Martxoaren bederatzia

Askotan, analitika bat begi bistan dugunean, aurreko egunetan, ezohiko zaizkigun jakiak jaten ditugu, ortodoxiari lotzen gatzaizkio, emaitzak ahal bezain onak izan daitezen. Gero, odola atera bezain laster, gutiziazko gosaria egin dezakegu, bolada baterako libre gaudelakoan.
Askorentzat, Martxoaren 8a da analitika eguna. Aurreko egunetan, gizon eta emakumeon arteko berdintasuna aldarrikatzen dute, pankarta bat hartzen dute goizean goiz, adierazpen ortodoxoak egiten dituzte, batzuetan opariren bat aldamenean duten emakumeari. Biharamunetik aurrera, ohiko dietara itzultzeko prest.
Agian, martxoaren 9tik aurrera, errepikatuko dute berdintasuna lortua dela aspalditik, edo tortillari buelta eman zaiola, eta, orain, lehentasuna emakumeon esku dagoela, edo kontuz eman behar direla pausoak, inor mindu ez dadin. Amaiezinak dira gizon eta emakumeon arteko eskubide berdintasunari oztopoak jarri nahi dizkioten gizon eta emakumeak.
Oraindik lortu ez den berdintasuna, ordea, guztion onerako litzateke, beti da errazago gurdiari biren artean tira egitea, beti da aberasgarriago aldamenean kide bat izatea, ez nuke aldamenean menpeko bat nahi. Eta, halere, asko dira emakumeok urrutiegi joan garela esaten dutenak, goraki, gainera.
Konforme, itzul daitezela ohiko dietara, baina jakin dezatela feminismoak urrutiago joan nahi duela, eskubide berdintasuneraino. Kosta egingo zaigu, atzerapenak pairatuko ditugu, baina ez dugu etsiko.