Maria Cerezuela: “Filmeko edo telesaileko protagonista izateak ardura handia dakar”
Barakaldon jaio arren, (1996), Gasteizen hazi da Maria Cerezuela aktorea. 2022an Maixabel pelikulan Maria Jauregiren papera egiteagatik Goya saria irabazi zuen, eta ordutik haren ibilbideak koska bat gora egin du. Hurrengo proiektuan, Romi telesailean, protagonista nagusia izango da Cerezuela.
Primera sangre antzezlanarekin ibili zara ekainera arte Madrilen; zer-nolako esperientzia izan da?
Laura izan naiz Primera sangre-n, 90eko hamarkadan eraildako umeetako bat. Haren kasua itxi egin zuten, erruduna aurkitu barik. Haren mamuak auzoko bi umerekin, komisarioarekin eta hezitzaile batekin egiten du topo. Ezezagunaren eta beldurtzen gaituenaren inguruko hezkuntzaz berba egiten du obrak. Emakumeen gorputzetan haurtzaroan gertatzen diren abusuen gainean hausnartzeko obra bat da.
Zer ematen dizu antzerkiak pantailak ematen ez dizuna?
Beste mundu baterako ate bat da antzerkia. Ez dago atsedenik. Funtzio bakoitza plano-sekuentzia bat da. Inon ez naiz egon horren orainaldian agertoki baten gainean baino. Funtzio bakoitza ezberdina da, publikoagatik eta antzezleak gauden unean uneko egoeragatik. Kontzentrazio ariketa erreal bat egin behar da. Antzerkia, Primera sangre bezalako lanekin, hildakoak berpiztea eta bizirik daudenekin jolastea ahalbideratzen duen ekintza magiko bat da. Niretzat antzerkia eremu sakratua izango da beti.
Laster Romi helduko da pantailara; zer aurreratu dezakezu? Bilbon grabatu duzue, ezta?
Romi nire lehen pertsonaia protagonista izan da. Horrek ardura handia dakar. Egunero zerbait berria ikasi dut pertsonaiarekin: antzezten, alde batetik; eta hitz egiten, bestetik. Romi erraietako pertsonaia bat da; dena erraietatik esan eta egiten du. Asko ikasi dut harengandik. Lan gogorra izan da, baina eskertuta nago, benetan. Emakumezkoak diren pertsonaia hain gizatiarrak antzeztea zortea da. Eta bai, telesail osoa Bilbon egin dugu. Oso zoriontsu egin nau horrek, etxean grabatzea oparia delako.
Iaz bi lan oso ezberdin estreinatu zenituen: Las buenas compañías, alde batetik; eta El club de los lectores criminales, bestetik. Beldurrezko generotik dramara eta alderantziz…
Oso eroso sentitzen naizen bi erregistro dira. Bi proiektu oso-oso ezberdin izan dira, baina grabaketetan asko gozatu ahal izan dut. Las buenas compañías lan ederra izan zen eta Silvia Muntekin lan egiteko aukera izan nuen. Begirada berezia eta bakarra duen zuzendaria da Munt. Gainera, pelikulako aktore gehienak emakumeak ginen eta askok elkar ezagutzen genuen aurretik. El club de los lectores criminales egiten asko gozatu nuen. Beldurrezko film bat grabatzen horrenbeste barre egin litekeenik ez nekien… Aktoreekin lan egitea oso dibertigarria izan zen.
Zer izan da zuretako Maixabel pelikula?
Inflexio-puntua izan zen. Iciar Bollainekin eta Blanca Portillorekin lan egin nuenean ametsa bete nuen. Blanca beti izan da erreferente bat niretzat, eta harekin lan egingo nuela jakin nuenean ezin nuen sinetsi. Asko ikasi nuen. Proiektu hark, bizitza aldatzeaz gain, bizi-ikuspegia ere aldatu zidan. Maria Jauregiren azalean sartzea profesionalki ikasketa handia izan zen, baina pertsonalki are handiagoa.
Eta Goya irabazi izanak? Zer sentitu zenuen une hartan?
Etorkizuneko proiektuetan muturra sartzeko ikusgarritasun eta irisgarritasun handiagoa eman zidan. Hala ere, beti esan izan dut benetako saria deiak jasotzen jarraitzea dela. Gaur egun, oraindik, ez dakit ondo azaltzen nola sentitu nintzen nire izena esan zuten unean. Arraroa da. Ez nintzen oso kontziente, baina agertokitik irten bezain laster gorputz osoa sutan nuela ondo gogoratzen dut. Euforia handia nuen, baina kontrolpean neraman. Bizitza osoan gogoratuko dudan zerbait.
Egia da Harry Potter sagako Hermione Granger pertsonaiak aktore izateko eragin handia izan zuela zugan?
8 urte nituela, aitak Harry Potter eta sorgin harria ikustera eraman ninduen zinemara. Sekulako beldurra pasa nuen. Baina zerbait mugitu zitzaidan barnean. Mundu magikoa, pertsonaiak, istorioa… Mundu hartako partaide izan nahi nuen. Hermione aurkikuntza bat izan zen, pantailan, ordura arte, ez nuelako normatik irteten zen emakumezko pertsonaiarik ikusi. Ikasketei lehentasuna ematen zien pertsonaia, inteligentea, bitxia, helburu argiekin, anbizioa zuena…
Nola deskonektatzen duzu grabaketa eta grabaketa artean?
Lagunekin, bikotekidearekin eta familiarekin egoten. Liburu on bat irakurtzen edota ibilaldi bat egiten. Zaila ematen duen arren, deskonektatzeko gai naiz.