Miguel Garces: “Euskal zineman, egiteko modua da garrantzitsua”


Azken urteak filmaketatik filmaketara daramatza Miguel Garces aktore gasteiztarrak; kritikaren eta ikusleen harrera bikaina izan duten pelikulak eta telesailak egin ditu. Bigarren mailako pertsonaiak egin ditu, batez ere, baina gero eta pisu handiagoa hartzen doa industrian.
Aktoreen egunerokoa eta kartelera ez dira bat etortzen; horregatik, batzuetan, ez dakigu zertan zabiltzaten lanean. Zer duzu eskuen artean gaur egun?
Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos pelikularen filmaketa bukatzen ari gara. Gainera, aurten hainbat estreinaldi ditut: El refugio atómico, Netflixentzat Alex Pinak eta Esther Martinez Lobatok egindako superprodukzio bat; La caza. Irati laugarren denboraldia, oraingoan Movistar+ produktorearen eskutik; Romi, Ines Parisek zuzendutako telesaila, Bilbon grabatu duguna; eta gero, protagonismo berezia dudan eta ilusio handia ematen didaten beste bi film: alde batetik, Maryam Touzani marokoarrak zuzendutako eta Carmen Maurarekin egingo dudan Calle Malaga; eta, bestetik, Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako El ser querido, seguruenik 2026an estreinatuko dena.
Los domingos pelikulako filmaketa otsailean hasi zenuten; ezer aurreratu diezagukezu?
Ba, pelikula horretan lan egitearren oso pozik nagoela; Alauda Ruiz de Azuarekin berriro lan egitea zoragarria da, begirada filmiko berezia baitu. Istorioa kontatzen duten pertsonaietako bat izango naiz, eta aktore moduan plazera da horrelako pertsonaia baten sakontzea, Alaudak sekulako sakontasuna ematen baitie pertsonaiei. Bokazio erlijiosoa duen eta komentu baten sartzearen ideia buruan duen nerabe baten istorioa kontatzen du pelikulak. Gaur egun, testuingurutik kanpo dagoen istorio bat izan daitekeela dirudi, baina, era berean, gaur egungo gizartearekin horrelako talka egitean zuzendariak asmatu egin duela iruditzen zait. Sinesmen klasikoak alde batera utzi eta beste garaikideago batzuk dituen gizartean bizi gara. Hala ere, sinesmen berri horiek oraindik probatze-fasean daude. Eta, castingari dagokionez, ba, zer esan! Patricia Lopez Arnaiz, Juan Minujin, Nagore Aranburu, Mabel Rivera, Blanca Soroa… Ohorea da horrelako lankideekin aritzea.
20.000 especies de abejas, Nina, Soy Nevenka eta Cuerdas pelikulak eta Querer, Intimidad eta Bellas Artes telesailak… A zer lan puskak azken urteetan, eta horietan guztietan zu aktore lanetan.
Oso-oso zortedun sentitzen naiz horietan lan egiteagatik. Zorionekoa ni.
Euskal emakume zuzendari gazteekin lan egiteko aukera izan duzu: Alauda Ruiz de Azua, Estibaliz Urresola, Andrea Jaurrieta eta Iciar Bollain eta Silvia Muntekin ere bai. Emakume zuzendari askorekin lan egitea kasualitatea izan da?
Egia da nire lan gehienak emakume zuzendariekin egin ditudala. Ez dakit kasualitatea den… ez dut uste. Eta hori diot, kasualitatetik harago, intentzioarekin egiten jarraitu nahi dudalako. Haiengan, haien lanetan, beste begirada bat dago, berria, gaur egungoa, eta, agian, nigan ikusten dute haien begirada hori marratzen laguntzeko materiala. Ni, pozarren. Zuzendari handiak dira, eta haien lanek hala adierazten dute. Beraz, niretzat, zenbat eta gertuago egon, hobeto.
Euskal zinema urrezko aroa bizi izaten ari da?
Industrian aspalditik indartsu dagoela esango nuke, baina azken urteetan gehiagora egin du, eta orain, zalantzarik gabe, une zoragarria bizi izaten ari da. Gainera, egonkortzeko eta industrian bere lekua hartzeko osagai egokiak dituela uste dut. Hau da, ez da garai bat edo beste garrantzitsuagoa dela esatea, baizik eta egiteko modua dela garrantzitsua. Hemen egiteko modu ezberdina dugu.
Zinemak eta telebistak denbora uzten dizute antzerkirako?
Egia esateko, ez. Azken bi urteetan filmaketak bata bestearen atzetik egin ditut. Egia da 14 urtez jarraian ibili nintzela antzerkian, etenik gabe, eta gorputzak aldatzea eskatu zidan. Beharrezkoa nuen, baina ez naiz egin izanaz damutzen.
Filmaketa eta filmaketa artean deskonektatzea posible da?
Saiatzen naiz, eta beti ez da posible izaten. Hala ere, bi lanen artean ez dut denbora askorik behar izaten bat ahazteko eta bestean murgiltzeko. Eroso sentitzen naiz, eta dibertitu egiten naiz prozesu horretan. Egun asko grabaketarik gabe igarotzen ditudanean, gorputzak martxa eskatzen dit.
Agertoki batera igo zinen lehen aldia gogoratzen duzu?
Bai. Eskolako jaialdi batean izan zen. Plastikozko gitarraren giderra puskatuta nuela inor konturatu ez izanak eman zidan poztasuna gogoratzen dut; kar-kar. Playback-a egin behar genuen, eta hori disimulatzeak poz handiagoa eman zidan kanta bera interpretatzeak baino. Ildo horretatik jarraitzen dut gaur egun ere… Zailtasun teknikoek motibatu egiten naute.