Maniaks taldearen ‘Paradisu faltsuak’ diskoa

2024an sortu zen Arrasateko Maniaks taldea. Iñaki Ormaetxeak, Mikel Usobiagak, Asier Uribeetxeberriak eta Brian de Indak osatutako laukoteak bigarren lan luzea argitaratu du apirilean: Paradisu faltsuak.
Hirukote formatuan hasi zineten, baina laukote bihurtu zarete orain. Zer dela eta? Zer moduz egokitu da taldera laugarren kidea?
Taldearen lehenengo ideia 2009 inguruan sortu zen, hasieran Kate’s Maniaks izenarekin. Iñaki Ormaetxeak eta Mikel Usobiagak elkarrekin musika proiektu bat egiteko nahiak eta ilusioak eraman zituen bide hori hastera, nerabezaroan hasitako ibilbidea oinarri hartuta. Taldea, beraz, duela urte batzuk sortu zen, eta tarteka zuzeneko gutxi batzuk egin bazituzten ere, lozorroan egon da luzaroan. 2021 inguruan berriz ere indarrak batu eta ekimena berrabiarazteko gogotsu zeudela, Never Surrender taldeko bateria-jole Asier Uribeetxeberria batu zen, eta bestelako ideia eta estiloak barneratuta berpiztu zen taldea, modu eraberrituan. Hirukote moduan disko bat grabatu (Laberintuak, 2024) eta kontzertu batzuk jo ostean, 2025ean Brian de Inda gitarra-jolea igo zen ordurako martxan zegoen trenera. Egokitzapen-prozesua oso samurra izan da; musika-mundutik dagoeneko aski ezagunak izanik, eta guztiak herrikoak, gainera, laukote moduan egin genuen lehenengo entseguan guztiz konektatu genuen laurok.
Hirukote izatetik laukote bilakatzearen arrazoia da zuzenekoetan bigarren gitarra batek ematen duen indarra faltan sumatzen genuela, eta bai diskoan zein zuzenekoetan sendotasuna eta presentzia irabazi dugu gitarra-jole berriaren etorrerarekin.
Disko berria duzue, Paradisu faltsuak, zuen bigarrena. Non, noiz eta norekin grabatua?
Musikari dagokionez, bateria, baxua eta gitarrak Hamarratz Musika Gunean grabatu genituen, 2025eko abenduan, Mikel Arriaranekin eta Pello Herizekin. Ahotsak, berriz, Asel Errastirekin grabatu ditugu, Aretxabaletako kuartelean. Nahasketa eta masterizazio lanak Eñaut Gaztañagak egin ditu, Gaztain estudioan.
Diskoaren ezaugarriak: zenbat kantu? Euskaraz denak?
Paradisu faltsuak diskoa zazpi kantuz osatuta dago, eta abesti guztiak euskaraz eginak dira.
Zelako kantuak dira? Egin musika estiloaren deskribapen bat. Eta zer diozue hitzei buruz?
Rock-and-roll eta punk-rock kutsua duten abestiak dira, erritmo desberdinak uztartuz eta melodiarekin jolastuz. Musika estiloan eskandinaviar eta Kaliforniako rockaren influentzia nabari dela esan genezake. Hitzetan, azkenean, beti hitz egiten dugu mundu honetan bizitzeak dakartzan ondorioei buruz: osasun mentala, jendearen sufrimendua… Ez zaigu irteten gauza politei buruz hitz egitea, eta ez dugu nahi ere.
Non dago salgai eta zenbat eurotan? Zein formatutan? Formatu digitalean, zein plataformatan?
Lehenik eta behin, formatu digitalean kaleratu dugu diskoa, hainbat plataformatan. Orain, CD formatu fisikoan ateratzeko asmoa daukagu, merchandising berriarekin batera. Badakigu gaur egun formatu fisikoak ez duela sostengu handirik izaten eta musika kontsumoa, batik bat, digitalki egiten dela, baina zerbait fisikoa ateratzea beti izan dugu gustuko.
Formatu klasikoagoak maite dituztenentzat, berriz, binilo formatuan kaleratzea espero dugu aurrerago.
Aurkezpen-kontzerturik egin duzue edo baduzue lotuta?
Taldekide bat aita izan berri da, eta lasai hartuko ditugu gauzak. Hori dela eta, aurkezpen ofizial moduan ez dugu kontzerturik iragarri oraindik, baina, disko berria hainbat tokitan entzun dadin, baditugu zenbait kontzertu lotuta, datorren hilabetetik aurrera. Laster iragarriko ditugu datak.
Disko berriko Labanak kantuaren bideoklipa argitaratu duzue. Non eta noiz grabatua? Gustura emaitzarekin? Gehiago egiteko asmorik?
Bideoklipa Juan Arzamendi Musika Eskolako terrazan grabatu genuen, Beñat Abasoloren gidaritzapean. Laberintuak diskoko Deabrua bideoklipa ere Abasolorekin grabatu genuen, eta, emaitzarekin oso gustura geratu ginenez, berriz ere harekin lan egitea pentsatu genuen. Guztiz asmatu dugu. Oso pozik gaude Beñat artistatzarrak egindako lanarekin eta, oro har, emaitzarekin. Erronka galanta izan zela esan beharra daukagu: hainbat kontu tarteko, grabatzeko arratsalde bakarra geneukan, eta, hain justu, arratsalde-gau hartarako euria zegoen iragarrita. Ozta-ozta libratu genuen; zerua ilun-ilun zegoen, eta grabaketa bukatu bezain pronto, gauzak batzen genbiltzala, sekulako zaparrada hasi zen… Eskapada ederra… Gure ideia diskoa borobiltzeko bideoklip bakarra egitea izan da beti, baina auskalo… agian, beste bat egitera animatuko gara; kar-kar.