Mikel Martinez: “Nire hitz egiteko modua aurkitu dut erretratuekin”

Aktore lanetan hasi zen gaur egun argazkilari profesionala den Mikel Martinez (Donostia, 1989). Antzerkian eta telebistan lan egin ostean, aktoreentzat book-ak egiten espezializatu da Martinez, gaur egun Pasaian duen Dock estudioan.
Kaixo, Mikel. Ondo etorri TTAPera.
Mila esker!
Konta iezaguzu. Nola iritsi zinen aktore izatetik argazkilaritzaren mundura?
Duela urte batzuk, dagoeneko. Nire lehenengo pausoak umetan eman nituen, jostailuzko kamera batekin. Nire aitak argazki asko ateratzen zituen eta kamera batzuk bazituen etxean, beraz, zaletasuna betidanik izan dugu familian. Baina aktore bezala aritu nintzen, eta aktoreei erretratuak egiteko gustu hori sartu zitzaidan; grabaketetara eramaten nuen argazki-kamera, eta lankideekin jolasean aritzen nintzen. Baina argazkilaritza ikasten hasi nintzenean eman nuen pausoa; zaletasun horretan sakondu nahi nuen, eta hasi nintzen erretratugintzan gero eta gusturago aritzen. Nire hitz egiteko modua aurkitu dut erretratuekin; eta, batez ere, erretratu artistikoekin. Badakit zer den aktore izatea, eta, orduan, book-ak egin behar izaten nituen promoziorako. Hori lantzen aurkitu dut nire lan giro segurua. Beraz, nire lehenengo erretratu profesionalak nire lankideei egin nizkien; konfiantza jarri zuten nigan.
Eta, gaur egun, zure estudio propioa duzu Pasaian. Zer da Dock estudioa zuretzat?
Nire bigarren etxea da, kar-kar. Ordu asko igarotzen ditut hemen, eta azken urteetako oroitzapen gustukoenak ere hemen izan ditut. Argazkilaritza nire ogibidea bilakatzea lortu dut, eta hori ez da batere erraza. Jakin izan gabe, urteetan zehar forma ematen ibili naizen proiektua izan da Dock estudioa, izan ere, hau nire hirugarren estudioa da. Hasierako estudioa logela txiki bat zen, kar-kar. Pixkanaka, beharren arabera, nire ametsetako estudioa sortzen joan naiz: espazioa, argiteria… Gaur egun, behar dudana ematen dit estudioak.
Aktoreentzat sare sozialak erreminta garrantzitsuak direla ikusi duzu? Zure argazkiak sare sozial askotan publikatuta ikusten ditugu…
Bai, baina, gaur egun, bi ahoko ezpata dira: lan egiteko beharrezkoak dira, baina kontuz erabili behar dira. Nik, hasieran, jendeari gauzak ezagutzera emateko erabiltzen nituen, baina konturatu nintzen gauza gehiegi aurkezten ditugula. Beraz, erabaki nuen laneko erreminta bat gehiago bezala erabiltzea. Gaur egun, oso ikusgai gaude, eta hori babestu egin behar dugu. Aktoreekin lan eginda, denetarik ikusi dut. Aktore gazteek oso ondo erabiltzen dituzten erremintak dira, oso ohituta daudelako, eta nik ere asko ikasten dut haiengandik. Baina badago hizkuntza hori hitz egiten ez dakien beste belaunaldi bat; beraz, haiekin, denbora ematen dut sare sozialak eta atera ditugun argazkiak nola erabili edo publikatu azaltzeko. Azkenean, aktoreentzat beharrezkoak dira argazkiak, aurkezpen-karta bat dira. Horregatik, zentzua eman behar diogu egiten dugun lanari, eta ez argitaratzeagatik argitaratu.
“Kamerarik onena izan arren, konexiorik ez badago, ez dugu ezer lortuko”
Gaur egun, edonork atera dezake argazki “txukun” bat eskuko telefonoarekin. Horren gainetik, zer eransten duzue argazkilari profesionalek?
Batzuetan, badago zerbait kamerak ez diguna ematen. Merkatuko azken kamera edo eskuko telefonorik onena izan dezakegu, baina konexio bat behar dugu: adibidez, aktoreekin erretratuak ateratzen nagoenean, artistaren eta nire arteko konexioa ezinbestekoa da, batez ere, book bat lantzen dugunean. Argazki mota asko daude, baina, lehen esan bezala, book-a aktorearen aurkezpen-karta da. Aktorearen egia bilatzen dugu; egia, momentu zehatz batean. Aktoreak, urteen ondorioz, aldatzen goaz, bai fisikoki eta bai emozionalki. Hori argazki baten islatzea oso zaila da; eta, kamera onena izan arren, konexiorik ez badago, ez dugu ezer lortuko. Azken urteetan, asko sakondu dudan lanaren puntu bat hori izan da, konexioa: edozein argazki mota egitean, jendearekin konexioa lantzea, kamerarekin dagoen begirada egiazkoa izan dadin.
Zeintzuk dira zure erreferenteak argazkilaritzan?
Nire lehenengo erreferente potenteetako bat Helmut Newton izan zen, baita Annie Leibovitz ere, eta David LaChappelen munduak ere zeharo txundituta nauka. Baina egia da, niretzako, unibertso paralelo bat bezala dela. Egia da, baita ere, Espainiako Estatuan argazkilari on asko daudela, Valero Rioja eta Gorka Postigo, esaterako. Haien lana ezagutzeak asko laguntzen dit nire estiloa jorratzeko. Eta, gaur egun, sare sozialekin, egunero nago argazkiak ikusten. Pena ematen dit, batzuetan, lan oso politak ikusten ditudalako, baina ez naizelako ohartzen zeinenak diren; horrenbeste scroll eginda, galdu egiten dira gauzak. Eta zaila izaten da, baita ere, argazkilaria aurkitzea eta bere lanean edo estiloan sakondu ahal izatea. Baina beti nabil begia entrenatzen.
Sare sozialek zein garrantzia dute, gaur egun, argazkilarientzako? Aitortzekin arazo larriak egoten dira, ezta?
Aitortzaren arazoa eguneroko arazoa da argazkilariontzat. Nik, zorionez, ez dut, inoiz, horrelako arazo potolorik izan. Beti izan dut harreman ona, hedabideekin batez ere. Azkenean, aktoreekin lan eginda, beti komentatzen didate argazkiak erabili nahi dituztela aldizkarietan edo hedabideetan. Azkenean, haien argazkiak dira, haien erremintak, eta nire lana aitortzen badute ez da arazorik egoten. Baina oso ohikoa da argazkiak lapurtzearen kontua. Eta horrek arazo larriak ekarri ditzake, argazkia argazkilariarena delako, berez: bezeroak argazkiaren gaineko erabilera erosten du, baina originala argazkilariarena da.
“Argazkilaritza nire ogibidea bilakatzea lortu dut; eta hori ez da batere erraza”
Bidaia bat egiten duzunean, argazki-kamerari itsatsita dauden horietakoa zara? Ala lana eta aisialdia banatzen dituztenetakoa?
Egia da, zure pasioa ogibide bihurtzen denean, pasio izateari uzten diola eta beste modu batera disfrutatzen duzula. Hasieran, edonora joaten nintzela ere, kamera eramaten nuen, bai ala bai; gaur egun, dagoeneko, ez. Ordu asko ematen ditut kamerarekin, eta, batez ere, ordenagailuaren aurrean lan egiten, argazkiekin. Oporretara eskuko telefonoarekin joaten naiz; eskuko telefonoarekin argazki txukunak ateratzeko ikastaroak eman ditut, eta horrela aritzen naiz.
Ikastaroak jasotzeaz gain, argazkilaritza eskolak ere ematen dituzu Donostian. Zer bilatzen dute ikasleek? Zer eskatzen dizute?
Askotariko ikasleak aurkitu ditut, urteetan zehar, baina, batez ere, reflex kamera erabiltzen ikasi nahi dute ikasleek. Gaur egun, bideo tutorial oso onak daude Interneten, eta pentsatu izan dut ea beharrezkoa den eskolak ematea… Hau da, noiz arte iraungo du eskolak hartzeko joera tradizionalak? Baina, berriz ere, giza faktorea dago tartean, pertsonen arteko konexio hori. Ikasleek, batez ere, irakasle on bat topatu nahi dute, eta, erreminta erabiltzeko ematen dituen azalpenez gainera, azalpenak nola ematen dituen hartzen dute kontuan. Praktikak egiten dituzte, kamera erabiltzen ikasten dute… baina konexio hori behar dute. Ikastaroetan sortzen den sinergia ez da hainbeste argazki ona ateratzea bilatzen delako, baizik eta zure gustu berdinak dituen beste pertsona bat ezagutu duzulako, adibidez. Kamera erabiltzen dugun bitartean, gai zehatz bati buruz hitz egiten dugu, ikuspuntu ezberdinak partekatzen ditugu… eta hor sortzen diren elkarrizketak dira aberasgarrienak.
Estudioan eta hortik kanpo gertatu zaizun anekdotarik?
Urte asko daramatzat, beraz, anekdota asko eta asko ditut, kar-kar. Baina aktoreekin lan egiteko garaian, bada oso dibertigarria den anekdota bat, eta asko errepikatzen dena, gainera. Aktoreak argazki-kamera aurrean jartzen garenean, badago blokeatzen gaituen zerbait. Askoz errazagoa egiten zaigu testu bat ikastea, agertokira igotzea edo platoan jartzea, eta, mugimenduan, norbera dena ezkutatu eta pertsonaia ateratzea. Baina argazkiak ateratzerakoan, gure burua aurkeztu behar dugu kamera aurrean, eta gogoratzen dut ni ere urduri jartzen nintzela ni buruari argazkiak egiterakoan. Orduan, nola egin egia hori bilatzeko? Askotan erabiltzen dudan errekurtso bat izaten da pertsonaia bat asmatzearena, kasualitatez zure itxura eta adin bera dituena eta argazki sesio batean dagoena. Hau da, argazki-saioa pertsonaia bat izango bazina bezala bizitzea, zure segurtasun-ezak eta beldurrak kenduta; nork bere burua antzeztea. Eta, bestalde, eskuen kontua ere oso deigarria da. Argazkiak ateratzen hasterakoan, begirada, intentsitate edota gorputz adierazpen ezberdinekin jokatzen hasten gara, baina iristen da une bat zeinetan ez dakigun eskuekin zer egin, kar-kar. Eta esaten diet: “Baina drama egin duzu, komedia egin duzu, ez dakit zenbat aldiz igo zaren agertokira, eta, bat-batean, ez dakizu zer egin eskuekin!” Geratzen dira oso postura arraroetan. Eta argazkia erakusten diedanean, konturatzen dira ez dela naturala, ez dela erreala. Horrelako anekdotak onak dira, hasieran egon daitekeen harresi hori apurtzeko baliagarriak direlako. Pentsa, ezagutzen ez ditudan aktoreak etortzen zaizkit estudiora, eta bi orduz edo bi ordu eta erdiz egoten gara elkarrekin lanean. Bitarte horretan bere lagunik onena izan behar naiz. Gero, agian, ez dugu berriro elkar ikusiko bi urtean, baina, bi ordu horietan, lagunik onenak izan gara.