Mikel Iturria “Liburua artefaktu indartsua da”

Komunikazioa ogibidez eta pasioz bizi du. Mariano Ferrer kazetariaren erretiroaz idatzi zuen Harrikadak bloga zabaldu zuenean. Javier Ortiz kazetariaren ibilbidearekin liburua argitaratu du, haren webgunetik ateratako antologia modukoa.

Mikel Iturria, eskerrik asko TTAP aldizkariaren gonbita onartzeagatik. Gaurko hizpide nagusia Javier Ortiz. Talento y oficio de un periodista liburua izango da. Kazetaritzan bagabiltzanontzat Ortiz ezaguna da. Entzule edo hartzaile gazteagoei begira, nor izan zen Javier Ortiz?

Javier Ortiz Donostian 1948an jaiotako kazetari bat izan zen, eta, tamalez, duela hamar urte hil zen. 2009ko apirilaren 28an, zehazki. Berrogei urteko ibilbidea egin zuen, kazetari gisa. Berak ezberdintzen zituen aro ezberdinak. Alde batetik, militante garaia. Bertan mugimendu komunistan jardun zuen, garai hartako hedabide ezberdinetan: Servir al pueblo, Zutik eta horrelako egunkarietan ibili zen lanean. Gero, beste alde batetik, kazetaritza komertziala. Nagusiki, 1989tik 2007ra, El Mundo-n egon zen lanean. El Mundo-n ardura handiak izan zituen; besteak beste, iritzi ataleko burua eta zuzendariorde izan zen urte luzez. Público paperezko egunkaria sortu zenean, 2007ko irailean, egunero zutabe bat idazten hasi zen. Kolaboratzailea izan zen ere hainbat irratitan, telebistan…

Internet behin baino gehiagotan aipatuko dugu, elkarrizketa honetan. Internet garaiaren hasierak zerikusia baduelako, liburu honen eta zuk Ortizekiko egin zenuen lotura hartan. Izan ere, Internet lehen pausoak ematen ari zenean harekin harremanetan jarri zinen.

Garai hartan, 2000. urtearen bueltan, Interneten erabiltzaile gisa hasi nintzen. Halako batean, deskubritu nuen Javierrek bazuela webgune bat, eta bertan egunero idazten zuela. Orain esango genuke blogaria zela, baina garai hartan oso etxekoa, oso oinarrizkoa zen. Egunero plazaratzen zuen gune horretan iritzi bat, eta halako batean e-maila bidali nion. Modu horretan jarri nintzen berarekin harremanetan, eta geroztik harreman handia egin genuen.

Zer idatzi zenion e-mail hartan?

Putoamoa zara. Ez dut ondo gogoratzen zergatia. El Mundo-ko bulego lana utzita zuen. Dena esatera, El Mundo nahiko egunkari progresista zela esango genuke, autodeterminazioaren eskubidearen aldeko egunkaria. Aznarrek hauteskundeak irabazi zituenean, gauzak erabat aldatu ziren.

E-mail batekin hasi eta Javier Ortizen inguruan komunitatea osatzera iritsi zineten. Ortiz bera, eta haren irakurle eta jarraitzaileak. Foro hori master modukoa izan zela adierazi izan duzu.

Interneten muturra sartu nuenean ikusi nuen bazeudela posta zerrendak, eta Euskal Herrian, adibidez, bazegoen Bidasoa, edo Eibartarrak. Ni Irungoa naiz, eta Bidasoa delakoan sartu nintzen. Ikusi nuen Eibar aldean bazegoela mugimendu polita internauten aldetik, eta hor zeuden Gari Arabaolaza, Luistxo Fernandez, Eneko Astigarraga eta beste zenbait lagun. Javierrekin harremana egin nuenean, bera bakarka hainbat jenderekin ari zela adierazi zidan, era berean oso jende interesgarria zena. Orduan, posta zerrenda bat sortzea erabaki genuen, Patera izenekoa. Uste dut ehunen bat lagun ibili ginela hor. Esan ohi dut master modukoa izan zela niretzat, Javierrekin batera oso jende interesgarria zegoelako. Gaur egungo garaia zaila da, baina garai hura ere zaila izan zen. Aznarrek bigarren agintaldian gehiengo absolutua lortu zuen; Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan ziren 2001ean, Ibarretxek Mayor Orejaren aurka irabazi zuena; New Yorken dorre bikiak erori ziren, irailaren 11n; terrorismo globalaren aurka AEBek abiatu zuten gerra hura… Testuinguru horretan, 20.000 mezutik gora trukatu genituen, eta maiz berotu ere berotzen ginen. Bakoitzak bere iritzia ezagutzera ematen zuen, eta eztabaidak egoten ziren.

CUPeko David Fernandezek dio garai hartan El Mundo erosten zutela, Ortizen iritzi artikuluen kopiak unibertsitateko paretetan itsasteko. Zeintzuk dira zeuk Ortizen kazetari lanaz nabarmenduko zenituzkeen dohainak?

Javier Ortizek ikusten zuena kontatzen zuen. Hori ez zen horren arrunta. Beste alde batetik, berak ez zuen iritzia papilla moduan ematen. Gaiak aztertzen zituen ikuspuntu ezberdinetatik, eta irakurlea hausnartzera bultzatzen zuen.

Bestalde, Javierren dibisa nagusia giza eskubideekiko konpromiso etikoa zen. Hori nabarmentzea oso garrantzitsua dela deritzot. Guztien giza eskubideak aldarrikatzen zituen, baita arerioarenak ere. Askotan defendatzen eta azpimarratzen duen argudioa izan zen hori.

Liburuko hainbat pieza azpimarratu ditut, hain zuzen ere, giza eskubideei oso lotuta daudenak. Adierazpen askatasuna, esaterako. Egin-en itxieraren kasuan, nahiz eta egunkariaren ildoarekiko oso kritiko izan, itxieraren aurka agertu zen erabat. 

1998ko uztailean, El Mundo egunkaritik berehala itxieraren aurka agertu zen. Baita Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, eta beste zenbait momentutan ere. Javierrek zera defendatzen zuen: eztabaidatzeko, zure arerioak zuk dituzun erreminta berak izan behar ditu. Maila berean egon behar du.

Gu biak ez bagaude egoera berean; zu okerrago bazaude, nik nire burua isildu behar dut zure mailan egoteko. Ezin dut, beraz, eztabaidan parte hartu, eta orduan, galera guztiona da.

Giza eskubideei lotuta, Miguel Angel Blancoren hilketaren bezperan, Etzazuela hil iritzi artikulua idatzi zuen. ETAri zuzendutako erregua zen, 22 urte igaro eta gero irakurtzea merezi duena.

Oilo ipurdia jartzen zaizu 1997ko uztailean idatzi zuen iritzi artikulu hura irakurriz. Ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan. “Ez behartu ni zuek gorrotatzera”, zioen. Javier Ortizek idatzi zuen ETAren aurka, GALen aurka eta denen kontra. Atentatuen ostean Javierrek idatzitako hainbat zutabe eta idatzi antologian bildu ditut. Besteak beste, Carlos Herrera kazetari espainiarraren aurkako atentatuaren ostean idatzitakoa, Pedrosa Durangoko PPko zinegotzia hil zueneko erreportajearen pasarteak, Isaias Carrascoren aurkako atentatua, Joxe Ramon Rekalde sozialista eta irakaslearen aurkakoa. Ortizek Rekalde Donostian ezagutu zuen, frankismoaren aurkako mugimenduan. Aro hura bere tokian jartzeko aproposa iruditu zait.

“Zoratzeko moduko hainbat ‘input’ ditugu garaiotan”

Adierazpen askatasuna, bizitza bera… oinarrizko giza eskubideen aldarrikapena egin zuen. Era berean, bada gai bat espainiar estatuan gutxi landu dena, eta hori tortura izan zen. Torturaren inguruan oso posizio garbia agertu zuen.

Liburuaren bukaera aldera hiru idatzi aurki daitezke. Hirurak libururako propio eskatu genituen: Garbiñe Biurrun epailearena, David Fernandez kazetariarena eta Isaac Rosa idazlearena. Rosak dio, besteak beste, Ortizek Espainian torturaren aurka inoiz baino lehenago idatzi zuela. 1996an, hitzaldia eskaini zuen Madrilen, zeresana eman zuena. Berak defendatzen zuen inoiz ezin dela torturatu. Behin marra hori gaindituta, torturatzeko arriskua beti egon daitekeelako. Hitzaldi hartan antzerki munduko bi ekoizle izan ziren. Haietako batek, Sandra Toralek, hitzaldirako erabili zuen testu hura antzerkira egokitzea eskatu zion. Berak, hasiera batean, ez zuen nahi izan, ez baitzuen bere burua antzerkigile gisa ikusten.

Tamalez, berak ez zuen obra hori taula gainean ikusi. 2012an, Jose K torturado antzezlana estreinatu zen eta, besteak beste, Donostian ikusi ahal izan zen. Pedro Casablanc izan zen aktorea, eta Carles Alfaro muntaiaz arduratu zen. Berriki antzezlana berriro martxan jarri dute, eta oraingoan, aktorea Ivan Hermes da.

Liburuaren aurkezpenean, Kataluniako egoera politikoa hizpide izan zenuten, Ortizen iritzi artikulu gogoangarri batetik abiatuta. 1995ean, Kode Penala berritu zutenean, Oritzek orduko hartan ondorioztatu zuen Espainian independentista izan zaitezkeela, baina independentzia ezingo dela inondik inora eskuratu. Matxinada delituaren inguruan adierazitakoa bete-betean asmatu zuela esan daiteke.

Espainian Kode Penala 1995ean berritu zuten, Felipismoaren azken garaian. Juan Alberto Bellochi biministro deitzen zioten, barne ministroa eta justizia ministroa zelako. Berak sustatu zuen Kode Penalaren erreforma. Javierrek matxinada delituan ipini zuen arreta. Garai hartan ERCko parlamentari zen Pilar Rahola jendaurrean agertu zen Kode Penal berria independentistentzat  aurrerapausoa zela adierazteko. Ortizek erantzun zion, Kode Penala aztertzen hasita, independentisten egitasmoa gauzatzea ezinezkoa izango zela.

Horrelako pieza ugari daude liburuan. Eta askoz gehiago Internet sarean. Ortiz hil zenean hizpide izan dugun komunitate hura iraunarazteko ardura hartu zenuelako. Zenbat liburu gehiago atera daitezke berak utzitako ondare hartatik?

Gauza bitxia gertatu zitzaidan liburua aurkeztu nuenean. Ezagun batek zera esan zidan: “Antologia egin duzu, baina obra guztiak bildu behar dituzu bolumen bakarrean”. “Horretarako dago Internet”, erantzun nion.

Javierortiz.net webgunean Espainia ofizialaren B aldea dagoela esan ohi dut, 1968an hasi eta 2018an amaitzen dena. Eta, bereziki, Ortizen azken hamar urteak. Eta zergatik? Garbiñe Biurrunek liburuan dioen bezala, Javierrek geroz eta hobeto idazten zuelako. Duela 20, 15 eta 10 urte idatzitako testu haiek gaur egungo hainbat gauza ulertzeko balio digute. Internet oso baliagarria da. Adibidez, Donostian liburua aurkeztu genuenean, Rubalcaba egun berean hil zen. Biharamunean, espainiar irratiak entzuten nituen, eta neu Javierortiz.net webgunean sartu eta bilatzailean Rubalcaba ipini nuen. Egun horretan esaten ez ziren hainbat gauza irakurri nituen bertan.

Internet hizpide izaten ari gara, eta, hala ere, liburuaren alde zaude. Produktu fisikoaren alde, alegia.

Erabat. Zoratzeko moduko hainbat input ditugun garaiotan, letretara bueltatzen ari naizela. Baita audiora ere. Podcast-ak entzun, liburua paperezkoan irakurri… Telefonoan ere irakurtzen dut, baina ezberdina da niretzat. Oso artefaktu indartsua da liburua, eta kosta egingo da desagertzea. Gainera, Jabier Muguruzak zioen bezala, liburua obra bat da. Liburua orain egin dut, hau atera zait. Seguru aski, denbora igarota, gauza batzuk aldatuko nituzke, beste artikulu batzuk sartuko nituzke, eta abar.

Liburua osatzeko irakurketa lan handia egin duzu, argitaratu eta ondoren espainiar estatuan zehar aurkezteari ekin diozu. Bira modukoa egin duzu, bidelagun esanguratsuekin: Garbiñe Biurrun, David Fernandez, Javier Vizcaino, Isaac Rosa… Ia-ia zure kabuz jardun duzula esan daiteke.

Alde batetik, pribilegiatua naizelako. Funtzionarioa naiz, soldata duina daukat, eta opor egunetatik hartutako baimenekin Bartzelonara, Valentziara edo Madrilera joateko aukera badut. Beste alde batetik, nik badakit zer den gauzak antolatzea, antolatzaile lanetan ibili naizelako. Eta baita komunikatzea ere, komunikazio mailan ere banabilelako.

Zer pentsatua ematen dit, sortzaileek orain eremu asko ukitu behar dituztelako. Sortzaile onak dira, baina, beharbada, ez dira onak komunikatzen, ez dira onak saltzen… Egindako lana defendatu egin behar da. Nire kasuan, Valentziaraino joan nintzen eta aurkezpenean ez zegoen inor. Alacanten, Madrilen, Bartzelonan, Donostian eta Irunen, ordea, bai.

Kultur sortzaileen inguruan zabaldu den prekarietateaz oroitzen naiz, Joserra Senperenak TTAP aldizkarian bertan adierazitakoa gogoan hartuz.

Lehen esan dudanaren ildotik doa. Neronek lan baldintza onak ditut, eta, kasu honetan, neu editorea naiz. Autorea ez dago, hilda dagoelako, eta neuk bere lana defendatu behar izan dut. Baina hemendik soldata ateratzea konplikatua da. Eta tira, Tabakaleran ari gara elkarrizketa egiten. Eta hemen sei hilabeteko grebaldia martxan dago. Sei hilabete, erraz esaten da. Lan baldintzak hobetu nahi dituztelako. Geroz eta gehiago, erraldoi batzuk geroz eta potoloago bihurtzen ari dira eta gure bizitza baldintzatzen ari dira. Bestalde, zoritxarrez, kulturak ez dauka guk nahiko genukeen tokia. Jendearentzat, beste gauza batzuk garrantzitsuagoak dira.

Internet hasierako garai haietan, Ortizen inguruan komunitatea osatu zenutela aipatu dugu. Zure kasuan, bloga garrantzi handikoa da. Munduarekin komunikatzeko leiho modukoa da zuretzat.

Esan beharra daukat, gainera, nire bi blogak bi komunitate ezberdinetan sortu nituela. Alde batetik, Eibar.org gunean Harrikadak izenekoa –uztailean 15 urte bete dira–. Eta bestea, Javier Ortizen komunitate horretan sortu nuena, Lagunen ahotsak edo Voces amigas horretan.

Lege zaharreko internauta naiz, alde horretatik. Posta zerrendak, tira, bai. Baina sarean bloga da nire eremu naturalena. Hausnartu, pentsatzen dudana idatzi eta hor jartzen dut. Gogoratzen dut blogariak sortu ginenean, boladan egon ginenean, 2004-2005 urteetan exhibizionismo puntu bat geneukala esaten zigutela. Gero zer etorri den ikusita, tokitan geratu da hori!

Birzentralizazio modukoa gertatu da. Lehen, blogak jarraitzeko RSS batzaileak behar ziren. Gaur egun, dena oso toki zehatz batzuetatik pasatzen da: Facebook, Twitter, Instagram… begira zer-nolako exhibizionismoa dagoen hor. Gurea, horien aldean, txorakeria zen.

Artalde handietara batu nahi gaituzte.

Basapiztiekin gabiltzala kontziente izan behar dugu, eta, gehienetan, beraiek irabaziko dute. Baina guk ere badaukagu gure ardura. Ez da gauza bera gauza bat egitea edo beste bat egitea. Guk indarra badaukagu, baina, beti esaten dudan bezala, beraiek antolatuta daude eta gu ez.

Komunitatea hitzak aldaera ezberdinak ditu. Aldaera klasikoa, lanari lotutakoa, liburuan hizpide izan duzu. Liburuaren atarian Josetxo Mayorren aipamena egin duzu. Konta egiguzu haren historia, zergatik egiten zaizu zuri deigarria?

Ander Izagirreren Mundu zaintzaileak lanaren bidez ezagutu nuen. Hogei erreportaje egin zituen, eta gertukoena Josetxo Mayorrena iruditu zitzaidan. 1934an, Donostian jaiotako gizaseme bat zen, eta, oker ez banago, 84 urte zituela, 2017ko apirilean, hil zen. Gizon honek Ulia mendi ingurua maite zuen. 80ko hamarkada amaieran, 90ko hasieran bere haurtzaroko mendia galzorian zegoela jabetu zen. Lanari ekin zion, bideak, eta abar berreskuratzeari. Erretiroa hartu zuenean, goizero hiru ordu pasatzen omen zituen mendian. Hilean behin huts egiten zuen, pentsioa kobratzea egokitzen zitzaiolako. 27 urtez zaindu zuen mendia.

Odon Elorzaren garaian, herritarrari dagokion merituaren saria eman zioten. 2011n, beste errekonozimendu bat egin zioten, Juan Karlos Izagirreren garaian.

Egitea, egin behar hori defendatzen zuen. Kexak alde batera utzita.

Borondatezko lanaz ari zen. Gutxi-asko, honako hau defendatzen zuen: zuk erabaki duzu zerbait egitea. Boluntarioa zara. Beraz, ez kexatu. Egin ezazu. Ez duzula egin nahi? Utz ezazu, eta kitto.

Auzolanaren beste zentzu bat aspaldi irakurri nion Andoni Egaña bertsolariari, esango nuke Euskaldunon Egunkaria-n idatzi zuela. Artikulu hartan zioen garai batean jende batek zer-nolako garrantzia izan zuen. Goizean lan egiten zuten, fabrikan edo funtzionario modura, eta gero, arratsaldean, auzolanari ekiten zioten: kulturgintzari, bertsolaritzari, euskalgintzari, kirolari eta bestelakoei. Baina hori galtzen ari da, oso okupatuta gaude denak eta ez daukagu denborarik.

Egia da ere ordukoa gizonen mundua zela. Emakumea, seguraski, lotuagoa egongo zen etxekoen zaintzara eta bestelako lan batzuk egitera. Lan horiek nabarmentzeko, beharbada, beste liburu bat egin beharko da. Gogoan daukat, esaterako, June Fernandezen Hamar gobernaezinak. LGTBI ikuspuntua daukan liburua da.

Pantailaz, sareaz, berba asko egin dugu. Twitter herriaz ez dugu aipamenik egin, Mikel.

Bada, hobeto. Nahi baino denbora gehiago igarotzen dugu Twitterren. Nire lanaren zati handi bat da, baina uste dut utzi egin beharko genukeela eta beste gauza batzuk egin.

Garagardoa har genezake, besteak beste, pantaila alde batera utzita.

Edo irakurri.