Maria Blanco: “Ni naizenaz baliatu naiz umorea egiteko”


Bakarrizketetan, aktore lanetan eta umorezko saioetan murgilduta dabil Maria Blanco (Zestoa, 1995). Punpairez podcasta estreinatu berri du, eta, beste lau bakarrizketarirekin, Bostok ikuskizuna Euskal Herriko txoko ezberdinetara eramaten ari da.
Bakarrizketari, telebista saioetan eta podcastetan kolaboratzaile, aktore, dantzari… Denetik egiten duzu Maria! Non edo zertan zaude gusturago?
Ni, gusturago, nire lagunekin berriketan, garagardo bat eskuan dudala, kar-kar. Baina aipatutako gauzetatik bat aukeratzekotan, taula gainean nire gauzak kontatzen nago gusturen, publikoarekin konektatuta; izugarria da beraien erreakzioak ikustea, entzutea… Telebista ere gustatzen zait, baina hotzegia da; nik, oro har, berotasuna behar dut bizitzan!
Bakarrizketetan murgilduta zaude, azkenaldian, Bostok ikuskizunaren emanaldiekin. Adrenalina ematen du oholtzara igotzeak eta publikoa aurrez aurre izate horrek?
Ikaragarria da! Bestela, zergatik igotzen gara ba! Izugarria da sentsazio hori, eta, zer esanik ez, zuk kontatutako txisteekin barre egiten dutela ikustean! Ego handiegia dugu umoregileok; bestela, esango didazu nor jarriko litzatekeen oholtzan ze graziosa den erakusten.
Zeintzuk dira zure erreferenteak bakarrizketari dagokionez?
Uste dut ez dudala erreferente ezagunik. Nire erreferenteak nire lagunak dira, kar-kar. Gustuko ditudan bakarrizketari asko ditut, noski; gehienak, emakumezkoak, jakina, baina erreferente hitza handiegia da. Nik nire izaera aurkitu dut, ni naizenaz baliatu naiz umorea egiteko, eta, noski, nire inguruak zerikusi handia izan du horretan.
Oholtza gainean, bakarrizketaren baten, gertatu zaizun anekdotarik?
Bakarrizketa berandu hastea, nire kuadrillakoak berandu heldu zirelako! Baina beti egongo naiz lagunei eskertuta, hasierak ez direlako errazak eta laguntza hori behar duelako artistak. Beraz, lagunen bat baduzue musikaria, dantzaria, aktorea… joan bera ikustera ,asko eskertuko du-eta!
Elkarrizketa baten komentatzen zenuen dantzarekin zure burua ezagutzen eta maitatzen ikasi zenuela. Hala da?
Zalantzarik gabe! Nire autoestimua dantzari eta dantzan ezagutu dudan talde eder horri zor diot. Autoestimu gutxirekin dagoen edonori gomendatzen diot dantzan hastea. Dantza asko daude; ez geratu etxean lotsagatik –gehienek egiten duten bezala–, probatu arreta ematen dizuna.
Twerking zalea zara eta dantza talde baten ere bazabiltza. Engantxatu egiten du twerking dantzak?
Euskal Herri osoa kafearekin engantxatuta, eta ni twerking-arekin; hau da hau marka, kar-kar. Bakoitzari berea. Baina ez nau dantzak bakarrik harrapatu, bertan ezagutu dudan pertsonak ere izan dira. Izugarrizko talde polita sortu dugu, eta hori eskertzekoa da.
Gomendatu egiguzu podcast bat edo umorezko saioren bat.
Nire podcast gustukoena Las moderadoras da. Baina euskaraz, zalantzarik gabe, Benetan zabiz?. Asko maite dudan podcasta da, izugarrizko lana egiten dute Aitziberrek eta Malenek. Ni Punpairez podcast berri batekin nabil, baina ez dakit ba nik gomendatzeko modukoa den, kar-kar.
Zestoarra zara. Zer du zuen herriak horrenbeste saltsa, musika talde eta celebrity izateko?
Hau dena Lin Ton Taun taldekoek aurreikusi zuten, esanez: “Zestoako harrobia, hau da hau erokeria”, kar-kar.