Manu Chao, Jon Urzelai
Iker Barandiaran kazetariaren gomendioz iritsi nintzen Manu Chaoren biografiara, Peter Culshawek idatzi eta gaztelaniaz Jules Vineyardsek itzulia. Egia esan tipo berezia da Chao, esan liteke musikari bezain filologo izanik, bere kantak hizkuntza oso partikular baten adierazgarri dira, inork baino hobeto haragiztatzen du 90eko hamarkadaren paradigma nagusia: fusioa. Leku guztietakoa eta inongoa da Chao, frantziarra, espainiarra, euskalduna, galiziarra, katalana, brasildarra, senegaldarra… Egiari zor, ez dut inoiz oso gogoko izan bere bakarlari ibilbidea. Pentsa, uztailean Arrasaten bertan jo zuen, etxeko egongela ere baden Monterron parkean, eta ez nuen batere interesik azaldu. Nerabezaroarekin lotzen dut -metalezko ametsak eta txupa beltzak besterik ez nituen gogoan-, Biona tabernako giro dekadentearekin eta baita, gauzak zer diren, ezer esaten ez duen abeslari batekin. Akaso Negu Gorriak amaitu izanaren dolua ari nintzen pasatzen eta Chaorengan ez nuen ikusten Mano Negraren disoluzioan aurpegi ezagunena besterik.
Hamabost urte igaro dira Biona itxi zenetik eta kariñoz oroitzen dut, akaso nire gazte handiuste askitasunak ez zuelako aintzat hartzen nolako babeslekua zen punkaren urakanak astindutako belaunaldi batentzat. Eta Manu Chaori buruzko iritzia ere majo aldatu zait liburua irakurrita. Uste dut pertsonaia ulertu dudala, Manu Chao guztiz ulertzerik badago, eta eskertu ditut haren gogoetak eta ikuspuntuak. Gizon iheskorra, langile konpultsiboa, politikoki aktiboa, bidaiaria, apur bat eroa, kontrolatzailea eta aldi berean izpiritu askea, kontraesan ibiltaria. Asko gozatu ditut multinazionalekin edukitako harremanei buruzko iruzkinak, tamaina alimaleko kontraesantzat zuten eta dute askok Parisko giro alternatibotik etorritako gazte batzuek Mano Negraren garaian jada Virginekin sinatu izana, eta baita nolako lasaitasuna eta buruhausteak ekarri zizkion aberastasunak. Kapitulu batzuk benetan surrealistak dira, Mano Negrak Kolonbian zehar tren batean eginiko birari buruzkoak esaterako eta beste batzuk tristeak, lagunen traizioak eta norbere bidea aurkitzeko orduan behe-lainoa nagusitzen den garaiak kontatzen dituztenak.
Bitxia da Jon Urzelaien liburua, Su festak saiakera guztiz gomendagarria, irakurri dudalako duela aste gutxi. Eta han ere ageri dira multinazionalak, jaialdiak, kontzertuak. Bada musikan eztabaida, iritzi trukea, kritika, eta osasuntsua eta eskertzekoa da. Akorde artean mugitzen garelako asko, nik bederen nekez imajina nezake nire bizitza musikarik gabe, eta pluralean dantzatzea garrantzitsua bada Assata taldeak oroitarazten digun bezala, ezinbestekoa da zer eta non dantzatzen ari garen jakitea. Kontraesanak kudeatuz baina joko-zelaiko eremuak definituz.
Gustatuko litzaidake galdetzea Manu Chaori Urzelaien liburuari buruz.