Mikel Azpiroz: “Biran, nekea kontrolpean izatean datza gakoa”
Donostian jaio eta bizi da, eta, haren ogibideari esker, hainbat artista handirekin munduan barrena bidaiatu du. Badu sortzaile sena, eta ibilbide polita osatzen ari da, bakarka, eta Elkano Browning Cream taldean.
Mikel Azpiroz, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko gonbidapenagatik.
Uda amaitzen ari da eta hainbat emanaldi egin dituzu Elkano Browning Cream taldearekin. Udarako oso proposamen atsegina da. Jaialdi, jazzaldi eta music club-etarako proposamen egokia da zurea.
Bai, oso pozik egin genuen bira hura. Zortzi emanaldi egin genituen, astebetean. Hasteko, taldeko hirurak elkartzea ez da erraza, bakoitzaren agenda dela eta. Koordinazio lana ez da erraza izaten. Franck Mantegari bateria-jotzailea paristarra da, Dave Wilkinson gitarrista ingelesa, eta udan aurkitu ahal izan genuen tartea emanaldiak egin ahal izateko. Madrilgo Cafe Centralen bi emanaldi egin genituen, eta handik Galiziako O’Grovera joan ginen. Ondoren, Donostiako Jazzaldian, Markinako Jazzaldian eta Gasteizko Aztarna Beltza jaialdian ere bai. Gozamena izan da.
Bira osatu zenuten, hirukote fantastikoa osatuz, gainera! Agendak lotzeko ekoizpen lan handia egin beharko duzu.
Bai; neronek egiten dut kudeaketa lan guztia. Aldi berean, jasotzen duguna handia da, eta horregatik jarraitzen dugu egitasmoa bizirik mantentzen. Hemendik pare bat urtera, hogei urte beteko dira lehen diskoa argitaratu genuenetik. Eta gure artean, musikaz gain, konexio handia daukagu.
Gozamena bikoitza da, ikuslearen tokian jarrita. Proposamen artistikoa da, batetik. Eta zuetako bakoitzaren exekuzio artistikoa ikusgarria da, bestetik. Hortik zetorren hirukote fantastikoaren aipamena.
Ametsetako taldea da niretzat, Donostiatik irten eta horrelako mailako bi musikarirekin elkartzea. Gainera, oso oinarri desberdina dute biek. Frank paristarra da, familia aldetik konexio afrikarrak dituena, eta Afrikako artista askorekin ari da: Alpha Blondy, Manny Keita, Salif Keita…
Bestalde, Dave Wilkinson ingelesa da. Blues eta jazz tradizio hori, Ameriketako Estatu Batuetatik datorrena, baina ingelesen filtro horretatik igarota, Wilkinsonen musika-hizkuntza oso berezia da.
Finean, maila handiko bi musikari. Bi horiekin aritzea luxua da niretzat. Lan handia izaten da elkarren artean antolatzea eta diskoak egitea, baina behin ekipoa osatuta pena handia emango liguke bukatzeak.
Begietan nabari zaizu, bereziki zure proposamenarekin, pasioz bizi duzula egiten ari zarena.
Bai, bai, bai. Hasieratik, bihotzetik egindako proiektu bat da. Bereziki eskaintzen didan musika aberastasunagatik. Gutako bakoitzak zein oinarri ezberdin duen eta zein ekarpen egiten dion taldeari, uztarketa hori oso aberatsa da.
Zure ibilbidean aldaera oso ezberdinak erakutsi dituzu. Pake pieza zure aurreko diskoak zein toki du zure ibilbidean?
Pake pieza da nire bakarkako lan berria, pianorekin eginda. Elkano Browning Cream taldearekin sei disko atera ditugu hamazortzi urtean eta, aldi berean, pianoarekin bakarrik konposatu nituen abestiak argitaratzen hasi nintzen 2012an. Gaua diskoa argitaratu nuen orduan. Ondoren, Zuri, 2016an; Islak, 2020an; eta Pake pieza, 2023an. Pianoarekin garatu dudan bidea Elkano Browning Creamen ibilbidearekin uztartzen nabil. Eta zer eskaintzen didan niri? Beste musika-eremu bat lantzea. Elkano Browning Cream ludikoa eta mugitua da, erritmikoa. Eta pianoarekin jorratzen dudan musika barnerakoiagoa da. Intimista, introspektiboa.
Azkenean, nire sormena bi estilo horiekin asetzen dut.
Lehen kolpea, atzera begira jarrita, Lau Behi taldearekin eman zenuen, gitarra eskuan.
Atzera begira, uste dut oraindik ere hazkunde prozesuan geundela. Gazteagoak ginen, 20 urterekin, energia handiarekin eta ikasteko gogo handiarekin. Lau Behi taldeak badu freskura hori. Hura bukatu zen eta eboluzionatzen jarraitu nuen.
Donostian gaude, Tabakaleran. Urteko tarte honetan garrantzi handiko bi jaialdi izaten dira hirian: Jazzaldia eta Zinemaldia. Modu batera edo bestera parte hartu izan duzu. Bereziki, Jazzaldian. Kultur mailako oso proposamen indartsuak dira biak. Bertakoa izanik, nola bizi izan duzu zuk?
Donostian bizi naizenez, luxua izan da betidanik. Nire kasuan, batez ere, Jazzaldia, musikarekiko dudan loturagatik. Jazzaldia oso inportantea izan da nire musika musika garapenean. Txikitatik nire izebek eramaten ninduten Belodromoko kontzertuetara. 10 bat urte nituenetik ikusiko nituen Ray Charles, Miles Davis… Jazzaren izen handiak dira horiek, eta, urtez urte, artista ugari igaro da bertatik. Kultur ikuspegitik eta irakaspen modura, begian aurrean izan dudan aukera hori izugarria iruditzen zait.
“Ray Charles, Miles Davis… Artista handiak ikusi ditut Donostian Jazzaldian”
Donostian bizi zara eta hiriburuetan fenomeno berria bizitzen ari gara, turismoari loturikoa. Turismoaren eragina nabarmena da. Hiritar gisa nola bizi duzu hori?
Fenomeno hori ez dut gustura bizitzen. Nahiago nuke Donostiak mantenduko balu orain dela hogei urteko neurri hori. Egia da turismoak gainezka egin duela toki guztietan. Musikari gisa leku desberdin askotara joaten gara, eta, Madrilera joan, Bartzelonara joan, dena gainezka dago.
Donostiari dagokionez, bertan bizi gara, eta hiria desnaturalizatzen hasten denean ez dut gustukoa. Alde zaharrean paseatzera joan edo pintxo bat jateko asmoz Nazio Batuen ilara dirudien berrogei pertsonako taldea ikustea… Eskubide osoa dute, baina neurria galdu dugula uste dut. Ez dut uste Donostiako arazoa bakarrik denik, arazo globala da.
Turismoaz eta hiriez ari garela, zure lanbidea bidaiari oso lotuta dago. Beste artista batzuekin ere ari zarelako. Ez nuke esango maleta ohe ondoan duzula, baina hortxe-hortxe.
Bai, bai, bai. Maleta bat beti prest izaten dut oinarrizko gauzekin: hortzetako pasta, paperezko musuzapiak eta horrelako gauzak. Eta gero, bete behar denarekin eta ospa!
Urte osoa egiten duzuelako, batetik bestera.
Bai, batekin eta bestearekin asko bidaiatzen dugu, eta aurten, bereziki asko.
Haietako batekin, Mikel Erentxunekin, Ameriketako Estatu Batuetan biran aritu zarete birritan. Egonaldi luzeak dira. Nolakoa da bizimodua hainbeste egunez jarraian etxetik kanpo egiten denean?
Faktore bat badago, eragin handia duena, eta hori nekea izaten da. Kontzertuak oso segidan badira eta leku ezberdinetan, normalean atseden hartzeko denbora askorik ez da izaten. Gaueko hamarretan jo, hotelera itzuli eta goizeko bostak aldera aireportura joatea… Dinamika horretan lauzpabost egun eman ondoren aldartea aldatu egiten da. Arriskutsuena hori da.
Azken biran, zorionez, atseden hartzeko tartea izan dugu. Hiriburu bakoitzean bizpahiru egun eman ditugu, eta, orduan, kontrakoa gertatzen da: bira gozamen hutsa bilakatzen da. Museoak, klubak, ezagutzeko aukera izaten da. Luxua da hori. Gakoa, esan bezala, nekea kontrolpean izatea da.
Zein hiriburutara itzuliko zinateke behin baino gehiagotan?
Asko daude. Bat aipatzeagatik, Mexiko Hiria oso gogoko dut. Madrilen egotea asko gustatzen zait. Horrenbeste ezagutu ditugu, ez da erraza aukeratzea…
Hainbat talde aipatuko dizkizut, eta saia zaitez bizpahiru esalditan erantzuna ematen. Lehenengoa, Lau Behi.
Blues Stop taldearen ondoren, nire hastapenetako taldea izan zen. Asko ikasi eta oso ondo pasa genuen. Nahiko martzianoak ginen garai hartako Euskal Herriko musikaren panoraman. Orduan, euskal rock erradikala eta triki-pop taldeak ziren modan, eta gu elementu exotikoak ginen sasoi hartan.
The Waifs.
Haiek ere nire ibilbideari ukitu exotikoa eman diote. Australiako taldea da, arrakasta handikoa. Ameriketako Estatu Batuetan ezagutu nituen, Bob Dylanekin bira egin ondoren punta-puntan zirenean. Gonbidatu ninduten haien bandan jotzera. 2007tik 2009ra beraiekin birak egiten aritu nintzen Australian, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Irlandan… Donostiara 2008ko Jazzaldira etorri ginen. Taldeak aukera eman zidan toki horietan guztietan aritzeko. Oso jende atsegina da.
Jabier Muguruza.
Niretzat ia familiakoa da. 1999an, oker ez baldin banago, harekin jo nuen lehen aldiz Vic-eko Mercat de la Musica jaialdian. Ikusleen artean Jackson Browne zegoen. Horrexegatik ez dut inoiz ahaztuko kontzertu hura. Geroztik,
emanaldi pila eman ditugu, aro desberdinetan. Diskoak ere egin ditugu elkarrekin. Harengandik ikasi nuen, gazteagoa nintzenean, musika bildua edo jasoa egiten aurki zitekeen aberastasuna. Gutxirekin gauza gehiago iradoki daitekeela, hori Jabierri esker ikasi nuen.
Travellin Brothers.
2013an grabatu nuen aurreneko aldiz. Elkano Browning Cream ezagutzen zuten; neuk haiek, aldiz, ez. Grabazio batean parte hartzeko deitu zidaten eta segituan egin genuen konexio musikala. Bluesa, soula, oso gogoko dute. Oso talde kuriosoa da. Leioatik irten eta guztiak odolez familiakoak dira. Tartean dira anai-arrebak eta lehengusuak. Berehala sentiarazi ninduten familiako kide gisa. 2016a ezkero zuzenean ari naiz haiekin. Eurekin ere asko bidaiatzen dugu: Txinara, Ameriketako Estatu Batuetara, Suediara, Portugalera…
“Ametsetako taldea da Elkano Browning Cream”
Mikel Erentxun.
2000. urtean jo nuen lehen aldiz, klub batean, Arizonako Phoenix hirian. Geroztik, aro ezberdinetan, leku askotan aritu gara. Musika hizkuntza ezberdina da, pop kutsukoa. Talde bakoitzak bere musika estiloa du, eta guztiak osagarriak dira.
Elena Setien.
Orain dela ez horrenbeste ezagutu nuen. Sorkuntzarako joera berezia da, eta, beharbada, askatasun handiagoarekin jokatzeko aukera ematen dit. Hark hori gogoko duelako eta askatasun hori onartzen duelako. Kontzeptualki desberdina eta aberasgarria da oso.
Tokitik tokira, aretotik aretora zabiltza eta tokian tokiko egoerara moldatu behar duzu. Ez baituzu pianoarekin edo organoarekin bidaiatzen. Bitxikeriaren bat edo beste bizitzea egokituko zitzaizun urte hauetan guztietan.
Bai, horrelakoak gertatu zaizkit. Sarritan, instrumentu gabe bidaiatu behar izaten dugu. Hasieran, gazte garaietan, bereziki, ohituta zaude etxeko pianoarekin jotzen, eta eragozpen gehiago nituen.
Denborarekin ikasi nuen, bereziki, Elkano Browning Creameko Frank Mantegarirengandik, maila izugarria duten musikariak ez direla esnob aritzen kontu horrekin. Lau harri jarrita ere musika aterako lioke. Jokabide hori oso garrantzitsua da, eta neu ere horrela jokatzen saiatzen naiz. Piano onak aurkitu ditut bidean; beste batzuetan desafinatutakoak tokatu zaizkit parean; baina bakoitzak du bere arima eta bakoitzari bere zukua ateratzen saiatzen naiz. Vejer de la Fronterako jazz jaialdian aritu nintzen uda hasieran, eta antolatzaileek taula gainean jarritako Hammond B3 organoak tekla bat hautsita zuen. Aretoa beteta zegoen, eta eskerrak organoak bi teklatu dituen. Eskuak tokiz aldatu eta emanaldia aurrera ateratzen asmatu nuen.
Zure ogibideak baditu gauza interesgarriak, oso gauza ederrak bizi dituzue, baina ez da batere egonkorra. Askok ez lukete ogibide hori aukeratuko. Zuk, ordea, bai.
Zerorrek esan duzu, ez da batere egonkorra. Gazte nintzela ez nion erreparatzen egonkortasunari. Musikari ekin nionean, balioa abenturak zuen. Musika nire pasioa zelako. Urteekin ardurak handituz doaz, baina neke mentala gailentzen denean neure buruari esaten diot lanbidea ia horretan pentsatu gabe iritsi zela, pasioak gidatuta. Eta, mentalki, freskura horri eutsi nahi izaten diot.
Autoekoizpena beste aukerarik ez da izan hainbat artistarentzat azken urteotan. Zuk, ordea, aspaldi urratu zenuen bide hura.
Elkano Browning Creamen sorrerarekin batera gertatu zen hori. Neronek grabatu nuen diskoa, hori egiteko tresneria osoa badudalako. Horren luzapen naturala da, produktua eduki ondoren, horren kudeaketa egitea. Lan handia da, baina askatasun handia ematen du. Ez baituzu beste pertsona batzuen baitan egon behar. Gainera, banekien gurea ez zela business edo negozio handi bat, diru iturri handia sortuko lukeena. Zigilua sortu nuen 2006an, eta, geroztik, Elkano Browning Creamen diskoak eta Mikel Azpiroz izenarekin bakarka egindako lau diskoak bertan argitaratu ditut.
Bidaia hau, elkarrizketa hau, amaitzera doa. Non ariko zara datozen asteetan zuzenean?
Mikel Erentxunekin eta Travelling Brothersekin jarraituko dut zuzenekoak eskaintzen. Pake pieza nire bakarkako diskoa aurkeztuko dut datorren irailaren 20an Vic-eko Mercat de la Musica jaialdian. Eta urrian, Madrilgo Retiroko parkean dagoen Casa de Muñecas kulturgunean eta Donostiako Lugaritz kulturgunean. Kontzertu horietan taldekide izango ditut Karlos Aranzegi bateri-jotzailea eta Fernando Neira kontrabaxu-jotzailea.
Zorte on, Mikel!
Eskerrik asko.