Maren: “Zuzenekoetan jendearekin konektatzeko abestiak idazten nabil”


Disko berria prestatzen ari da Maren (Bilbo, 2002). Bartzelonan bizi den arren, lotura estua izaten jarraitzen du Euskal Herriarekin. Aurten burua zuzenekoetan jarri du bilbotarrak.
Margaritas y lavandas diskoaren ostean, zerbait berria prestatzen hasi zara?
Bai; bigarren diskoa prestatzen nabil. Margaritas y lavandas diskoak ekarritako guztiaren ondoren argi ikusten dut bigarren disko honen helburua. Kontzertuetan jendearekin konektatzeko abestiak idazten nabil, zuzenekoak garrantzi handia dauka hurrengo diskoan.
Aurten urte lasaiagoa duzu kontzertuei dagokienez. Aurreko urteak kañeroak izan dira?
Oso, eta ederto pasatu dut. Buelta-bueltaka ibiltzea asko gustatzen zait. Gaur hemen, bihar beste edonon… Aurten, diskoa prestatzen nabilenez, gauza txikiagoak egingo ditut, baina indarrez bueltatzeko asmoz.
Duela hilabete, Amaiera-ren bideoklipa estreinatu zenuen. Zuretzat abesti berezia da, ezta? Batez ere, duen esanahiagatik.
Munduaren amaieraren inguruan hitz egiten duen abestia da. Musika komunikabide ederra da, eta nik mezu garrantzitsuak zabaltzeko tresna moduan erabiltzen dut askotan. Gure bizimodua moldatzeko deialdi bat da. Argi ikusten dugu amaiera honen lehen atala; ur falta, gero eta tenperatura altuagoak… Beraz, abesti honekin jendea errealitatera hurbiltzea nahi nuen.
Gaur egun Bartzelonan bizi zara. Zer ematen dizu Bartzelonak?
Bartzelonan ikasi nuen batxilergoa, eta geroztik, aurrera eta atzera nabil. Nire musikarien banda bertan dut, abestiak bertan grabatzen ditut, lagun asko, familia… Euskal Herria eta Bartzelona artean bizitzea gustuko dut, baina ez dut uste inon finkatzera ausartuko nintzatekeenik; kar-kar.
Zeintzuk dira, gaur egun, zure erreferente nagusiak musikan?
Ingalaterrako musika maite dut: Arctic Monkeys, Suki Waterhouse, The Beatles… Frantziarrak ere bai: Françoise Hardy, Melody’s Echo Chamber… Txikitan entzundako musikak inpaktu handia izan du nire musikan; euskal musikak, nire amak jartzen zizkidan abestiak eta amamak emandako biniloetakoak.
Nola deskonektatzen duzu?
Skatean ibiltzen naiz eta furgonetarekin edonora noa denbora izanez gero… Argazkilaritza ikaragarri gustatzen zait; beraz, kamera hartu eta paseo bat ematen dut… Edozer, egia esan, baina ez dut musikarik entzuten; kar-kar. Horrek lanarekin konektatzen nau.
Konta egiguzu zutaz ez dakigun zerbait, bitxikeriaren bat, zaletasunen bat.
Mmm… Eskubaloian jokatzen nuen txikitan, urte nahikotxo. Ez dut uste inoiz esan dudanik; kar-kar…
Autokarabana bat berritu eta harekin bidaiatzen hasi zara. Amets bat bete duzu?
Noski. Txikitatik nire amaren furgonetan bidaiatu izan dugu. Guk kanperizatu genuen, eta betidanik oso hurbil izan dudan bizimodua izan da. Aurten nire autokarabana erosi dut; 1992ko autokarabana bat. Berritzeko gogotsu nengoen, diseinua asko gustatzen zaidalako. Beraz, eskuak zikintzeko prest egon naiz; kar-kar. Pare bat bidaia egin ditut jada, eta oso pozik nago.
Nora bidaiatu nahi duzu autokarabanarekin? Zein da zure ametsetako bidai?
Aurten Glastonbury jaialdira joatea zen asmoa. Itsasontzia hartu eta Ingalaterrara joatea. Baina, tamalez, ezin izango dut egin. Beraz, Glastonburyra joatea da nire ametsa.