Mariasun Quiñones: “Partida bakarrera izanda, kopa irabazteko aukera dugu”

22 urterekin Munduko Txapelketa bat eta Realarekin Erregina Kopako finala jokatuko ditu Sun Quiñonesek. Klubak bidaiak antolatuko ditu zaleak Granadara hurbil daitezen. Balentria ez du inork galdu nahi eta Letizia erregina ere izango da bertan, lehen aldiz.

Mariasun? Asun? Sun? Nola deitu behar zaitut?

Lagunek Maria deitzen didate. Eskolan eta unibertsitatean, Mariasun eta futbol arloan, Sun. Hemen, futbolaz aparte beste gauza batzuetaz arituko gara; beraz, Sun deitu nahi badidazu, bikain.

0-10 bitarte, zenbateraino sentitzen zara futbolari profesional?

Gauzak asko hobetu dira. Nik uste dut 7an egongo nintzatekeela.

Badago hobetzerik, beraz.

Bai, badago tartea.

Hau duela hamar urte galdetu izan banizu, zail samarra izango zen.

Bai, eta duela hiru urte ere bai. Azken hiruzpalau urteetan urrats asko egin dira eta nesken futbola asko hazi da.

Eta orain, 22 urterekin, Erregina Kopako finalaren atarian eta Munduko Txapelketa bat jokatzeko aukerarekin.

Egia da, bai; kar, kar.

Maiatzaren 11n, Granadan, Atletico Madrilen aurka. Irabazteko aukerarik badago?

Bai, partida bakarrera da. Badakigu Atletico Madril oso talde potentea dela eta jokalari oso onak dituela, baina guk ere erakutsi dugu handien aurka jokatzeko eta borrokatzeko gai garela. Partida bakarrera izanda, saiatuko gara ahalik eta hoberen iristen eta dena ematen.

Sailkapenean, behintzat, alde handia dago…

Bai, aldea badago. Horregatik dira lehenengoak eta ez seigarrenak.

Hori bai, proba bat izango duzue aste bat lehenago, ligako azken partida haien kontra da eta.

Bai, eta ez dakigu liga jokatuko duten partida horretan. Oraindik badute aldea Bartzelonarekin, eta haien kontra jokatu behar dute.

Lehen aldiz izango da erregina bere izena daraman txapelketako finalean. Letizia han izango da. Horrek zer esaten dizu?

Gure futbolak gizartean hartu duen garrantziaren ondorioz, uste dut kargu altuetara iritsi dela. Seinale ona da, garrantzia hartzen goazen heinean jende garrantzitsua ere partidatara hurbiltzeak eta bere presentzia erakusteak asko esaten du.

Ekainean Munduko Txapelketa dagoelako, beharbada, baina aurten, Erregina Kopako formatua aldatu egin da, eta nik esango nuke hoberako izan dela.

Bai, esan dezakegu aurten onerako aldatu dela. Horrela tokatu da eta guk aprobetxatu egin dugu, finalera iritsita.

Formatu honek Anoetan ikusi dugun irudia ahalbidetu du. Zelaia beteta, partidu bakarra eta zirrara handia. Zure ustez, formatua mantenduz gero, ondo?

Bai; niregatik, bai! Egia da zozketa egunean zelai neutralean jokatuko genuela esan zutela, eta egunean bertan iritziz aldatu zuten eta gure zelaian jokatzea erabaki zen. Anoetan jokatu dugun bakoitzean ikusi da jendeak erantzun duela, eta gu oso kontent ateratzen gara. Ahalik eta denbora gehien Anoetan jokatzeko aukera izanik, ondo.

Sevillaren kontra 3-1, Anoetan 20.000 pertsona… Orain arte profesionaletan izandako momenturik zirraragarriena?

Seguru aski, bai. Asko pasa ditut eta zelaian momentu asko bizi izaten dira. 20 urtez azpiko Munduko Txapelketa jokatzeko aukera izan nuen Papuan, baina Anoetan horrelako giroa sentitzea, zure lagunak eta gertuko jendea Anoetara hurbiltzea, presidentea etortzea, taldekideekin horrela ospatzea… Nik oso pozik bizi izan nuen momentu hura, eta, errepikatu baldin badezakegu, errepikatu dadila!

Zeinekin gogoratu zinen garaipenaren ondoren?

Familiarekin, gehienbat. Eguneroko jendearekin gogoratu nintzen eta bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen. Momentu hori bakarra da. Ander (Ruiz) eta Oihanarekin (Aldai) daukadan harremanarekin horrelako sari bat bizi izatea ere oso berezia da.

Azkenaldian, momentu hunkigarri asko bizi izaten ari zarete. Maialen Zelaiaren eta Aintzane Encinasen agurra, Sandra Ramajoren itzulera lesioaren ondoren… Hain familiarra den emakumeen futbolean horrelakoak asko ospatzen dira.

Bai; momentu bereziak dira eta lesiotik bueltak asko ospatzen dira. Egun hartan Zubietara joan zen jende asko Sandra ikustera joan zen. Horrek asko esaten du futbolaz eta emakumeen futbolaz. Maialen eta Aintzane jokalari oso handiak dira eta Realari asko eman diote. Eredutzat hartu ditut txikitatik.

Sandra Realeko mito bilakatu da…

Baliteke baietz. Denbora asko darama futbolean eta Realean. Aintzane eta Maialen bezala, eredua da. Lesioaren ondoren, horrenbesteko lana egin ondoren saria izan du. Zelaira bueltatzeko garaia, gurekin izateko garaia eta disfrutatzeko garaia.

Belaunaldi aldaketa Realean azkeneko urteotan. Maialen, Aintzane, Itziar Gastearena, Cris Cornejo… Sandra da geratzen den bakarra.

Bai. Chini duela bost urte iritsi zen nirekin batera. Leire Baños, Itxaso eta Nahikari izango dira gainontzeko beteranoak. Beteranoak, modu batean esatearren, oso gazteak baitira. 

Asko esaten du horrek: belaunaldi aldaketa dago, gazteak dira eta denbora asko daramate lehen mailan.

Jokalari horiek bizitza osoa eman dute Realean. Eta zuk?

Bost urte dira. Reala, niretzat, talde garrantzitsua da. Taldea bakarrik ez, klub bezala ere bai. Familia da eta hemen oso gustura nago. Bost urte hauetan asko nabari dut nire hobekuntza, eta hori da nire helburua, hobetzen jarraitzea.

Realean?

Realean.

Realak Gipuzkoako emakumeen futboleko erakusgarri izan behar duela entzun dugu betidanik, baina liga asko aldatu da eta kanpotarrak iritsi dira. Nola heldu dira jokalari hauek?

Michi [Goto] japoniarra aurreko urtean egon zen eta Kiana [Palacios] dago aurten. Egia da kanpotarrak direla, baina ez ditugu asko. Gero, katalanak, madrildarrak… ditugu, baina esan dezakegu hemengoak direla. Chinik, adibidez, bost urte daramatza Realean eta etxean bezala dago.

Ez dirudite deseroso kanpotik datozenak….

Ez! Egia da Michirekin, japoniarra izanda eta bere kultura hain urrutikoa izanda… baina uste dut harremana egin genuela hemen egon zen hilabeteetan eta ikusi dugu hemen geratu dela. Ez ditugu gauzak hain gaizki egin!

“Zubieta gertuago balego, partidetara 2.000 pertsona etorriko lirateke”

Badakit taldera heltzen direnek erritual moduko bat dutela.

Garrantzitsua da datozenei lotsa pixka bat pasaraztea. Denok pasa dugu, kanta eginez eta dantzan barre egiteko. 

Iaztik, epaile guztiak emakumeak dira Iberdrola Ligan. Horrek zerbait aldatzen du zuengan?

Guri axola zaiguna da epaileek lana ondo egitea, mutil zein neska. Badakigu zentzu batean maila ez dela areagotu; akatsak egiten dituzte, baina denek bezala. Jokalariei bezala, konfiantza eman behar zaie.

Esperientzia aldetik, batez ere.

Bai. Oso azkarra da futbola. Segundo bat baino gutxiagoan erabakiak hartu behar dituzte eta hori oso zaila da. Erritmo aldetik nesken futbola ezberdina da eta ohitura hartu behar zaio. Ondo egiten dute lan, baina denbora eman behar zaie.

Badirudienean guztiak norabide berean arraunean ari direla, halako batean, liskarra berriz ere. Alde batetik, RFEF, Bartzelona eta Athletic. Bestetik, Iberdrola Ligako beste hamalau taldeak. Zuk ulertzen duzu zer gertatzen ari den?

Nik ez dut ezer ulertzen. Instituzioek interes ezberdinak dituzte eta gaur egun emakumeen futbola merkatua da. Horretan ikusten dute inbertsioa. Ez dakigu zer pasako den, baina nik uste dut distantziak mantendu behar ditugula, jakinda gure interesak ere bertan daudela.

Beraz, alde batetik, albiste ona da, hor zerbait mugitzen ari delako, baina, bestetik, klubak eta jokalariak dira kaltetuak.

Bai. Guk futbolean jokatu nahi dugu, baina ez dugu nahi haiek gurekin jokatzea. Ikusiko dugu zer pasatuko den, espero dut dena bide beretik jarraitzea eta aurrerapausoak ematen jarraitzea. Haien pikeak alde batera utzita.

Beste gai bat: zelan ikusten duzu azkenaldian asko ikusten ari garen joera hau, emakumeen taldeek zelai handietan jokatzea?

Oso ondo. Anoetan jokatzea tokatu zait eta oso ondo pasa nuen. Txikietatik bizitako ametsa egia bihurtzen laguntzen du. Zelai handiak irekitzea eta emakumeen futbola ikusgarria izateko laguntzen du. Ez bakarrik futbolerako, baizik eta beste kirol txikietan ematen den giro horretarako.  Ikusgarri egite horrek, medioetan egunero azalduta jendea animatzen da.

Hau futbolean eta Euskal Herrian asko ikusten ari gara, baina beste eredu batzuk baditugu. Adibidez, Estudiantes-en emakumeen taldeak 13.000 pertsona batu zituen WiZink Centerren. Noiz utziko dio honek albiste izateari?

Oraindik denbora falta da, baina, albiste onak diren bitartean, gu pozik. Gaur egun, zaila da astez aste hainbeste jende zelai handietara hurbiltzea, baina pixkanaka ohitura bihurtzen ari da astero edonon zelai handiak irekitzea. Ohitura ona da eta espero dugu gero eta gehiago egotea.

Aukeratzeko: zer nahiago duzu, urtean bizpahiru aldiz Anoetan eta astero Zubietan jokatu 200-300 pertsonarekin edo beti 2.000 pertsonaren aurrean jokatzea?

Zubieta gertuago balego, nik uste dut 2.000-3.000 pertsona astero joango liratekeela. Ni geratuko nintzateke Anoetan urtero birritan jokatu eta Zubietara astebururo 2.000-3.000 pertsona etortzearekin.

Gonzalo Arconada orain dela urte eta erdi iritsi zen Realera. Garai hartan zalaparta moduko bat sortu zen, baina emaitzak hor daude. Nola hartu zenuten berria aldagelan eta gaur egun nola dago harreman hori?

Egoera larrian geunden, eta entrenatzaile berriak motibazio gehigarri puntu hori dauka. Gonzalorekin asko ikasten ari gara eta taktikoki entrenatzaile osoa da. Zubietara ikastera noa, egunero ikasten dut zerbait, eta horrek pozten nau. Jokatzera noa, eta ikastera ere bai. Ikusi da bere lana oso ona izan dela. Egia da albisteak garai hartan harritu egin gintuela. Urte asko egin ditu mutilen futbolean, eta ez genekien nola hartuko zuen taldea, baina denok moldatu gara. Taldea bere ezaugarrietara moldatu du, eta gu berari. Hainbeste hilabetetan landutako fruitua orain jasotzen ari gara.

Denbora asko pasa beharko da Realeko emakumeen taldea emakume batek entrenatzeko?

Ez dakit. Gero eta emakume gehiago daude prest, baina, epailei bezala, aukera eman behar zaie. Konfiantzarekin eta esperientziarekin hobetzen joango dira. Nik uste dut aukera emanez gero bihar bertan jarriko litzatekeela emakume bat gure entrenatzaile. Espero duguna, bai, baina mutil batek ondo egiten badu, jarrai dezala, eta emakume batek ondo egiten badu, berak ere jarrai dezala.

Gertuago dago hori emakume batek gizonezkoen taldea zuzentzea baino.

Bai. Ematen ari da eta zaila izango da. Baina, azkenean, maila izango da erabakiko duena gizon bat eta emakume bat aritzea aulkian.

Ekainean Munduko Txapelketa dator eta, okerrik ez bada, zu han izango zara.

Orain arte, deialdi guztietan sartu naiz. Ni oso gustura nago eta hautatzailea nirekin gustura dagoela uste dut. Gaztea naiz. Sandra [Paños] eta Lola [Gallardo] ni baino helduagoak dira eta esperientzia handiagoa dute. Bartzelonan eta Atleticon ari dira eta maila hori nabari da. Txapeldunen Liga jokatzen dute, finalak jokatzen dituzte eta ligak irabazten dituzte. Normala da bestelako esperientzia batzuk edukitzea, baina ni pozik nago eta uste dut maila ona ematen dudala.

2015eko Kanadako Emakumeen Munduko Txapelketara jende gehiago gerturatu zen garai berean jokatzen ari zen gizonen Amerika Kopara baino. Aurtengoa Frantzian izango da eta zelai handietan jokatuko da, baita Printzeen Parke ospetsuan ere. Ze irudi duzu buruan?

Duela gutxi, selekzioarekin Portugalen egonda, komentarioak atera ziren. Frantzian izanda, Espainiako eta hemengo jendeak gerturatzeko aukera izango du. Irisgarritasuna handia da. Kanadan izandako batzuekin hitz egin dut eta giroa oso ezberdina dela diote. Munduko Txapelketara jendea giroaz gozatzera doa, lau urtean behin jokatzen den zerbaitez disfrutatzera. Nik telebistaz ikusi nuen eta hunkigarria izan zen, Espainiako selekzioa lehen aldiz aritu zelako Munduko Txapelketan. Eta, ni han egonda, are gehiago.

Ondo bidean, hiru gipuzkoar izango zarete. Realeko bi eta Realetik pasatako beste bat.

Realean gauzak oso ondo egiten ari gara. Horren erakusgarri da Nahikari eta biok selekzioan aritzea. Irene Paredes oso jokalari handia da eta pozez hartzen dugu Realeko jokalari izatea. Bera eredu handia da guretzat, ikusteko noraino heldu gaitezkeen Realean egonda. Selekziora iristea ez da erraza, eta harro egotekoa da.

Zu, orain, gazteen erreferente izan zaitezke, baina gazteago zinenean bazenuen erreferenterik?

Gehienak, mutilak. Iker Casillas, niretzako, handiena izan da eta oraindik maila ematen jarraitzen du. Mutilen kasuan asko dira, baina duela 5-6 urte AEBetako liga ikusten hasi nintzen, eta bi atezain azpimarratuko nituzke: Hope Solo eta Ashlyn Harris. Azken horrek AEBetako selekzioko atezain izaten jarraitzen du, eta, duela urte eta erdi, hura ezagutzeko aukera izan nuen. Futbolak ematen dizun hori ez dizu beste ezerk ematen eta idoloa ezagutzea oso handia da.

Ohikoa da futbolean partida amaieran kamisetak aldatzea. Zuek ere egin dezakezue?

Egiten badugu, hurrengo astean ez dugu kamisetarik edukiko, baina egin, egin dezakegu; kar, kar. Egia da aurrekontu aldetik ezberdina dela. Selekzioan partidu bakoitzeko bi kamiseta ditugu eta aldatu ditzakegu, baina beste selekzio batzuetan ez da horrela. Eskatzen badugu kamiseta aldatzea, nik uste  dut ez dela arazorik izango, baina astebururo eginez gero, bai. Urtean 50 kamiseta asko dira jokalari batentzat, baina une berezietan aukera hori izango dugula uste dut.

Martxoaren 8an zer egin zenuten Realeko emakumeek?

Deskantsatu, greba egin. Martxoaren 8a horrelakoa da, deskantsua genuen eta nik uste dut Gonzalok hori kontuan izan zuela.

Kuriositate bat: emaitzak ikusteko aplikazioetan, Iberdrola Liga gizonen Hirugarren Mailaren atzetik azaltzen da. Asko falta da hori aldatzeko?

Nik LaLigako aplikazioa erabiltzen dut eta hor erraz dago ikusteko. Beste batzuetan, beharbada, zailagoa da, baina nik uste dut poliki-poliki hasi garela goiko lerroetan azaltzen. Gizartea aldatzen ari da, eta hori helduko da. Lehenengoak ez bagara, bigarrenak edo hirugarrenak. Behintzat ,azaldu.

Irakasle ikasketak dituzu. Futbola uztean irakaskuntzan sartzeko?

Irakaskuntza asko gustatzen zait, baina oraindik, 22 urterekin, gaztea naiz. Espero dut futbolean urte gehiago egotea. Geletan ez bada, seguru aski, irakaskuntzari lotuta ikusten dut nire etorkizuna.