Malkoak euritan
“Zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut. Eraso ontziak sutan Orionen bizkarretik haratago…” .
Horrela hasten da aski ezaguna den aipua. Eta ez, ez zuen idatzi Shakespearek edo Axularrek. Blade Runner filmean esaten ditu hitzok Roy Batty erreplikanteak. Eta bai, jakin badakit berrogei urtetatik gora duen film hori jurasikoa izan daitekeela hainbatentzat.
Nik, Ridley Scottek zuzendutako filmaren pertsonaiak bezalaxe, zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditut. Ez, ordea, gugandik 1.400 argi urtera, hementxe bertan baizik, etxetik kilometro eskasera.
Ikusi ditut gure agintari goren batzuk (gorenenak ez, haiengandik mailaren bat beherago daudenak) Berdintasun Legeak debekatzen duen ekimen baztertzailea txalotzen. Entzun ditut agintari horiek emakumeon parte hartzea ukatzen duen desfilearekiko hitz gozoak esaten, sentsibilitatea, tradizioa, are errespetua, elkarrizketa.
Hori guztia entzun eta ikusi eta zerua ez zaigu gainera erori, badirudi onartu dugula Berdintasun Legeak salbuespen bat merezi duela gutxienez urtean behin, irailak 8 dituen bakoitzean.
Aurten 75 urte beteko ditu Nazio Batuen Giza Eskubideen Aldarrikapenak, baina, nonbait, oso letra txikitan esaten da bertan irailaren 8an Aldarrikapenak jai duela gurean.
Roy Battyren aipu sonatuan esaten da ikusitako izugarrikeria guztien oroitzapena galdu egingo dela, malkoak euritan bezalaxe.
Giza eskubideen aldeko borroka ez da sekula uretan itoko.