak, batez ere.
Horretan inor maisua izan bada, hori Berasaluze da.
Argi dago. Eta ni oso eskertuta nago, modu egoista batean begiratuta beretzat errazena niri ez laguntzea zelako. Azkenean, aurkariak ginen, enpresa berekoak, partidu asko jokatu ditugu elkarren kontra.. postua ez kentzeko edo, errazena ez laguntzea zen beretzat. Baina debutatu nuenetik erlazio oso berezia sortu genuen bion artean; gaur egun, oso lagun onak gara eta kantxetatik kanpo ere asko lagundu dit. Frontoi ordu asko sartu ditugu elkarrekin, gauza asko irakatsi dizkit eta hori guztia bera oraindik jokatzen zegoenean.
Jolastuko gara pilotari perfektua osatzera?
Tira…
Ezker gantxoa aipatu dugunez, norenarekin geratuko zinateke?
Bi pilotarirekin geratuko nintzateke: Pablo eta Aimar Olaizola.
Bata artistagoa eta bestea perfekzioa…
Bai, batek berezkoa izan du betidanik, Pabloren kasua, artista; eta nik uste dut Aimarren kasua izan dela asko entrenatuz gantxo perfektua lortu duena.
Kolpea?
Ni aurrelari izanda, Irujoren kolpearekin.
Defentsa? Kantxan ibiltzeko modua?
Aimarrena. Bere onenean egon denean, lurrera bota gabe pilota askotara heltzen zen pilotaria izan da. Hanketan indar handia zeukan eta dauka oraindik, kristoren defentsa, eta, horretaz aparte, kantxan kokatzeko orduan eta aurkariak zer egin behar zuen asmatzeko orduan, pilotari onena niretzat.
Buru onena nork duen, hortaz, ezta galdetu ere…
Garbi dago nor aukeratuko nukeen.
Eta Mikelen bertute onena? Besteek zugandik erosi beharko luketena?
Ez dakit. Saiatzen naiz ahalik eta konpletoena izaten. Uste dut hori dela garrantzitsuena hiru modalitateetan jokatzeko. Bai gantxoa, bai bolea, bai defentsa, bai buru aldetik… ahalik eta konpletoena izatea. Badakit oraindik hobetzeko asko daukagula, baina horretan saiatzen gara astero.
Nik aurrenekoz Mikel Urrutikoetxea txapeldun izango zela entzun nion lehen pertsona, hain justu, Aimar Olaizola izan zen…
Nik debuta egin aurretik ere, bera buruz burukoa prestatzen ari zenean, entrenamendu asko egindakoak gara. Niretzat, eskertzekoa da Aimar bezalako pilotari batek hori esatea. Txikitatik erreferentzia bezala izan dut; gero, berarekin entrenatzen hasi nintzen oso gaztea nintzela, 17 urterekin, eta nik ahaztuko ez dudan zerbait da.
Eta zu noiz konturatu zinen edozeini aurre egiteko gai zinela?
Lehenengo urteetan asko kostatu zitzaidan. Fisikoa egin gabe neukan, eskuetako arazo askorekin nenbilen, ezker gantxoa ez nuen maneiatzen… eta lehen urteetan, disfrutatu baino gehiago, asko sufritu nuen. Esperientzia handiko pilotariak zeuden eta asko kostatzen zitzaidan partida haiek jokatzea. Gero, 2013an edo, debuta egin eta lau urtera, gogoratzen dut buruz buruko oso ona izan nuela. Xalaren aurka irabaziz hasi nintzen eta horrek konfiantza puntu hori eman zidan, zer edo zer gehiago egin nezakeela konturatu nintzen. Finalerdietara iritsi nintzen urte hartan. Aimarrek kanporatu ninduen hemen, Miribillan, baina ordurako gero eta hobeto ikusten nuen nire burua kantxa barruan, errekurtso gehiagorekin, fisikoki ere hobeto, eta, lanarekin, hortik aurrera gauzak hobeto joan dira.
Eta, halako baten, 2015ean, eztanda egin zenuen pilotari bezala. Buruz burukoa irabazi, lau t’erdikoa irabazi… sekulako urtea. Bizkaiak, bat-batean, idolo berri bat zeukan hainbat hamarkadaren ostean. Zuk nola eraman zenuen hori momentu hartan?
Nik normaltasun osoz eraman nuen. Urte berezia izan zen niretzat. Gainera, Bizkaian hainbeste urteren ondoren berriro txapeldun bat izatea garrantzitsua zen, pilotan aritzen diren ume guztientzat, adibidez. Bizkaian erreferente bat izatea lagungarria dela uste dut, eurek ere lortu ahal dutela ikusteko. Nik asko eskertu nituen jasotako animo eta zorion mezu guztiak. Gero, binaka atzelari bezala jokatzea ere tokatu zitzaidan…
Beste esperientzia bat…
Gauza berria izan zen. Gainera Aimarrekin, nire erreferente eta idoloarekin. Txapela irabaztea lortu genuen. Urte borobila izan zen.
2016an bibitakoa irabazi zenuten Aimarrek eta biok, eta ordutik bi irakurketa egin daitezke: Mikelek ez du berriro txapelik lortu; edo, ordutik beti egon zara goi-goi mailan. Bi final galdu, finalerdietara iritsi… Zuk zein irakurketa egiten duzu?
Jendeak pentsatuko du txapela irabaztea oso erraza dela, baina guztiz kontrakoa da, oso gaitza. Momentu oso onean egon zaitezke, gustura entrenatzen, baina gero, dena partida bakarrera jokatzen duzu. Buruz buru dena kanporaketa batera izaten da, eta nahiz eta ondo prestatuta egon, gerta daiteke egunik onena ez edukitzea, eta aurkariek ere asko jokatzen dute. Zuk baino egun hobea badauka, gainetik pasatzen zaizu aurkaria. Horregatik diot zorte kontua ere badela. Nik uste dut garrantzitsuena urte askotan hor goian mantentzea dela. Horrek markatzen du pilotaria. Urtero txapelen borrokan egotea oso garrantzitsua da.
Zuk presio handia jartzen diozu zure buruari? Asko eskatzen diozu beti hor goian egoteko?
Bai, nire buruarekin oso exijentea naiz. Txapelketa bat aurkezten denean, beti nahi izaten dut goian egotea. Uste dut guztiok nahi izaten dugula txapela eta nik horretarako egiten dut lan astero. Txapelketak ondo prestatzen ditugu, aurkarien partidak ikusi, ea mina non egin dakiokeen, eta, horretaz aparte, ordu asko sartu frontoian. Gero, gauzak aterako dira edo ez, baina ilusioa, behintzat, beti jartzen diogu.
2018a urte zaila izan da zuretzat. Nabari zenuen zerbait txarto zebilela zugan, baina ez zenekien zer. Gogorra izan da, ezta?
Bai, oso txarto pasatu nuen. Entrenatzen gustura ari nintzen, elikadura aldetik-eta dena berdin egiten nuen, eta momentu bat heldu zen, buruz burukoa prestatzen, nire burua nekatuta sumatzen nuela. Ez nekien zergatik eta buruari buelta asko eman nizkion garai hartan. Gaizki entrenatzen ari ote nintzen, pisu aldetik zerbait aldatu ote zen… eta ikusten nuen dena berdin zegoela. Buruz burukoa jokatu nuen, ez nituen sentsazio onak izan, eta, pena horrekin, binakako partida batzuk jokatzen hasi nintzen. Sentsazioek txarrak izaten jarraitzen zuten. Uste nuen, agian, momentu txar bat izango zela eta oporretan ondo deskantsatuta errekuperatuko nintzela.
Eta? Hobeto?
Bueltatu nintzen, lau t’erdiko partida bat jokatu nuen Oinatzen kontra eta sentsazioek berdinak izaten jarraitzen zuten. Hori ikusita, medikuari esan nion proba ezberdinak egiteko eta analitika baten bidez jakin nuen mononukleosi birusa nuela. Bi hilabete neramatzan birusarekin.
Arnasa hartuko zenuen…
Alde batetik, bai, oso kezkatuta nengoelako. Norbera kezkatuta dagoenean okerrena pentsatzen hasten da, eta birusa zela esan zidatenean lasaiago geratu nintzen. Gero, badakizu, Interneten inbestigatzen hasten zara, ea zein kirolarik izan duen… eta askok izan dute. Medikuak atseden hartu behar nuela esan zidan, ezin nuela ez fisikorik ez frontoiko entrenamendurik egin, ezin nuela izerdirik bota, eta uda osoa ezer egin gabe egon behar izan nuen. Pilotarientzako uda garai politenetakoa da eta nik hamabost egunean behin analitikak egiten nituen ea bueltatu nintekeen jakiteko, baina gauzak ez zuen hobera egiten eta txarto pasatu nuen. Gutxi gorabehera, lau t’erdikoaren aurretik esan zidaten sendatuta nengoela, eta entrenamendu askorik egiteko astirik izan ez nuen arren, ilusioarekin itzuli nintzen kantxara berriro gozatzera.
Dagoeneko zure mailara itzuli zarela uste duzu?
Bai. Agian, ez nago aurreko urtean bezain ondo, horrek denbora behar duelako, baina gero eta hobeto. Gustura sentitzen naiz. Lau hilabetez gimnasiora sartu gabe egon izana asko nabaritu dut indar aldetik, baina hanketan lehengo txisparekin nago eta alde horretatik lasaiago eta pozik.
Denbora librean? Mendira, perretxikotara, ehizara… Hori da pilotariez daukagun irudia. Zuk zer egiten duzu?
Mendia, egia esan, ez zait gehiegi gustatzen. Perretxikoetan ez daukat afiziorik, beste batzuk ehizara joaten dira… baina nik ez daukat zaletasun hori. Lagunekin Bilbora arratsalde-pasa etortzea gustatzen zait, kostaldera joatea hurbil daukadalako… pilotaren errutinatik ateratzeko gauza ezberdinak egitea. Hogeita lau orduz gauza berean pentsatzen nekatu egiten da norbera, eta ni nire buruarekin hain exijentea izanda deskonektatzeko momentuak izatea ezinbestekoa da.
Amaitzeko. Zer eskatzen diozu 2019 honi?
Batez ere, osasuna. Pasa dudana pasata… Norbera gaixo dagoenean konturatzen da zeinen garrantzitsua den ondo egotea, kantxan disfrutatzen eta inolako molestiarik gabe. Hori eskatzen diot, lesioek errespetatzea eta kantxan gozatzea. Argi dago gauzak ez direla beti ondo joango, baina, behintzat, kantxan disfrutatzea lortzen badugu, emaitzak ere lortuko ditugu.