Mateo Zikutaren ‘Ketura operazioa’ diskoa

Zazpi urteren ostean, diskoa argitaratu du, berriz ere, Mateo Zikutak: Ketura operazioa. El Garto DJarekin batera egin du; aurretik ere egin izan dute lan elkarrekin.

Ketura operazioa diskoa argitaratu duzu, El Gartorekin batera. Ez da elkarrekin lan egiten duzuen lehen aldia, ezta?

Ez da lehenengo aldia, ez. Nerabezaroan ezagutu genuen elkar, eta, bera DJa izanda, kontzertu batzuk eman genituen hasieran, 2018 aldera… Ondoren, Dürüm Solo Karne taldea sortu genuen, bera pianoan zela; eta zuzeneko ugari egin genituen batera, baita disko bat grabatu ere. Ondoren, produzitzen hasi zen, eta diskoa baino lehen argitaratutako Barra artean edota Aresti bars abestiak bere esku egon dira.

Nolako diskoa da?

Esango nuke iluna dela; trinkoa eta apur bat dentsoa… Nahita egin dugu horrela. Gehien interesatzen zaigun rap estiloa hortik doa, gaur egun: drumless delakoaren bueltan. Istrumentaletarako, Euskal Herrian egindako musikatik atera ditugu sampler-ak; folklorizazioan ez erortzen saiatuz, noski. Letretan, gerra-iruditegitik eta diskoaren oinarrizko kontzeptutik tiraka ibili naiz, gauzak argi esatearen eta mezuak enkriptatzearen arteko jolasean orekaren bila. Caliè eta Rams raperoekin kolaborazioak daude, eta interludio berezi bat.

Zeri abesten diozue?

Ketura izena Araba iparraldean aurkitutako 36ko gerrako bunker batzuetatik hartu dugu. Gerrari abesten diogu, hiru zentzutan. Alde batetik, guk erabaki ez dugun gerrari: klase-gizartea, inperialismoa, gorakada belikoa… Bestetik, horren aurka abiatzen den gerra kontzienteari: komunismoaren aldeko hautu politikoa. Eta, azkenik, gerra kulturalaz ere ari gara. Gaur egungo musika eszenako panoramaz hitz egin nahi izan dugu.

 Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?

Zazpi urte neramatzan disko bat argitaratu gabe. Lan honetako letra batzuk duela bospasei urtetakoak dira, eta beste batzuk grabaketa egunean bertan izan dira osatuak. Istrumentalen kasuan ere, antzekoa da: badira duela urte ugari ezagutu genituen sampler-ak, edota azken hilabeteetan aurkitutakoak. Azken urte honetan ibili gara zorrotzago forma ematen eta eginbeharrak antolatzen. Ezinbestekoa izan da beste hainbat lagunen lana. Nasty Zuga, irudian; Zoe Martikorena, bideoetan; Berbaindde, soinuaren lanketan… Ederra izan da diskoa denon artean borobiltzen joatea.

Diskoa aurkezteko kontzertuak joko dituzue?

Kontzertuak emango ditugu, bai. Laster jakinaraziko ditugu, baina esan dezakegu genuen asmoa beteko dugula: Euskal Herri osoan zehar mugitzea. Gaztetxeak lehenesten saiatu gara: gazte langileon elkargune garrantzitsuak dira, kulturalki eta politikoki, eta asko zor diegu.