Maruxak taldearen ‘Eskuminak’ diskoa

Iruñeko trabesti-talde bat da Maruxak, eta txosnaguneetan DJ saioak egiteko sortu zen proiektua hedatzen joan da; izan ere, Euskal Herriko trabesti-talde erreferenteetako bat da gaur egun.

Nola sortu zen Maruxak, eta nola deskribatuko zeniokete oraindik ezagutzen ez zaituen norbaiti?

Maruxak duela zazpi urte sortu zuten taldeko hiru kidek, txosnaguneetan DJ saioak egiteko. Baina garatzen joan da eta kide berriak sartu dira, gaur egun garen trabesti taldea sortzeko eta espazio seguruak zabaltzeko. Ikuskizunak egiten ditugu argitaratzen dugun musikarekin.

Zer du berezitik zuen ikuskizunak?

Euskal Herriko kultura aldarrikatzen dugu, trabestismotik. Euskal folkloreari beste ikuspuntu bat ematen diogu.

Zer aurkituko du ikusleak?

Ikusleek trabestien ikuskizun bat aurkituko dute; trabesti-talde euskaldun batek egindako ikuskizuna da.

Zein izan da orain arte gehien markatu zaituzten emanaldietako bat, eta zergatik?

Nahiz eta eszenatoki handietan egon, gehien markatzen gaituzten kontzertuak herri txikietakoak izaten dira, ezagutzen ditugun istorioengatik eta jendearekin sortzen dugun harremanagatik.

Zer mezu helarazi nahi diozue zuen publikoari?

Beti saiatzen gara espazio seguruak sortzen, homofobiarik, matxismorik, arrazakeriarik eta bestelako egoerarik bizi ez izateko; hori da gure mezu nagusia.

Nola deskribatuko zenukete zuen musika?

Erreferente askotatik sortutako musika da; zazpi kide gara taldean eta nork bere erreferenteak ditu. Horregatik, askotariko musika egiten dugu.

Zein dira Maruxaken hurrengo erronkak edo etorkizunerako dituzuen asmoak?

Ez dugu etorkizunerako erronka zehatzik, momentu bakoitzean aproposena iruditzen zaiguna egiten dugu. Baina bai, beste proiektu bat argitaratzeko lanean dihardugu.