Mikel Urdangarin: “Kantuak sortzen dira zureak izan ez daitezen”

Proiektu berri bi esku artean, Eskoziara joateko bezperan batu da Mikel Urdangarin musikaria Jon Gomez kazetariarekin Euskalduna jauregian. Baina azken proiektuez bakarrik ez, bizitzaz ere jardun dute luze eta zabal.

Mikel, izan zara inoiz jauregi eder honetan?

Askotan.

Jotzen ere bai?

Bai. Hiru aldiz izan dut pribilegio hori hiru egitasmo desberdinetan. Eta entzule bezala askotan egon naiz, urte askoan ABAOko [Operaren Lagunen Bilboko Elkartea] bazkide izan naiz. Aitaren eta amaren zaletasuna zen; hasieran euren eskutik eta gero nire kabuz egon nintzen hamabost urtez.

Jarraitu izan duzu aitarengandik eta amarengandik jasotakoa.

Bai; gero, utzi egin nuen. Gasteiztik etortzea… gainera, opera guztiak ez zitzaizkidan gustatzen… Baina Gasteiztik hona etortzea martitzen gau baten kosta egiten zitzaidan. Akaso, hasierako ilusioa galdu egin nuen eta uzi egin nion. Eta ordaindu ere egin behar zen kuota urtero…

Ikasiko zenuen zerbait…

Pentsatzen dut baietz, zeren eman ematen dizu; gero, norberak zer jasotzen duen beste kontu bat da, baina opera ikuskizun totala da eta musikalki oso inspiratzaile izan daitekeena.

Eta teknikoki ere asko daukagu ikasteko operatik kantatzeko moduan; kirol ariketa itzela da.

Pentsa mikrofono barik dabiltzala proiektatzen. Saiatzen zara inspiratzen, lehen esan dizudan moduan. Oxala bageneuka teknika hori eta jakituria hori! Baina, bueno, daukaguna daukagu eta ea hazten garen.

Euskaldunan gaude, agertoki handia da hau, baina nik agertoki txikien alde ikusten zaitut edo horien zaleago bazara, ezta?

Baina inori ez dio kalterik egiten halako agertoki eder baten jotzeak; oparia izaten da, normalean. Ni jotzearen aldekoa naiz, batez ere horrek esan gura duelako lehenik eta behin hor zaudela, bizirik, eta nori kantatu daukazula, teorian behintzat. Gertatzen dena da gehiagotan ikusi nauzula leku itxietan, neguko denboraldian dauden lekuetan kantari, baina gustatzen zaizkit plaza handiak eta udako plaza politak. Jendetzaren aurrean abestea beti da plazera, hori ere ez da ohiko gauza izaten eta gertatzen denean ospatu egin behar da.

Esango nuke izan behar dela ego puntutxo bat ere jendetzaren aurrean kantatzeko. Horrek ere badu bere xarma eta gustatzen zaigu jendetza.

Egoak, berez, ezer onik ez dakar, nahiz eta hortxe dagoen; kontua da nola kudeatzen dugun. Baina mikrofono baten aurrean jartzen garenok banitate puntu bat daukagu bai ala bai. Zeren halako esposizio bat behar duenak, komunikatu nahi izateaz gain… beste zerbait dago. Esposizio horretarako prest dagoenak banitatea du eta hor agertzen da. Beste kontu bat da banitate horrek leku larregi ez hartzea, modu sano baten kudeatu ahal izatea eta ez desbirtuatzea pertsona. Banitate barik, berekoikeria barik, elementu teorian konnotazio txar gabeko pila bat barik, elementu neutroak izango ginateke, eta ez gara. Zorionez, inperfektuak gara eta banitatea inperfekzio horren parte da, geure parte totala.

Bi edo hiru urtetik behin lan berriren bat kaleratzen duzu. Zer duzu orain esku artean?

Pare bat egitasmo ditut. Batetik, 2016an, Teatro Camposen jo genuen Leonard Coheni eskainitako kontzertua bere ingelesezko bertsioekin eta nire euskarazko abestiekin, eta bi urte igaro eta gero, biniloan aterako da udazkenean. Nahiko gauza bitxia da. Aterako da ikusten dugulako grabatu genuen hura oso polit dagoela; hala uste dugu, behintzat, merezi duela. Bestetik, datorren astean Eskoziara noa. Hango folk talde batek deitu nau euren hurrengo diskoan kantatzeko. Eta noa zer proposatzen didaten entzutera, plana zein den jakitera. Eta hori izango da 2019 bukaera eta 2020ko hasiera, eta horiek biak batuko dira ondo bidean.

Eta nolatan Eskoziako talde bat zurekin harremanetan jartzea? Nola ezagutu duzue elkar?

Talde horretako biolin jotzailea da nire duela 20 urteko Ispiluan eta Badira hiru aste-n grabatu zuena. Duela 24 bat urte ezagutu nuen, nire lehen diskoetan grabatu zuen; geroztik, bakoitzak bere bidea egin du. Bera oso trebatua eta ibilia da Eskoziako folk munduan. Bestetik, nazioartean folk munduan asko ibilitakoak. Idatzi egin zidan. Normalean, instrumentariak dira, hiru ahotsetara abesten dute, baina gehiago da kolorea, euren kontzeptuen barruan ahotsa ez da zentrala. Disko honetan gura dute ahotsak beste pisu bat hartzea, eta deitu egin didate, eta oso pozik eta ilusionatuta.

Badakizu ez zarela libratuko han taberna zuloren baten gitarra hartu eta jotzeaz.

Gitarra ez dut eramango, baina lortuko didate. Noan tokira noala, beti dago gitarraren bat. Musikari hauek profesionalak dira eta, horrez gain, oso tabernazale eta oso tabernan jotze zaleak.

Horiek, hortaz, bi proiektuak.

Bai. Cohenena segurua da, udazkenean dator eta oso ilusionatuta; eta bestea, hasieratan dago eta ea zer den.

Bi edo hiru urterik behin lan berri bat kaleratzen duzu. Badirudi publikoa ohitu egiten dela horretara. Ez da presio larregi zuretako?

Kasu gehienetan, halako maiztasunarekin ateratzen dira diskoak, bai hemen eta bai hemendik kanpo, ez da Euskal Herriko ezaugarri propio bat. Bi urte ibiltzen zara, ondo bidean, disko bat aurkezten. Hor ematen da nahiko denbora jakiteko disko baten ibilbidea zein izango den. Behintzat, pare bat urteko marjina hori eman behar diozu; nire kasuan, behintzat, horrela izan da. Bi urte ibiltzen zara, aurkezpen bira hori ez da eternizatzen. Bestetik, denbora libre guztia izan dut, laga nuenetik irakaskuntza musikari emateko. Eta denbora duzunean, kantuak pilatzen dira, nahiz eta batzuek ez balio. Denbora asko daukazu, ez bakarrik diskoak egiteko, baina konturatu orduko egitasmoak harilkatu egiten dira, baina denbora daukazu horretarako. Nik, hortaz, ez dut presio bat bezala ikusten. Presioa ez da disko bat egin beharra; presioak beste era batekoak dira musikan. Presioa da kontzerturik ez egotea, diskoak biderik ez egitea, kantuak ez heltzea… horrek dakarren guztiarekin; hau da, balizko lan falta. Presioak bestelakoak dira; bi urtetik behin disko bat egitea ez da inolako presioa, nire ustez.

Hortaz, esan daiteke disko bat aurkezten ari zaren bitartean sortzen direla modu naturalean kantu berriak.

Modu naturalean… jarri egiten zara.

Bestela, ez dizu denborarik emango?

Egun bat duzu bestearen atzetik osorik horretarako eta hori denbora asko da; eta ez gabiltza egun osoa gitarra eskuan. Musika presente dago egunero nire bizitzan; modu konstantean, baina indiziplinatuan ere bai. Oso presente, baina oso libre, era berean. Nolabaiteko desordena batean, baina hor dago beti presente. Eta sorkuntzan ere antzera gertatzen da. Nik, adibidez, denbora asko ematen dut musikarekin, doinuarekin, azken unean jartzen naiz letrarekin. Doinu batekin egon naiteke aspertu barik urtebete imajinatzen estetikoki, kolore aldetik imajinatzen, proiektatzen eta esaten dut: urtebete daramat honekin eta ez banaiz aspertu, akaso, merezi du aukeratxo bat ematea kantu honi. Halakoak pentsatzen ditut, baina ez dut metodo bat.

Lehenengo, pentsatzen duzu doinuan; eta gero, hitzak jartzen dizkiozu. Batzuek alderantziz egiten dute.

Nik hori egiten dut kanpotik heltzen zaidanean poemaren bat. Sarri gertatu zait kanta bat eskuetara etorri eta ondoren musika egitea; bide erdia eginda dago, hori ez da broma. Baina nik kantua osorik egiten dudanean, ordena beti da berdina: lehenik, musika; eta gero, letra. Musikak eta duen tonuak eta antzematen diren koloreek esaten dizute zeri buruz idatz daitekeen.

Musikak zentratzen zaitu gaian. Hori esan nahi duzu?

Doinua, azken batean, zu zara. Zu doinu hori egiten. Barruan jaiotzen da dena eta barruan jaiotzen dena, akaso, kanpotik etorri denaz elikatu da, baina…

Elikatzeaz ari zarela, zure publikoa elikatzen duzu urtero Bilboko Kafe Antzokian. Iaz abenduan ere kontzertu zoragarria eskaini zenuen eta sarrerak agortuta beti, Mikel.

Eskerrik asko. Azken ia 15 urteetan ia urtero jo dugu antzokian. Urteari agur esateko eta datorrenari aupadatxo bat emateko aitzakia ederra izaten da. Eta lehen esan dizudan moduan, nik ez dut normalizatzen antzokia betetzea ez Bilbon ez inon. Gertatzen denean, ospakizuna izaten da. Gainera, ezin duzu ziurtzat eman leku bat beteko denik; bestela, eroriko zinateke halako… hartuko zenuke bide desegokia, zeren ezin ditzakezu ziurtzat eman ziurrak ez diren gauzak.

Aurreikuspenak oso arriskutsuak izaten dira. Zeure buruan egiten duzun muntaia ez bada gero betetzen…

Bai, edo 50 lagun falta badira betetzeko, poztu beharrean, poztu egin behar zarelako azkenean ehunka lagun sartu direlako, ba, disgustua hartzen duzu, eta hori ere ez da justua.

“Gustatzen zait irudi Erromatiko klasikoa”

Gertatu zaizu hori?

Halakoak gertatzen dira, niri eta edozeini. Horregatik ospatu egin behar duzu halako gauza ederrak gertatzen direnean, zeren beti da ederra antzoki bat jendez lepo izatea begien aurrean. Baina aurreikuspenak, zuk esan duzun moduan… kontuz aurreikuspenekin. Aurreikuspen batek ezin zaitu elikatu, hori da hain ezaguna den tokian eta denboran, orain horretan ez egotea bezala. Hori dena gertatzeko dago, ez dakizu zer izango den. Baina hor dago konflikto bat, zeren aldi berean zuk daukazu ilusioa, eta daukazu sinismena egiten ari zaren horretan, zeren jartzen ari zara sekulako sinismena, lana,  ilusioa. Eta ilusio horren parte ere bada proiektatzen duzuna, kantuak egiten dituzu eta ez duzu bakarrik kantua ikusten; ikusten duzu kantua bidea egiten. Gertatzen dena da proiektatzen duzunak ezin duela pisu gehiago hartu esku artean duzunak baino; hori gertatzeko dago. Hortaz, kontuz aurreikuspenekin, zeren sekulako ostiak har daitezke. Eta gainera, hor konturatzen zara zelako natura hauskorra daukagun kantariok eta arte diziplina desberdinetara dedikatzen garenok.

Azken finean, ez badago proiekziorik, kantu horri ez badiozu ibilbide luze bat ikusten, ez dago ilusiorik, eta hori ere beharrezkoa da.

Eta ez dago guztiz babesteko modurik. Gurea ez da ofizio seguru bat. Beste edozer da, baina segurua ez, eta segurtasun ez horren barruan sartzen da arrisku bat hartzeak dakarrena, eta, zelan ez, ilusionatu behar zara, baina prest egon behar zara ilusio hori gerta ez dadin.

Hor dago heldutasuna, agian?

Bai, baina zaila da kurtitzea, oso zaila da. Ahalegindu arren, oso gaitza da, batez ere oraindik ilusionatuta segitzen dugunok. Arrisku hori asumitu behar duzu eta, ametsa gertatzen ez denean, ahal bada, saiatu gehiegi ez sufritzen.

Buruan musikari bakarlari bat irudikatzen dudanean etortzen zait burura bere inspirazio momentu hori. Ikusten zaituztedan bakoitzean gitarrarekin kantuan pentsatzen dut, oso ondo, baina horren atzean, zenbat momentu intimo egon behar diren kantuak sortzeko… Imajinatzen zaituztet etxean bakarrik, lasai, iluntasunean argitxo batekin, ardo kopatxo bat, gitarra eta koadernoa ondoan. Errealitatetik oso urrun nabil?

Ardorik ez dut izaten, alkoholik ez dut izaten etxean. Bueno, egon badago, baina ez dut erabiltzen. Esaten duzunaren haritik tiraka, jendeak ikusten gaitu kantari fokuen pean, watt pila batekin, nolabait festa giroan, festa global baten, bakardadea ez den festa baten, baina gure ordurik gehienak, justu, kontrako panorama baten ematen dira. Alegia, zuk marraztu duzun irudi horretan. Bakardadean ematen ditugu ordu gehienak, konposizio ordu horiek bakardadean izaten dira, eta ez konposatu, baizik eta pentsatu edo ezer egiten ez duzun ordu horiek ere bakarrik ematen dituzu eta elikatze baten parte dira ordu horiek guztiak. Baina, normalean, ez dira ematen lagun artean, nahiz eta gero badiren momentuak, adibidez, taldearekin entseatzea, eta partekatzea beharrezkoa dakarren egoerak ematen diren, baina ez dira oparoenak.

Dena den, pentsatzen dut askorik ere ezingo zaretela isolatu. Lagunarteak, taldeko musikariak… horiek ere izango dira informazio edo inspirazio iturri. Isolatzea ez dakit, ba, oso ona izango den…

Ez nabil isolatzeaz. Diotsut bereziki konposatzean bakarrik zaudela, normalean. Horretara noa, batez ere. Zeren gero ni ez naiz pertsona bakartia batere, oso lagunzalea naiz. Gehien maite dudana bizitzan da barra egoki baten taburete eroso bat eta lagunekin zerbeza batzuk hartu eta bizitzaz berba egin. Oso soziala naiz zentzu horretan eta horrek asko elikatzen gaitu, batez ere bizipoza ematen dizulako, eta bizipoza elikadura da. Ari nintzazun konposizio momentuaz, batez ere.

Mikel Urdangarin Googlen sartuz gero, askok estilo intimistatzat jotzen zaitu, erromantikotzat ere bai. Zuk zela etiketatuko zenuke, etiketen mundu madarikatu honetan, zeure burua?

Ezingo nuke eta erratuko nintzateke, seguru asko. Ez naiz etiketazalea, nik ere ez dut etiketatzen, ez dut joera hori. Oso modu zabaletik begiratzen diot musikari, oso begirada zabala daukat eta entzun ere horrela entzuten dut. Sekula ez naiz tribala izan, ez bizitzan, ez musikan. Bizitzari eta musikari heldu diet beti bihotza oso zabalik. Erromantizismoan sinisten dut, baina ez balkoipean neskari, maiteari kantatzen ari den horretan. Horretan ere bai, irudi polita da eta ausarta, kontuz! Egin egin behar da hori! Baina erromantizismoak bere atzean dakar, batez ere, bizitzaren aurrean jarrera bat, eta jarrera hori da, normalean: ametsengatik borrokatu eta sekula ez etsi borroka horretan. Erromantiko izaera hori da. Erromantikoa da oztopo guztien kontra bere ametsen atzetik ekiten dion hori. Lurrera erori, batzuetan besteek zapaldu, besteetan zuk zeuk zure burua zapaldu, zeren horren abilak gara gu, baina erromantikoa hori da eta izaera hori gustatzen zait, ze oso beharrezkoa da, gure ofizioan behar duzu izaera epiko hori batzuetan, nahiz eta tartean odol arrasto batzuk utzi. Uste dut hori badudala, eta, gainera, irudi hori gustatzen zait, irudi erromantiko klasiko hori, ze irudi hori ez da oraingoa.

Euskaldunak oso erromantikoak izan gara kantugintzan ere bai.

Bai, baina begiratu ze erromantizismoz ari natzaizun. Horretan sinisten dut.

Erromantiko bat gudari bat da, Mikel.

Zalantza barik.

Izenburua hortxe.

Bai, gudari bat da.

Eta zerk inspiratzen du gehien Mikel Urdangarin? Badago gairen bat konkretuki, pertsonaren bat konkretuki, lekutxoren bat…?

Zeu zara inspirazio iturri.

Neu?

Zeu. [Barre] Seguru baietz zu ere bazarela. Esan nahi dut norbera dela inspirazio iturri, norbera munduari beso-zabalik begira. Zeren zu ez bazaude antenak ondo irekita eta barrutik kanpora munduari oso irekita, ez dago balio duen inspiraziorik. Inspirazioa da norbera lanean absorbitzeko prest, hartzeko prest. Baina zeu zara iturria, motorra. Kanpoan egon daitezke iturburu ezberdinak, seinaleak, arrazoiak, aitzakiak… baina zu ez bazaude horiek jasotzeko prest, ez dago ez inspirazio, ez ezer. Hori ezinbestekoa da.

Inspirazioa aipatu dugula, botako dizkizut berba batzuk eta ea bakoitzak zer inspiratzen dizun. Lehena, 1997.

Haitzetan. Lehen lana. Nerabezaro berantiar inkontzientea eta, era berean, sinismen handikoa.

Zure kontzertu askotan egon izan naiz eta zure jende askok orduko kantuak eskatzen dizkizu. Agian, esperientzia gutxien orduan izan zenuen, ibilbidean halaxe izaten da-eta, baina, hala ere, asko markatu duten kantuak Haitzetan diskokoak izan dira. Horrek zoragarria izan behar du.

Zoragarria da oraindik ere kantatzen segitzea abesti horiek; batez ere, nik ilusiorik galdu ez izana. Zeren askotan sortu duzun horretatik urrundu egiten zara denboraren eraginez, pentsamenduan ez direlako ordukoak, zu ere ez zara ordukoa, ez zara Haitzetan kantua idatzi zuen pertsona bera. Baina, batzuetan, ez dakizu ze arrazoi bide, kantu batzuek bizirik segitzen dute zugan eta, gainera, jendearengan ere bai, eta halako komunio bat gertatzen da zoragarria dena. Eta disko horretan ematen diren zenbait kanturekin hori gertatzen da eta ederra da.

Badira hiru aste.

Da disko bat eta kantu bat, aldi berean, Haitzetan bera bezala.

Kantuaz nabil.

Da kantu bat oso kuttuna, gurasoei idatzitako karta bat izan zelako jatorriz; gero, lifting potente bat egin nion kantu bilakatu orduko. Baina nik oso gutun gutxi idatzi dut nire bizitzan, oso gutxi; esan nahi dut… pare bat. Eta bat da hau, Eskoziatik etxera idatzi nuena, nerabezaro txotxolo batetik. Lerro batzuk amari, lerro batzuk aitari. Orduko kexak, haserreak… baita ere maitasuna gordetzen zuten lerroak. Baina gero, kanta bilakatu zena.

Doinua zurea da?

Bai.

Gaur egun askotan bertsotan erabiltzen da Badira hiru aste-ren doinua. Zelan ikusten duzu hori? Ondo, pentsatzen dut?

Nola ez dut, ba, ondo ikusiko? Guk transmititu nahi dugu, transmisioa da lehen eta azken helburua. Esan nahi dut sortzen dituzula kantuak zure eremutik kanpo bidaia dezaten, zureak izan ez daitezen, azken batean. Niretako, hori baino helburu handiagorik ez dago, ospakizun handiagorik ez dago.

Bertsolaritza. Zer dakarkizu gogora?

Oroitzapen pilo bat, bertso txar asko ere bai, nik kantatutakoak. Tarteka, bateren bat ona ere bai…

Urtarril aldera abestu zenion Onintza Enbeitari ETBn. Hori ederra da.

Bai, lau oinak emanda. Txapelketan. Bertsolaritzak momentu on asko eman dizkit. Eta epoka batez, ez beti, ze hori oso gaitza da, egon zen momentu bat bertsolari sentitu nintzela. Benetan, kapaza nintzen bertsotan egiteko, kapaza nintzen hasi eta amaitu bertsotan egiteko eta, gainera, gozatzeko. Hori bizi izan dut eta horregatik ere sentitzen naiz pribilegiatua.

Bertsolari ibilbidetik asko ikasiko zenuen eta gaur egun ere letrak konposatzeko balioko dizula pentsatzen dut.

Baietz uste dut, eta, gainera, hitza eta musika hain josita biltzen duen diziplinarik ez dago munduan. Bertsolaritza horretan da oso berezia eta bakana, eta seguru lagundu nauela.

Autoekoizpena.

Erabili izan dut. Etorri zen eta ez da joango, nahiz eta tarteka guk uztartu ditugun diskoetxe handiekin egindako egitasmoak eta gure kabuz egindakoak. Etorri zen betiko gelditzeko eta, akaso, etorkizunera begira leku gehiago hartuko du.

Ihes egin izan duzu diskoetxe handietatik autoekoizpena bilatzeko orduan?

Ez, beste barik erabaki desberdinak hartu, baina ez diot aterik ixten. Azken diskoa, Margolaria, diskoetxe batekin atera dut. Hurrengoa ez da diskoetxe batekin izango, eta hurrengoa, auskalo. Etorkizunaz berba egitea alferreko kontua da, baina esan dizudana, biak uztartu ditut eta etorkizuna ere hala izango da.

Amaitzeko, behin entzun nuen zure kontzertu baten, hilezkor izatean tarteka sinisten duzula. Hala da hori?

Bai, tarteka bai. Halako flash-ak izaten dira. Tarteka etortzen da guztiz kontrakoa ere: egunen batean hemendik joango gara, ez gara egongo zu eta biok hemen bizitzaz berba egiten. Baina tarteka bai sinisten dut, edukitzen ditut halako flash-ak, sentipenak, segundoak, esaten dudana: hau, nire hau ez da sekula amaituko, zelako zortea nirea. Bizi ditut halako momentutxoak eta ez daitezela desagertu, zeren oso gozoak dira.

Bizitzaren magia, ezta?

Niretako, bizitza da, eta ezagutu dut bizitzaren garratza, bizitzak erakutsi dit beste alde hori, argitasunak gordetzen duen beste aldea ezagutu dut, eta, hala eta guztiz ere, bizitza oparia iruditzen zait. Minak eta guzti, opari bat da.