Manikura
Modaren eta edertasunaren mundua etengabe ari da aldatzen, eta osagarrien kontzeptua ere zabaldu egin da. Gaur egun, poltsak, zapatak edo bitxiak ez ezik, azazkalak ere norberaren estiloaren eta irudiaren parte dira. Horren ondorioz, manikura eta pedikura gero eta ohikoagoak bihurtu dira, luxuzko zerbitzu izatetik eguneroko zaintzaren eta ongizatearen errutinaren parte izatera igaroz.
Naturaltasuna nagusi manikuran
Diseinu ikusgarriak eta azazkal luzeak atzean geratzen ari dira, eta naturaltasunak hartu du protagonismoa. “Gehienek diseinu sinple eta dotoreak aukeratzen dituzte, hala nola marra finak, forma geometrikoak edo xehetasun diskretuak. Koloreei dagokienez, udan pastel tonuak nagusitzen diren arren, gorria da, oraindik ere, gehien eskatzen den klasikoa. Asko nabarmentzen diren aukerak gero eta gutxiago ikusten dira”, adierazi du Oñatiko Izpi ongizate eta edertasun zentroko arduradun Leire Igartuak.



