Mikel Idoate: “Pilotak idoloak sortu behar ditu, aurrera egingo badu”

Mikel Idoate Rey (Iruñea, 1989). 20 urterekin pilotari profesional moduan debuta eginagatik ere, Zuzenbide ikasketak amaitu zituen. Ongi etorri zitzaion, ezker eskuko neuritis batek 26 urterekin pilota uztera behartu zuelarik. Egun, beilatoki-enpresa bat zuzentzen du, ETBko pilota partidetan esataria da eta pilotari buruzko Youtube kanal bat zabaldu du: Idoateren txokoa. Jokatzen zuen bezala mintzatu zaigu horren ongi ezagutzen duen pilotaren munduaz: azkar, sendo, irudimentsu, gozatuz, pasioz.

Kalean futbolean ari diren haurrekin gurutzatzen naizen aldiro baloia ihes egin diezaien desiratzen egoten naiz, neuk jo ahal izateko. Labritera zatozenean antzeko zerbait gertatzen al zaizu?
Bai, eta etortzen naizen guztietan, gainera. Hemen momentu asko bizi izan ditugu, txarrak ere bai, azkenean beti gauza onez oroitzen bagara ere. Partiduetan baino gehiago entrenamenduetan izaten dut sentsazio hori. Astegun batean goizez etortzen banaiz, pilotariak entrenatzen ikusi eta entrenamenduen falta sumatzen dut, bai.

Une txarrak aipatu dituzu: Labriten gaude, eta hemen bertan, sanferminetako partida batean, sartu zitzaizun pilota ezker eskuan. Amaieraren hasiera izan zen.

Bai, hala da. Hirugarren koadro eta erdian izan zen, 2014ko uztailaren 8an. Retegi Biren aurka ari nintzen, binaka. Pilota bat ezker paretara moztu zuen. Eskua sartu nuen, beste hamaika aldiz bezala, eta pilota eraman nuen, baina sekulako ziztada sumatu nuen. Eskua more-more jarri zitzaidan, oso hanpatuta, ezin nuen pilota ukitu. Baina pilotan edozein lesiorengatik partida bertan behera utz dezakezu, eskuarengatik izan ezik. Beraz, partidua bukatu behar izan nuen. Lesio normala izango zela uste nuen, baina bi urte eman nituen medikuekin, ebakuntzetan…

Neuritisa izan zenuen, ezta?

Esan zidatenez, lurrazalpeko ehuna kalteturik nuen. Oso zuntz fina izaten dugu, eskua babesten duena. Nik hori desagertua nuen, eta ez da birsortzen. Esan zidaten hala ezinen nuela gehiago jokatu.

Zenbat urte zenituen, 26?

24 lesionatu nintzenean eta 26 utzi nuenean.

Adin horrekin, nola kudeatzen da halako egoera bat?

Askotan egin didaten galdera da. Esango nuke 26 urterekin hobeki kudeatzen dela 30ekin edo 40rekin baino, adin horrekin gutxiago pentsatzen duzulako. Nik, behintzat, gutxiago pentsatzen nuen orain baino. Ausartagoa nintzen, inkontzienteagoa. 26 urterekin berdin zitzaidan dena. Banekien bizitza luzea zela, bizitza aurrera aterako nuela, gauza asko egiteko ilusioa nuen. Orain ere hala pentsatzen dut, baina uste dut gehiago sufrituko nuela, agian sakonagoa bihurtu naizelako.

Burugabea ez zinen: 20 urterekin egin zenuen debuta profesionaletan, eta, halere, Zuzenbide ikasketak amaitu zenituen. Buru ona behar da horretarako.

Buru ona eta guraso onak. Egia esanda, 20 urterekin ez nuen ikasten segitu nahi, pilotaria izan nahi nuen eta kito. Ikasi banuen gurasoei diedan errespetuarengatik izan zen, batez ere. Aldi berean, niri beti gustatu izan zait gauzak ongi egitea, eta banekien ikasketak amaitzea etorkizunean garrantzitsua izango zela.

Ibilbide profesional laburra izan zenuen, baina emankorra. Jokatu zenuen lehen buruz burukoan Beloki, Gonzalez eta Olaizola utzi zenituen bazterrean.

Lau urte eman nituen profesionaletan. Promozio mailako lau eta erdiko txapela irabazi nuen, eta gero, hiru aldiz sartu nintzen finalerdietan buruz burukoan, Irujoren, Xalaren eta Retegiren aurka. Momentuan baino gogorragoa izan zen handik bizpahiru urtera, ikusi nuenean nire kontra aritutako pilotari batzuk –ez Irujo edo Xala, haiek gu baino askoz hobeak baitziren–, baina bai Elezkano, Urrutikoetxea, Ezkurdia… Haiek ikusi nituenean txapelak irabazten 28 urterekin, pentsatu nuen: “Ni hor egongo nintzen”. Orain belaunaldi berriarekin ez dakit, gauzak asko aldatu baitira.

Konparaziora, Irujoren aurkako finalerdia 22-18 galdu zenuen. Finala esku-eskura eduki zenuen. Partidu eta tanto haiekin sarri akordatzen al zara?

Nik dena ematen nuen kantxan. Irujok irabazi zidan hobea zelako. Irujoren aurkako partida hartan, adibidez, Irujok 19. tantoan aldagelara joan zelako irabazi zidala uste dut. Bestela, nik irabaziko nuen. Baina badakit, halaber, nik partida erabat hustuta amaitu nuela, ezin nuela gehiago jokatu. Xalaren aurka 20 tanto egin nituen, baina Xalak 22-12 irabazteko aukera ere izan zuen. Ni baino hobeak ziren eta dena emanda galtzen nuen. Retegiren aurkako finalerdian, aldiz, bai, hartan pena handia hartu nuen. Ez nuen behar bezalako prestaketarik egin, azterketak nituelako eta burua azterketetan nuelako. Hobeki prestatzeko aukera nuen. Finalerdi hartan kolpe latza hartu nuen.

Pilotalekuetan hainbat lagun egin zenuen; horien artean bat nabarmendu ohi duzu: Abel Barriola.

Lagun asko-asko ere ez nuen egin. Azkenean, pilota profesionalean lagun asko egitea ez da erraza. Egungo belaunaldiak ezberdinak dira, baina garai haietan lehiakortasun ikaragarria zegoen, inbidia asko: bakoitzak bere kontratua zuen, bakoitzak bere interesak. Hori bai, 20 urterekin handien mundu horretara sartuta, azkar ikasten duzu eta heldutasunera azkarrago iristen zara. Baina pilotari eta pertsona on batzuk ezagutu nituen, bai.

Ez dakit Abel baino pertsona hoberik dagoen.

Ez, baina Irujo bera ere nirekin oso ongi portatu zen. Fernando Goñi, Eulate, Pascual… Ni hasi nintzenean haiek profesionaletan zeuden, eta oso ongi hartu ninduten. Ruben Beloki ere oso garrantzitsua izan zen niretzako. Baina egunerokoan erlazio gehien Irujorekin, Ezkurdiarekin eta, bereziki, Barriolarekin izan dut. Eta Abelekin gero erlazio sakonagoa izan dut.

Jendeak badaki Abel azkarra eta zintzoa dela. Agian, ez dakite horretaz gain ziria sartzen ere bikaina dela. Euskalerria Irratian egiten duzuen kolaborazioen kontura Whatsapp talde bat daukagu, eta horretan graziosoena hura da.

Oso graziosoa da, bai. Horregatik, talde horretan ez dut askorik idazten, badakidalako bueltan etorriko zaidala. Egunen batean kamera bat jarri behar dugu autoan elkarrekin goazenean. Bilboko finaletara, adibidez, elkarrekin joaten gara, eta joaneko eta itzulerako hiru orduak barre batean ematen ditugu. Batzuetan, sakon ere hitz egiten dugu, baina barre handiak egiten ditugu. Oso graziosoa den beste bat Irujo da. Beti dabil txantxetan.

Pilotari askok asko sufritu dute, eta ez enpresen erabakiengatik soilik

Abelen eskutik sartu zinen ETBn, partiden kontakizunetan parte hartzeko. Nola sortu zen aukera hura?

Nik hiru urte neramatzan Mega kateko Frontón saioan parte hartzen. Pilota utzi eta hiru hilabetera hasi nintzen, Juan Carlos Gonzalezekin batera. Pilota partida bat ematen genuen astero, gazteleraz. Eta, geldirik egoten ez naizenez, lehenago ere ibili nintzen Nafar Telebistan, Josetxo Lizartzarekin batera. Zerbait eginda neukan Euskadi Irratian eta SER katean. Halako batean, Joseba Urkiola hasi zen kirol zuzendari ETBn; harekin kafe bat hartu nuen, esan zidan bazuela buruan aldaketa batzuk egitea eta ea partiduak egitea gustatuko zitzaidan. Nik gustura egingo nuela erantzun nion.

Oso denbora gutxian zure euskara maila asko hobetu zenuen.

Zorionekoa naiz, Fernando Rey itzultzailea osaba baitut, eta txikitatik ikasi dut harengandik. Nire gurasoak ez dira euskaldunak, euskaldunberriak dira; gure etxean euskara hitz egin da, baina baita gaztelania ere. Gure amak ulertzen du, baina ez du hitz egiten. Ikastolan ikasi nuen, eta Fernando zen akatsak zuzentzen zizkidana. Erronka hau hasi zenean beldur nintzen, badakit-eta euskara zenbait pertsonari eraso egiteko erabiltzen dela. Batzuetan, badirudi lehen eta bigarren mailako euskaldunak daudela, eta ni horrela sentitu izan nintzen egoera batzuetan. Fernandori esan nion lan hori egiteko nire euskara hobetu egin nahi nuela, ikasi egin nahi nuela, eta hark lagundu zidan.

Nolako bidea izaten ari da ETBn Abelekin eta Euzkitzerekin egiten ari zarena?

Ona. Ni gustura nago. Pilota gustatzen zait eta beti saiatu izan naiz zintzoki eta ongi egiten. Batzuei gustatuko zaie, beste batzuei ez, baina ongi pasatzen dut. Josetxo Lizartzarekin ere aritu nintzen hasieran. Eta han ere ikasi nuen. Gero, Xabierrekin batera ere bai. Hau gure kirola da, gure mundua izan da, eta barruan bizi izandakoa kanpora ateratzea errazagoa da.

Abelek kontzeptu bat asmatu du: hitzaren jabetza. Horretan kontakizunetan beti irabazten diozula dio.

Baina ez da egia. Arrazoiaren jabetza bai, nirea izaten da, baina hitzaren jabetza badakizu Abelek izaten duela. Asko hitz egiten duelako, ongi eta zuzen, baina asko.

Euskalerria Irratian sarri aipatzen duzu pilotak kirolaz gain ikuskizuna izan behar duela. ETBn behar bezain ikusgarriak al dira pilota partiduak?

Finaletan bai, sekulako irudiak izaten ditugu, baina iruditzen zait beste kirol batzuetan egiten dituztenak pilotan ere egitea erraza eta posible dela. Finaletan, adibidez, gero egiten dugun saio hori oso ongi dago, baina lehenago ere egitea gustatuko litzaidake. Eta finala igandean bada ostiralean edo larunbatean ere saio bereziak egitea, eztabaidatxo batzuk. Baina ulertzen dut ETBk gauza asko egiten dituela: txirrindularitza, arrauna eta abar. Kostuak kontrolatu egin behar dira. Baina finaletan bai, irudi aldetik-eta egiten den lanaren aldetik oso ona da. Pilotak beharrak ez ditu hor, baizik eta telebistaz kanpo. Pilota telebistatik kanpo ere saldu behar da: sare sozialak, elkarrizketak pilotalekuan nork egiten dituen… Adibidez, tenisean irabazleari, Nadali edo dena delakoari, Alex Corretjak egiten dio elkarrizketa, kantxa erditik, telebistarako eta han diren ikusleentzako. DAZN ere hori egiten hasi da: Villa eta Guti jokalariekin. Jendeak hemen ere gustura ikusiko luke Irujo txapeldunari elkarrizketa egiten, hiru galdera xumerekin.

Horretaz gain, esan ohi duzu musikarekin, argiztapenarekin, ikuskizun handiagoak antola daitezkeela pilotalekuetan.

Bai. Egia da gero kostua ikusi behar dela, baina ideiak hor daude. Nik beti pentsatu izan dut gogoarekin eta lantalde on batekin kostuak gutxi igota oso gauza onak egin daitezkeela, finaletan egiten dena egunerokora eramanez. Edo, agian, egunerokora ez, zaila baita. Uler dezaket ostiralero, larunbatero, igandero halakoak herri guztietan egitea zaila dela. Baina, adibidez, hemen, Labriten, astero jokatuta, errazagoa da horrelakoak antolatzea. Eta pilotak horren premia dauka. Ekitaldiak egin behar dira. Pilota eskolak sustatu behar dira. Ikastetxeetara joan behar da. Sare sozialetan ere mugitu behar da. Pilotariek barruan bizi dutena sare sozialetan erakutsi behar da. DAZN kateko ordezkari bat duela gutxi hemen izan zen eta esan zigun hemen idoloak sortu behar ditugula. Pilotak aurrera egingo badu, idoloak behar ditu.

Orain ba al da idolorik pilotan?
Altuna dago, eta Laso. Laso Labritera ateratzen denean, “Unai Laso ale!” oihu hori sekulakoa da. Baina hori gehiago sustatu behar den gauza bat da.

Aurreko batean, Iñaki Galdosek, zirtolari, esan zidan Labritenak eginen duela despediden moda pasatzen bada.

Ez dut uste. Egia da batzuetan despedidak etortzen direla, baina mota guztietako pilotazale asko etortzen dira. Aisialdirako aukera ona da Labritera etortzea, eta hori pilotarentzat ona da, beti kontrolpean mantenduta. Edozein kiroletan bezala, badira pilota egunero segitzen duten pilotazaleak, badira noizean behin ikusten dutenak, eta badira pilota zer den dakitenak eta urtean bitan etortzen direnak. Denak dira ongietorriak.

Gogora etorri zait Galdosek berak, serioago, Berria-ko artikulu batean zioela pilotak pilotazale ez diren ikusleak behar dituela.
Bai, noski. Horrek komunitatea handitzen baitu. Haiek ere pilotara erakarri behar ditugu, eta eduki bereziak sortu behar ditugu ikusle talde guztientzat: pilotazale amorratuentzat, pilotazale epelagoentzat eta pilotazale ez direnentzat.

Jai Alai jaialdien urrezko aroan, Ameriketan, harmailetan pilotazalerik ez zen, apenas.

Beste garai batzuk ziren. Oker ez banaiz, garai haietan apustuak pilotan eta zaldi lasterketetan egin zitezkeen soilik. Baina ez dugu horren urrutira joan behar. Tenisa nork segitzen du? Gutxi batzuek. Beste askok Nadalek final bat jokatzen duenean soilik ikusten dugu. Baina denok dakigu tenisa zer den. Eta pilotarekin hori lortu behar dugu: denek jakitea pilota zer den. Eta ez Euskal Herrian soilik. Espainian hori lortzeko aukera badagoela uste dut.

Elkarrizketa ongi zihoan, lerro artean Nadal gogoko duzula esan duzun arte.
Lerro artean ez, argi: Nadal-zale porrokatua naiz.

Uf… Itzul gaitezen pilotara: Baikoren grebak pilotaren zenbait arazo egiturazko agerian utzi zituen.

Greba dela-eta irratsaio batean oso egoera deserosoa bizi izan nuen duela zenbait hilabete. Badakizu zer gertatzen den? Hemen zerbait esaten duzu, eta badira pilotari ohi batzuk, agian, ibilbide politikoa egiteko asmoz, hori hartu eta sare sozialetan jartzen dutenak, testuingururik gabe. Berdin zaie dena. Baina hor barruan egon diren pilotariek, hor barruan egon garen guztiok badakigu mundu honek nola funtzionatzen duen. Une hartan gauzak ez ziren zuriak ala beltzak soilik. Gauza asko grisak ziren. Gauza asko gaizki egin ziren, alde batetik eta bestetik. Enpresak erabaki oker batzuk hartu zituen, eta denok dakigu zeintzuk diren. Eta pilotari batzuek ere okerreko erabakiak hartu zituzten. Pilotarien beharrak ere nahastu ziren. Batzuen beharrak ez ziren besteen beharrak. 2013an Aspen horrelako zerbait gertatu zen. Guk Asegarceko pilotari batzuei laguntza eskatu genien eta ezetz esan ziguten, gure ardura zela. Bakarrik geratu ginen. Guk egin genuena izan zen gehiago kobratzen genuenok soldata jaitsi 25.000 baino gutxiago kobratzen zutenei batere jaitsi ez ziezaieten. Adibidez, nik nire soldata %17 jaitsi nuen. Gauzak beste modu batera egiteko gai izan ginen, eta hori da bidea. Baina hor barruan halako zerbait gertatzen denean kontua ez da ni ona naizela eta zu gaiztoa. Kanpora begira, jendeari begira, badirudi horrela dela, baina barruan denok dakizkigu gauza asko eta ibilbide asko. Aldagelan elkarrekin izan gara eta badakigu pilotari askok asko sufritu dutela, eta ez enpresen erabakiengatik bakarrik.

“Nire soldata %17 jaitsi nuen, gutxiago kobratzen zuten kideek murrizketarik paira ez zezaten”

Enpresak grebalarien bozeramaile Ibai Zabalari kontratua berritu ez ziolarik, Twitterren idatzi zenuen kideek nahiko bakarrik utzi zutela.
Hala baita. Halako urrats bat egiten duzunean badakizu zer dagoen. Hark zioen asko arriskatu zuela. Egia da, segur aski. Baina Ibai Zabalak 35 urte inguru ditu eta 22 urteko pilotari debutatu berriak hor sartzean zuk baino gehiago arriskatzen du, ibilbide profesional osoa jar baitezake arriskuan. Zabalak egindakoa pilotari batzuentzat meritu handikoa izan zen, baina hor barruan gertatu zena oso gutxik dakigu, eta gauzak ez dira zuriak ala beltzak. Gris asko daude, halako egoera gehienetan bezala. Zabalarekin irratsaio batean behin hori bera esan nuen. Mezua Twitterrera eraman zuten eta sekulako jipoia eman zidaten bien artean, modu txarrean. Zuk mezu bat halako elkarrizketa batetik ateratzen duzunean, testuingururik gabe, eta halako sare sozial batera eramaten duzunean, zer nahi duzu? Seguru asko, min egin nahi duzu, eta nik egia esango dizut: ez dut inoiz halakorik egin, eta gaizki pasa nuen. Ordutik ez dut gaiaz hitz egin. Baina iritzia beti emango dut. Jendea gaizki pasatzen ikusi nuen, eta ez zitzaidan gustatu.

Gero eta pilotari profesional gutxiago dago eta baldintzak okerrera egiten ari dira. Zergatik?

Komunitatea gero eta txikiagoa delako, horregatik handitu behar dugu. Behetik hasita. Pilota eskoletan gero eta mutil eta neska gehiago ikusi beharko genituzke, baina gero eta gutxiago daude. Zergatik? Profesionaltasuna dago horren muinean. Nola saltzen dugu produktu hori txikiek pilotari izan nahi izateko?

Inoiz esan didazu azkenaldian gauzak alor horretan hobeki egiten ari direla Gipuzkoan Nafarroan baino.

Bai, zalantzarik gabe. Baina Nafarroan duela bi urte Federazioa aldatu da, eta gauzak berritzen hasi dira. Dena dela, elkarlana behar da enpresen, kluben eta federazioen artean. Bakoitza bere aldetik badoa, oso zaila izango da aurrera egitea, konpetentzia ikaragarria dagoelako. Lehen, pilota eta futbola bakarrik zeuden. Orain badituzu saskibaloia, eskubaloia, tenisa, padela… Eta aisialdirako beste hamaika gauza. Pilotan jokatzerakoan eskuan min hartzen duzu. Hori haurrarentzat ez da erraza. Nola erakar dezakegu haurra? Seguru asko, ikusgarritasunaren bitartez. Denon arteko elkarlana ezinbestekoa da pilota sustatzeko.

Akaso, pilotaz ariko diren zu bezalako youtuber-ak behar dira.

Baina pilota asko maite behar duzu horretarako, bide horretatik Youtuben oso diru gutxi baitago.

Idoateren Txokoa zabaldu duzu Youtuben. Zer moduz?
Ongi; Andorran etxea erostekotan nabil [Barre]. Ez, ez, ni Iruñetik ez naiz aterako, lasai. Duela urtebete hasi ginen anaia eta biok. Zerbait elkarrekin egin nahi genuen, mundu hori pixka bat ezagutzen genuen, pilotari mesede egin ziezaiokeela uste genuen, eta inor ez zen egiten ari. Eta bagenekien hor zale batzuk bazirela, halako edukiak nahi zituztenak eta ez zeuzkatenak. Bi mugikorrekin hasi ginen edukiak sortzen. Eta egun badugu komunitate bat. Hasieran gaude; ez dakigu noraino iritsiko garen. Oso eskertuta gaude, ikusleei, pilotari, etorri diren elkarrizketatu guztiei.

ETBn iruzkingile, youtuber, TTAPen elkarrizketagile ere ibili zinen duela zenbait urte. Ikus-entzunezko proiektu gehiagotan sartzeko gogoz?

Ez dakit, Juan Kruz. Ez da nire helburua. Bada nik baino askoz formakuntza hobea duen jendea. Etortzen bada, badakizu ni erraz animatzen naizela gauza politak egitera. Ikusten badut proiektu polita eta zentzuzkoa dela, animatuko naiz, animatua naizelako eta erronkak gustatzen zaizkidalako. Ni oso lotsatia nintzen txikitan, eta orain kamera aurrean nabil, lotsa kontrolatzen ikasi dudalako. Erronkak gustatzen zaizkit. Baina nire helburua egunerokoan da dauzkadan proiektuak aurrera ateratzea, bizitzaz gozatzea.