Makramearen maisulana

Marka: Nurruk Maikrame / Maider Azkarate

Orain dela gutxi arte, ile-apaintzailea izan da haren herrian, Bergaran. Baina apirila ezkero, Senegalgo Casamance eskualdeko Diembering herrian bizi da Maider Azkarate. “Betidanik” izan du eskuekin askotariko lanak egiteko zaletasuna eta trebezia, eta, gaur egun, bide horretatik ari da etorkizuneko ogibidea lantzen. “Betidanik gustatu izan zait askotariko ehungintza-lanak egitea, makramea, saskigintza eta halako gauzak. Azkenaldian, halakoekin ari naiz nire artista aldeak erakusten. Harizko, makramezko eta ehungintzaren inguruan ikastaroak egin ditut, eta ari naiz gehiago jasotzen ere; online, gehienak”, dio artisau bergararrak.

Testuren jolasa

“Askotariko testurak dituzten hariak eta sokak nahastea gustatzen zait, bolumen ezberdinak lortzeko. Hortaz, batetik, kotoizko telak eta sokak; elastikoagoak diren zuntzezkoak eta askotariko artileak. Horiez gainera, Senegalen hemen baino errazago eta merkeago lortzen ditugun errafiarekin eta beste material batzuekin ere hasita nago lanean”.

Nabarmendu du Afrikako tekniketan ari dela trebatzen orain. “Etxeko lorategian dugun palmondoko hostoetatik ateratzen dut horretarako materiala. Hostoa hartu, erdiko zurtoina separatu eta urarekin nahastuta biguntzen ditugu. Zesta finak egiten ditut zurtoinekin eta handiagoak, lurrera botatzen diren saskiak, orriekin”.

Proiektu berriak

“Kanpaleku bat ari gara eraikitzen –hemen hostal bat izango litzatekeena–. Etorkizuneko gure asmoa han eta Euskal Herrian ikastaroak ematea da, euskal eta afrikar artisau-lanak batuta”.

1. Bolumena: Testura askotariko sokekin eta hariekin egindako makrame-lana.
2. Umeen logelak: Hainbat sokarekin egindako lehoia, etxeko txikienendako apaingarri gisa.
3. Makramea: Etxeko paretak apaintzeko makrame-lan koloretsua.
4. Kolorea: Afrikako teknika erabilita egindako askotariko koloreetako makrame-lana.