Maiur: “Oholtza gainean hazi egiten naiz eta ezin nau inork gelditu”

Energia berezia dauka Amaiur Azkaratek (Durango, 1996). Maiur artista-izenarekin bakarkako lana prestatzen ari da eta BBK Live jaialdiak Durangon egingo duen Herrian ekimenean aurkeztuko ditu kantuak. 13 urterekin hasi zen abestiak konposatzen, eta ehunetik gora sortu ditu. Horietatik zortzi aukeratu ditu Nire norabideak izeneko lanean sartzeko. Ametsa egia bihurtzen ari da eta mundua jateko gogoz dagoela aitortu digu.

Amaiur Azkarate, Maiur, ongi etorri TTAPera!

Kaixo.

Bakarkako ibilbidea hasi duzu abeslari moduan, izen aldaketarekin. Kontatu pixka bat.

Ni beti egon naiz taldeetan, eta joan den urtean esan nuen: “Nire momentua da”. Azkenean, niri Amaiurtxu deitzea gustatzen zaidanez, Amaiurtxu moduan hasi nintzen. Baina egia da bizitza norabideak direla, eta heldu da momentu bat non hazi egin behar nuen, eta Maiur izena beste aldaketa bat da.

Gehiago ordezkatzen zaitu?

Bai, uste dut identitate handia daukala, eta identifikatuta sentitzen naiz. Gainera, aldaketak behar ditut etengabe; orduan, bai, Maiur.

Eta nor da Maiur artista moduan?

Maiur 29 urteko durangar bat da, eta musika da nire erremintarik handiena, nire pilulak, nire medikuntza, nire… dena. Aurrera egiten laguntzen didana.

Eta ze motatako musika egiten ari zara?

Orain arte, beti egin dut pop-rocka euskaraz, baina egia da orain nire identitatea bilatzen nengoela, eta pop-rocka egiten nabil, baina euskara eta erdara nahasten eta pixka bat kañeroago.

Nolakoa izaten da zure sormen-prozesua?

Nik insomnio handia daukat, eta, normalean, gauetan etortzen zait inspirazioa. Edo zerbait gertatu zait eta ez dakit nola azaldu, ze asko kostatzen zait hitz egitea pasatzen zaidanaz. Eta hitzak hasten dira irteten eta gero abesti bihurtzen dira.

Lehenengo hitzak eta gero melodia? Ala alderantziz?

Lehenengo hitzak eta gero melodia. Edo hitzak melodiarekin batera. Gitarra hartzen dut, lau akorde oinarrizko, eta aurrera. Eta gero, Jagoba nire ekoizleari bidaltzen diot, eta: “Jagoba, egin magia!”.

“Konpositore konpultsiboa naiz”

Asko konposatzen duzu?

Bai. Nahiko konpositore konpultsiboa naiz.

Eta aukeraketa nola egiten duzu?

Momentuan sentitzen dudanaren arabera. Gero, pentsatu egin behar dut jendeak ze entzungo duen. Gustatzen zait, baita ere, jendea nik idazten dudanarekin identifikatuta sentitzea, nor bere arrazoiengatik.

Oso kritikoa zara zeure buruarekin?

Kritikoegia. Saiatu beharko nuke horren kritikoa ez izaten. Beti nahi dut gehiago, hori da nire arazoa. Beti nahi dut gehiago, eta, ez bazait ondo irteten, berriro eta berriro eta berriro. Oso konstantea naiz, baina gero, merezi izaten du.

Kantu bati buelta asko ematen dizkiozu?

Normalen, ikusten badut kantu hori atera nahi dudala, bai. Bestela, ez. Baina gauzak ondo egin behar dira, eta, beraz, saiatzen naiz.

Zenbat kantu dituzu?

Guztira, ehunetik gora.

Ehunetik gora?

Bai; 13 urte nituenetik daramat konposatzen. Baina orain atera behar dut EP bat, eta hor zortzi abesti dauzkat aukeratuta.

Aukeraketa eginda? Ez da erraza izango horrenbesteren artean zortzirekin geratzea!

Bai. Abestiak pasatu ditut eta galdetu dut: “Zer diozu? Hitz hauek?”. Eta aukeraketa egiteko jendearen laguntza izan dut. Eta aukeraketarekin pozik nago.

Kantuak zuretzat izango dira, seme-alabak bezala!

Orain, labean sartu berri daude, pixka bat hazten, eta oso emozionatuta. Gero, irteten direnean da: “Ea zelakoa izango den, ze harrera izango duen”. Emozio hori ere oso polita da.

Urduri egoten zara?

Asko. Kanta izaten dudanean, buklean entzuten hasten naiz, eta momentu baten gelditu egin behar dut, ze bestela kantua ez dut gehiago entzungo, nekatu egingo naiz.

Durangon, nire herrian, entzungo dira nire kantu berriak lehen aldiz”

Noizko espero duzu EP hori argitaratzea?

Gustatuko litzaidake Durangoko Azokarako argitaratzea. Ni durangarra izanda, kantuak Durangon ateratzea oso polita izango litzateke.

Dena ondo badoa, abenduan stand horietako baten egongo zara!

Bai. Herrian.

Kantatu duzu inoiz herrian?

Bai. Talde moduan bai, eta nire kantuak estreinatuko ditut maiatzaren 30ean herrian, jaialdi batean. Eta hor entzungo dira kantuak lehen aldiz.

BBK Liven aterkipean, gainera. BBK Livek, Bilboko festibalaz gain, herrietan ere egiten ditu halako kontzertuak, eta zu aukeratu zaituzte Durangon kantatzeko.

Udalak deitu zidanean, amets bat egia bihurtzea izan zen. Gainera, taldean barik nik bakarrik kantatzea oso konpromiso handia da. Gogo handia dut.

Zer da kartel horretan zure izena ikustea?

Amaiurtxu jartzen du, eta egia da orain jendeak esaten didala: “Baina ez zara Maiur?”. Bai, lehen esan dudana. Gainera, lehenengo izena da nirea, eta da: “Ze handia, zelako poztasuna”. Mundua jateko gogoa eman dit.

Esan duzu 13 urterekin hasi zenuela musika ibilbidea.

Hasi nintzen 9 urte urterekin euskal kantu txapelketetan, eta 13 urterekin nire lehenengo kantua konposatu nuen. Geroztik, gelditu barik!

Zeri buruzkoa zen lehenengo kantu hura?

Lehenengo kantua nire aitari eskaini nion, eta a cappella abesten nuen, ez nekien-eta instrumenturik jotzen. Gero, 15 urterekin oparitu zidaten lehenengo gitarra, eta, belarriz, lau akorderekin, orduan hasi nintzen kantu gehiago konposatzen: zelan sentitzen nintzen momentuan, injustiziak…

Zerk inspiratzen zaitu?

Ez dut askorik pentsatzen, etorri egiten zait. Gero, buelta asko eman behar dizkiot; izan ere, batzuetan ezin dut esan benetan pentsatzen dudan hori, gehiegizkoa izango litzatekeelako. Baina bai, etortzen zaidanarekin joaten naiz errimak egiten eta zentzua ematen.

Pentsatzen zenuen iritsiko zela une hau? Zure EPa grabatzen egongo zinen une hau?

Txikitatik nire ametsa izan da aktorea eta abeslaria izatea. Baina nire amak beti esan dit: “Amaiurtxu, ondo dago abeslari moduan, baina zentratu zaitez beste lan baten”. Eta nik horregatik egiten dut ospitalean lan.

Zerikusirik ez daukan lan bat daukazu. Zertan egiten duzu lan?

Hezitzailea naiz Arrasaten. Zentratu nintzen ikasketa horietan, baina musika beti izan dut zaletasun. Eta ikustea orain, benetan, lan bihurtzen ari dela… Ze, nire proiektuaz gain, erromeria baten hasi naiz abeslari. Eta ikusten dut ametsak bete egin daitezkeela.

Lan asko eginda.

Eta ez direla egun batetik bestera. Ibilbide luzea da, bide askorekin. Horregatik, nire EPa Nire norabideak deituko da.

Badaukazu izena!

Bai. Nire norabideak. Guztiz.

Kostatu egin zaizu izena aukeratzea ala argi zeneukan?

Nahiko argi izan dut. Bizitza aldaketak dira, ni naiz etengabeko aldaketa bat, eta Nire norabideak.

Etxean ere badituzu erreferenteak, ezta?

Bai. Nire lehengusina abeslaria da, Maria Amolategi. Nire anaia ere ekoizlea da, aitaitak ere beti abestu izan du. Haiei begiratu diet beti. Euskal kantu txapelketetan ibiltzen nintzen eta ikusten nituen euskal musikan aritu direnak; adibidez, Betizu taldeko Zuriñe Hidalgo… beti izan dira erreferenteak. Ikusten nituen telebistan eta esaten nuen: “Haiek bezalakoa izan nahi dut”. Eta orain haiekin oholtza partekatzea da…

Berezia.

Berezia. Polita.

Babesa izan duzu etxean?

Ez askorik; esan zidaten: “Amaiur, zentratu, ikasi eta musika zaletasun moduan”. Inork ez zuen pentsatzen momentu honetara helduko nintzenik. Orain, pozik daude.

Nor da zure fan handiena?

Nire aitaita. Bueno, nire aitaita beti dabil: “Nire iloba da”. Fan handiena da.

Ze polita.

Asko emozionatzen nau, gainera. Zer gehiago nahi dut bizitzan!

Erromeria baten kantatzen ari zara. Nolako esperientzia da?

Aurten hasi naiz erromerian. Bakarkako proiektu bat egitea diru asko da, eta erromerian hasi naz nire proiekturako diru bat ateratzeko. Eta, egia esan, oso pozik nago, jendearekin harremana izatea gustatzen zaidalako. Oso guaia da, baina ordu asko dira agertoki gainean, energia goian izan behar duzu, zuk transmititzen duzuna haiek ere zuri transmititzen dizutelako. Orduan, hartu-eman bat denbora guztian, eta oso polita. Baina orain zailtzen ari zait, nire proiektuko kontzertuak eta erromeriaren kontzertuak egun berean izaten ari dira eta. Topera… Baina dagoena da. Esperientzia gehiago.