Mamu bat Lanzaroten

Iratxe Etxeandia

Aski ezaguna da Timanfayako deabruaren kondaira, sarde bat eskuan duela ingurukoak beldurtzen dituena. Ez genuen hura aurkitu; eguzkitako betaurrekoekin –guztiz beharrezkoak dira irlan– zihoan mamu jator bat bai, ordea. Hasieran lotsaz begiratzen gintuen urrunetik, baina, egunak joan eta etorri, azkenean, gurekin pasatu zuen oporraldia eta gertuago ezagutu ahal izan genuen. Magio izenez ezaguna zela kontatu zigun; antza, horrela deitzen dituzte mamuak Kanariar uharteetan. Kuriosoa egin zitzaigun nola aurpegiko espresiorik erakutsi gabe norbaitek laguntasuna transmititu dezakeen, baita haren presentzia soilak ere.