Malko taldea

Malko musika taldeak lehenengo lan luzea kaleratu du, urtebete baino gehiago lanean ibili eta gero. Esan ez direnak du izena diskoak, eta dagoeneko irrikan daude Euskal Herriko hainbat txokotan aurkezteko.

Nortzuek osatzen duzue taldea?

Oñatiko bost gaztek osatzen dugu Malko taldea: Anje Maiztegik (gitarra), Iñigo Santa Cruzek (gitarra), Ander Igartuak (bateria), Unai Izurak (baxua) eta Maddi Arlanzonek (ahotsa), hain zuzen ere. Rock generoa sustatzen dugu, gitarra melodiko indartsuak eta ahots trinkoa baliatuz.

Zuen lehenengo lana kaleratu duzue; nolakoa izan da hura sortzeko prozesua?

Egia esan, bide luzea izan da. Duela urte eta erdi inguru hasi ginen entseatzen, eta, hasieratik rock estilorantz jo nahi genuela garbi izanda ere, kostatu egin zitzaigun gure lekua bilatzea. Letrei forma eman ondoren, kontzertu batzuk eskaini genituen udan zehar, eta, haien harrera ikusi ondoren, urratsa egitera ausartu ginen. Zehatzagoak izateko, hamar kantuz osatuta dagoen disko bat egin dugu, Haritz Harreguyren estudioan grabatua izan dena; masterizazioan, ordea, Victor Garcia aritu da. Han pasatutako egunak, nahiz eta gogorrak izan, probetxuzkoak izan zirela uste dugu. Gure iritziz, denetik duen diskoa kaleratzea lortu dugu; betiere, rockaren inguruan bueltaka.

Zein musika mota jorratzen duzue? Erreferenterik baduzue?

Lehenago aipatu dugun moduan, rockaren baitan ibili gara une oro diskoa sortzeko orduan, eta baita taldea sortu genuen momentutik ere. Erreferenteak izan ditugu gure kantak sortzeko orduan, melodiei garrantzia zein indarra emateko asmoz. Hainbat dira, baina garrantzitsuenak eta gehien inspiratzen gaituztenak dira Liher, Keike eta Berri Txarrak, besteak beste.

Dagoeneko hasi zarete kontzertuak lotzen? Birarik egingo duzue?

Hainbat lotu ditugu dagoeneko, eta gure helburua Euskal Herriko txoko askotan jotzea da. Gure asmoa bira bat egitea ere bada; hori dela eta, hasi gara dagoeneko mugitzen, eta, lotutakoaz gain, gustatuko litzaiguke leku gehiagotan jotzea, ahalik eta entzule kopuru handienera iristeko.