Maniaks taldea
Deabrua izeneko lehenengo bideoklipa kaleratuta, disko berria argitaratzeko irrikan daude Arrasateko Maniaks taldeko kideak.
Nortzuek osatzen duzue taldea eta zer musika estilo jorratzen duzue?
Hiru taldekide gara: Iñaki –ahotsa eta gitarra–, Uso –baxua eta koruak– eta Atxi –bateria–. Geure buruan estilo konkreturik definituta ez eduki arren, esan daiteke rock-and-rollaren bueltan mugitzen den taldea garela.
Aurretik beste talde batzuetan egondakoak zarete, baina, zuen taldeez gain, beste erreferenterik izan duzue?
Egia da Never Surrender, Aggressive Combat eta Wood Strings taldeetatik etorritakoak garenez rocka dela guztiaren oinarri, baina askotariko iturrietatik edan izan dugu. Txikitatik, 80ko hamarkadako punk-oi! edo street-punk estiloko taldeak izan ditugu erreferente, baina azken urteetan Eskandinaviako rock-and-rollerantz eta punk-rock amerikarrerantz egin dugu gehiago. Ez dugu erreferente zehatzik, aukera zabal batez elikatu garelako. Baina gure estiloan 90eko hamarkadako rockaren eragina sumatu daiteke.
Zer-nolako harrera izan du Deabruak abestiaren bideoklipak?
Bada, bideokliparen harrera oso ona izaten ari da; jaso dugun feedbacka, oro har, oso ona izan da. Gu ere oso gustura gaude emaitzarekin, bai soinu aldetik egindako lanarekin, eta, noski, bideoarekin ere bai. Gure ideiak oso ondo irudikatu ditu Beñatek eta oso lan txukuna egin du. Beti egin nahi izan dugun zerbait da, aterako dugun disko berriari bultzada emateko eta taldea ezagutzera emateko.
Laberintuak diskoa kaleratuko duzue laster; nolakoa izan da sortze prozesua?
Abestiak sortzeko prozesua urtebete ingurukoa izan da, gutxi gorabehera. Gure lehen diskoa izanda, lasai eta patxadaz hartu nahi izan dugu, mimoz egindako lana izan zedin, ideiak lokalera ekarriz eta konponketak eginez. Grabazioa 2023 bukaeran eta 2024 hasieran egitea zen hasierako plana, eta urtebeteko tarte horretan abesti sorta on bat landu dugu. Diskoari begira, guztietatik sei kantu aukeratu ditugu, lan luze bat izan barik disko motz eta energiko bat lortzeko helburuarekin.