Manu Etxezortu: “Jendeari istorioak kontatu behar zaizkio”

Irratiko ahots bezala 30 urteko egingo ditu uda honetan Manu Etxezortu andoaindarrak. Irratia da bere “pasioa” eta “Euskadi Irratia erreferentetzat” duela aitortu du esatariak, besteak beste, Idoia Torregaraik Donostiako Keler gunean egindako elkarrizketan.

Manu Etxezortu! Ondo etorri TTAP-era! A ze poza!

Eskerrik asko. Ni ere oso pozik etorri naiz.

Irratiko ahotsa zara, urte askoan, 1991. Urtetik, oker ez banago. Zer da, zuretzat, irratia?

Irratia da gailu txiki bat. Akordatzen zara neska-mutilak ginen garaian nola igande arratsaldeetan joaten ziren senar-emazteak eskutik helduta eta senarrak eramaten zuen irrati txiki bat futbol partiduak jarraitzeko? Ba, niretzat, irratia, batez ere, gailu txiki hori da. Gaur egun, irratia kontsumitzeko moduak asko aldatu dira, ordenagailu bitartez, mugikor bitartez… Baina, niretzako, irratia gailu txiki bat da oraindik. Gailu txiki zoragarri bat. Gailu txiki horretatik pentsa zenbat gauza ateratzen diren. Ateratzen dira notiziak, ateratzen da Idoia Torregarai, politikariak hizketan, idazleak, umorea, kirola… Eta ze merke! Pilatxo batzuekin bakarrik, pentsa ze energia gutxi eta ingurumenarekin ze iraunkorra den irratia.

Magia, ezta?

Bai, hori da.

Eta, zuretzat, bizitzan, zer da?

Niretzat, pasio bat da. Ordu asko eskaini dizkiot, nire bizitzako zati handi bat, eta pozak ere eman dizkit. Nire bokazioa izan da, haurra nintzenetik. Lagunekin eta anaiekin jolasean ibiltzen nintzen, baina jolas bat ze etxean bertan irrati bat sortzea. Eta musika jartzen nuen eta teknikari izango banintz bezala egiten nuen. Musika jartzen nuen, kirol emaitzak irakurtzen nituen egunkaritik, elkarrizketa faltsuak asmatzen nituen, ahots ezberdinak egiten nituen. Beraz, lanean hasi aurretik, irratia jolasa ere zen niretzat.

Eta gogoan duzu lehenbiziko aldiz mikrofonoa esku artean izan zenuenekoa?

Bai! Aurten, udan, 30 urte beteko dira. Leioan Kazetaritza ikasten ari nintzen eta ordezkapenak egiteko aurkeztu nintzen. Azterketa bat egin, eta gainditu egin nuen, eta Odile Kruzetak deitu zidan albistegietarako ordezkapenak egiteko. Uda aldean, goizeko seietarako han nengoen eta albistegietan lan egin nuen, Goiz kronika albistegian. Ez naiz akordatzen ze kronika egin nuen, baina albistegian hasi nintzela bai.

Eta espero zenuena topatu zenuen?

Ezustekoak ere hartu nituen. Irratiaren magia ahotsak dira. Zuk irratia entzuten duzu, eta ahots horiei aurpegia jartzen diezu. Eta ezagutzen nituen ahotsak ez zetozen bat askotan pentsatu nuenarekin. Ezustekoak jaso nituen. Onak eta txarrak. Niri ere gertatu zait, e. Behin, Faktoria programa egiten genbiltzala entzule batek deitu zigun iritzia emateko. Nik eskerrak eman nizkion iritzia emateagatik, eta berak: “Zaude, zaude, Manu! Urte asko daramatzat irratia entzuten eta duela gutxi Berria-n ikusi dut zure argazki bat’. Eta isilik geratu zen. Eta nik esan nion: “Eta? Zer? Guapoagoa imajinatzen ninduzun?”. Eta berak esan zidan: “Desberdina”. Kar, kar, kar… Beraz, onerako edo txarrerako, zuk aurpegi bat jartzen diozu ahotsari, eta gero, bat dator edo ez dator. Baina berdin da, irratia horrelakoa da. Zoragarria.

Eta gogoan duzu lehenbiziko aldiz zuzenekoa egin zenuenekoa? Zuzeneko saio bat, adibidez.

Lehendabiziko uda hartan ibili nintzen albistegian eta hurrengo urtean, berriz ere udan hartu ninduten lanerako eta magazin bat egiten hasi nintzen 10:00etatik 12:00etara. Elkarrizketak eginez, liburu gomendioak eginez, musika jarriz… Nola zen saioaren izena? Uda dudan.

Izan ere, zuzenekoak badauka xarma berezi bat, ezta?

Bai. Ez dakizulako inoiz zer gertatuko den. Beraz, zuzeneko hori kudeatzen asmatzeak sekulako saltsa ematen dio zure ofizioari.

Eta horrelako egoera batean noizbait hitzik gabe geratu zara?

Hitzik gabe ez. Hau bizikletan ibiltzen ikasten duzunekoaren antzerakoa da. Pedalei ematen diezu eta bazoaz aurrera, eta uneren batean pedalei eragiteari uzten badiozu bizikleta ere aurrera doa. Hitzik gabe ez zara geratzen. Okerrago izaten da hitz desegokiren bat erabiltzen baldin baduzu. Gero, ez duzu jakiten nola atera korapilo horretatik. Gogoratzen dut garai hartan oso gazte nintzela, gaur egun ez lidake inportako, baina motor gidari batzuk gonbidatu nituen eta haiekin ordu erdi hizketan jardun genuen. Eta agur esateko momentuan eskerrik asko eta kaixo esan nien. Eta ez nuen jakin hortik zelan atera; kar, kar, kar… Orduan, drama  bat iruditu zitzaidan.

Eta alderantzizkoa? Batzuetan gertatzen da une desegokian barre egitea edo barreari ezin eustea.

Badaude trikimailuak. Horiek ere ikasten dira irratian. Adibidez, ahoa zabaltzen baduzu, barregura saihestuko duzu.

Proba egingo dugu, bai; kar, kar, kar

Albisterik larrienean ere barrea irteten bazaizu, hori pasatu daitekeelako urduritasunak eraginda, ahoa zabaltzen baduzu, barrerik ez duzu egingo. Ikusiko duzu nola ekidingo duzun barrea.

Manu, zuk urteak daramatzazu elkarrizketak egiten. Baten bat gelditu zaizu oroitzapenean edo bihotzean edo?

Bai, asko. Esate baterako, beti aipatzen dut, eta hamar urte edo izango dira dagoeneko, irratira Nestor izena zuen gizon bat etorri zela. Oso gaixo zegoen alaba bat zuen eta bera borrokan zebilen, ikerketarako dirua biltzen… Borroka asko egin zuen arren eta mediku askoren eskuetatik pasa ziren arren, 5 urteko alaba hil egin zen. Alabatxoa hil eta handik hilabetera etorri zen berriz ere. Ez dakit nondik atera zuen indarra, baina berak gaixorik zeuden beste haur batzuk laguntzen jarraitu nahi zuelako etorri zen irratira. Elkarrizketa hura beti geldituko zait barruan. Baina hori bezala, edozein elkarrizketa izan daiteke hunkigarria. Adibidez, gaur etorri dira irratira bi gazte eman dituztenak bi urte bizikletaz Arrasatetik Txinara bidaia bat egiten. Euren esperientzia kontatu digute eta oso polita izan da. Kontatu digute munduaren ze ikuspegi itxia dugun. Komunikabideetan ikusten ditugu beti gerrak eta istiluak, eta haiek esan digute ze eskuzabalak eta lagunkoiak izan diren bidean aurkitu dituztenak. Beraz, beti izaten da hunkigarria egiten duzun azken elkarrizketa ere.

“Pentsatu beharko ditugu lengoaia eta saio berriak gazteak erakartzeko”

Eta zerbaitekin gelditzen zara beti, ezta?

Bai, beti ikasten da zerbait, guztiek dutelako zerbait erakusteko. Horregatik, irratian lan egitea zoragarria da. Jende asko ezagutzen duzu, eta, ezagutzeaz gain, jendeak beti erakusten dizu zerbait.

Lehenbiziko hamarkada albistegian pasa zenuen, eta azkeneko urte hauetan Faktoria magazinean zabiltza, beste erregistro batean. Zer du bakoitzak?

Dena da irratia. Nik garai hura bizi izan nuen pasio handiz eta beste hau ere bai. Idazle bati eleberri bat edo ipuin-liburu bat idaztea galdetzea bezala da. Dena da literatura ere. Aldatuko da kontatzeko forma, generoa, tonua, baina, azkenean, zu istorioak kontatzen ari zara. Jendeari istorioak kontatu behar dizkiozu.

Baina albistegiak badu beste bizkortasun bat…

Badu beste bizkortasun bat, bai, baina albistegietan ere magazinetako elementuak sartzen dituzte, eta alderantziz. Orduan, nire ustez, generoa lausotzen ari dira. Azken finean, aktualitateaz ari gara hizketan.

Eta bueltatuko zinateke albistegietara?

Bai! Zergatik ez? Politika, tertuliak, elkarrizketak… Asko gustatzen zaizkit.

Eta irratiak zertan irabazten dio telebistari?

Ez dakit… Azkartasunean uste dut gaur egun ezetz. Telebistak gaur egun dituen bitartekoekin irratiak bezain azkar erantzuten die albisteei. Nik uste dut, gaur egun, irratiak telebistari patxadan irabazten diola. Telebistan audientziaren borroka hain da basatia, ezin duzu gauza batekin lasai jardun. Azkar aldatu edo elementu berriak sartu behar dituzu. Irratian arnas luzeko kazetaritza egiteko beste patxada bat dugu.

Eta zer hartuko zenuke telebistatik irratirako?

Erritmoa pixka bat hartuko nuke. Kontraesana dirudi honek, baina erritmoa zenbait momentutan edo telebistako bizitasun hori hainbat momentutan ondo etorriko litzateke.

Esan duzu behin entzule batek deitu zizula eta aurpegia jarri zizula. Zu etxeetara sartzen zara egunero-egunero eta familiako kide bilakatzen zara. Gertatu zaizu horrelakorik edo esan dizute?

Bai. Entzuleek zure egutegia ezagutzen dute zuk bezain ondo. Badakite noiz dituzun oporrak, noiz gaixotzen zaren, faltan bazaude… Azkenean, familia bat gara. Familia bat, zentzu guztietan. Irratiko entzuleek ere irratia haiena balitz bezala sentitzen dute, kontaktua izugarria da. Adibidez, klasiko bat izan da irratian telefono deiak jasotzea. Horren funtzioa gaur egun Whatsapp-ek hartu du, eta jendeak asko parte hartzen du. Eta hori irratia oso gertukoa sentitzen dutelako gertatzen da. Entzuleen bitartez ere gauza asko ikasten dira, asko ematen digutelako.

Et zu, adibidez, irratiarekin esnatzen zara?

Esnatzeko iratzargailu bat dut. Baina hanka lurrean jarri bezain pronto irratia pizten dut. Bizarra kentzen ari naizen bitartean ere irratia entzuten dut. Sukaldean gosaltzen ari naizen bitartean ere bai. Etxeko gela bakoitzean irrati bat dut. Hala da.

Eta telebista ikusten duzu?

Telebista ikusten dut, baina ez dut kontsumitzen irratia adina. Irratia denbora guztian, goizez, gauez… Ingurukoek esaten didate: “Behingoz kenduko al duzu irratia?”.

Zeintzuk dira edo izan dira zure irrati erreferentziak?

Euskadi Irratia osorik. Iruditzen zait Euskadi Irratiak oso programazio zabala duela gaur egun, eta denetarik eskaintzen du. Goizeko bostetan hasi Argi ibili Leire Ibargutxirekin, eta gauerdiko hamabietan Ekain Perezen klasikoekin bukatuta, pentsa zenbat programa eta zenbat jende dagoen; adin eta estilo ezberdinetakoak, gainera. Niretzat, Euskadi Irratia erreferente bat da egun osoan. Eta euskarazko irratigintza, orokorrean, ere bai. Lehen aipatu dizut irrati txikiarena. Badut beste ohitura friki bat, eta oporretara noanean kanpora beti eramaten dut nire irrati txikia. Maulera banoa, nire irrati txikia eramango dut eta Xiberoko Gotza piztuko dut, eta Gasteizen Hala Bedi irratia, eta Seguran Segura irratia, eta Lesakan Xorroxin Irratia. Eta norbaitek esango du horiek Internetez etxetik entzun daitezkeela. Baina ezberdina da.

Baina kuttunen bat izan behar duzu. Erreferenteren bat zuretzako…

Nik, gaztetan, Radio 3 asko entzuten nuen, iruditzen zitzaidalako aire berria zetorrela garai hartan. Eta gaur egun, erreferente dira, niretzako, kataluniarrak. Estatu espainiarrean irratigintza han sortu zen, gainera, Radio Barcelonarekin, eta betidanik izan dute eskola izugarria. Catalunya Radio eta RAC 1 beti izan dira erreferenteak magazin eta saio berriak antolatzerakoan. Nik asko begiratzen dut hara.

Lehen esan duzu hitza ez zaizula falta…

Isilik ez naiz geratuko… Beste gauza bat da zer esaten dudan; kar, kar, kar…

Baina zure lan tresna ahotsa da. Eztarria, beraz, zaindu beharreko kontua da esatari batentzat. Zuk zerbait berezia egiten duzu?

Edari hotzak ez dituzu edan behar, ahal dela. Nahi duzu eztarria zaintzeko erremedio bat ematea? Hartu salbia eta erromeroa, eskukada bat bakoitzetik, infusio bat atera hortik, eta infusio horri bota txorrotada bat ozpin eta eztia. Dena ondo nahastu eta horrekin gargarak egin. Orain, batzuetan, horrek ere ez du balio. Eztarria oso nekatuta baldin badago, botikarik onena da atseden hartzea eta isilik egotea.

Eta maitemindu zara noizbait irratian entzun duzun ahotsen batekin?

Ez… Maitemindu ez. Baina ahotsak sekulako indarra du. Behin maitemindu nintzen ahots batekin, baina ez irratia entzunda, zinean baizik. Her pelikula ikustera joan nintzen. Joaquin Phoenix da protagonista, eta bera sistema eragile batekin maitemintzen da, eta sistema eragileak emakume baten ahots zoragarria du. Badakizu norena? Kredituak irakurtzen enteratu nintzen. Scarlett Johansson-en ahotsa da. Neska ederra da, baina bere ahotsa are eta ederragoa.

Aipatu duzu lehen ere Euskadi Irratia erreferente bat dela irratigintzan. Zein uste duzu dela bere indargunerik handiena?

Informazioa. Edozer gauza gertatzen bada Euskal Herrian edo munduan, Euskadi Irratiak emango dizu. Informazioa, zentzurik zabalenean: politikan, gizartean, kulturan, kiroletan, azken ordua… Hor gaude orduro. Magazinetan ere, guztiz irekiak direlako, eta beti gaudelako aktualitateari begira. Zerbait sortzen bada, parentesi bat irekitzen da azken ordua emateko. Informazioaren erreferenteak gara. Eta konpainia eta umorea ere bagara.

Eta zer hobetuko zenuke? Zer ikusten duzu hankamotz?

Nik uste dut hankamotz gaudela Euskadi Irratian eta orokorrean irrati guztietan, pentsatu behar dugula etorkizunean nolako irratia egingo dugun. Oso irrati ona egiten dugu, baina pixka bat ari gara errepikatzen duela 30-40 urte martxan jarritako eskemak. Magazin klasikoak. Pentsatu behar dugu, eta komunikazioan adituak direnek esaten dute, gazte jendearekiko eten bat sortzen ari dela. Gazte jendeak ez duela hainbeste jotzen irratira. Beraz, nola erakarri horiek? Betidanik izan da hori irratiaren erronka, eta pentsatu beharko ditugu lengoaia berriak eta saio berriak gazte jende hori erakartzeko. Hor erronka dugu guk eta irrati guztiek.

Fake news delakoren bat eman duzu noizbait antenan? Nola egin aurre gaur egungo gaitz horri?

Zaila da, informazio jarioa izugarria delako. Kanal asko daude eta kanal horietatik iristen den informazioa, presaren presaz, notiziak azkarregi eman litezke. Eta pasatu zaigu. Horrelakoetan, autokritika egin beharra dago. Inoiz horrelako hanka-sartzeren bat izan dugunean, autokritika egin dugu, eta egin behar dena da gauzak patxadaz hartu. Bereziki, albisteak hurbilekoak direnean. Hobe da 10 minutu itxaron, kontrastatu, dei pare bat egin, egiaztatzen saiatu eta ondoren eman. Twitterrek edo txio batek egin dezala nahi duena, baina guk kontrastatu egin behar dugu.

Eta zuri ze albiste ematea gustatuko litzaizuke? Badago baten bat?

Euskararen ikuspegitik, nahiko nuke egunen baten euskararen ofizialtasuna Euskal Herri osora iritsi dela esan. Notizia hori ematea izugarri gustatuko litzaidake. Ni euskaldun mundutik natorrelako eta mundu hori gustatzen zaidalako.

Eta talde-lanaren garrantzia ere badu zure lanak…

Izugarria. Ni naiz apur bat aurpegia edo ahotsa jartzen duena, baina talde bat gara. Denak daude lanerako prest eta talde-lana oso garrantzitsua da, baina programa guztietan. Azkenean, Euskadi Irratian marka da garrantzitsuena, eta Euskadi Irratia hainbat gizabanakok egiten dute. Baina dena talde bat da, eta taldeak du sekulako indarra.

Ba, eskerrik asko, Manu!

Zuri, eta irratian espero zaitut!