Maite Maiora: “Ez naiz munduko onenetako bat, bat gehiago baizik”

Pixkanaka hasi zen Maite Maiora korrika munduan sartzen duela 25 bat urte. Pausoz pauso, munduko mendi lasterkari onenetakoa bilakatu da, baina “pertsona arrunta” izaten segitu nahi du. Aholku on hau ere eman du: “Norberak jakin behar du bere gorputzaren mugen barruan ibiltzen”.

Abuztu amaieran, ia mundu guztia lasai antzean zebilenean, zu beste zeregin batzuetan zinen. Kontatuko zertan?

Chamonix (Frantzia) aldean nintzen, mendi buelta luze-luze bat egiten. 174 kilometroko lasterketa zen. Mont Blanc-eko ultratraila.

Zer galdu zitzaizun, bada, han?

Urte askoan izan dut buruan lasterketa hori egitea, Mont Blanc mazizoari buelta ematen diona, desnibel handiarekin, Alpeetan… Abentura izan zen.

Lehen aldia zenuen 100 miliako lasterketa batean.

Hala da.

25 ordu behar izan zenituen proba amaitzeko, lasterka, oinez… Erraz esaten da.

Bai, baina egin egin behar dira hainbeste kilometro hainbeste ordutan. Azkenean, burua da dena: garbi baduzu zertara zoazen, errazagoa da. Badakizu bost ordutan ez dituzula egingo kilometro horiek guztiak, eta, denbora luzean ibili beharrak itolarria ematen badizu, onena ez ateratzea da. 25 ordu eta 40 minutu egitea zen nire aurreikuspen onena, eta hortik gora ibiltzea espero nuen. Baina pixka bat gutxiago behar izan nuen, azkenean.

Aurreneko aldiz horrelako proba batean, eta podiuma zapaldu zenuen, gainera, hirugarren izan baitzinen.

Podiumak ez dauka balio bera lasterketa guztietan, eta honek esanahi handia dauka. Oso maila oneko korrikalariak atera ziren, eta inor ez zen joan denbora pasatzera. Benetan lehiatzera joan ziren, dena ematera. Niretzat, ezustea izan zen hirugarren geratzea; irteeran esan izan balidate aurreneko hamarretan bukatuko nuela, sinatu egingo nuen.

Parte-hartzaileak aipatu dituzunez, deigarria da kopurua: ia 2.500 parte-hartzaile. Zer esan nahi du horrek, zerbait esan nahi badu, behintzat?

Zozketa bidez aukeratzen dituzte parte-hartzaile asko, eta batzuek atera ere ezin izan zuten egin. Ia 1.000 korrikalari erretiratu ziren.

Buruaren garrantzia aipatu duzu lehen, eta, prestaketa fisiko egokiaz gain, psikologia aldetik ere ondo prestatua joatea ezinbestekoa izango da, ezta?

Burua ondo landuta bakarrik ezin da horrelako lasterketa bat egin, baina, entrenamendu onak eginda ere, buruko lana ezinbestekoa da, den-dena baita.

Noiz hasi zinen lasterketa hau propio prestatzen, adibidez?

Lasterketa egiteko erabakia hartu behar da lehendabizi, eta gero, entrenatzen hasi. Iazko urrian erabaki nuen Chamonixera joatea, eta pixkanaka joan naiz prestatzen, betiere, buruan lasterketa izanda. Beste probak ere horren arabera aukeratu ditut, non parte hartu eta non ez. Bi ultratrail egin ditut: apirilean 11 kilometrokoa, 8.000 metroko desnibel positiboarekin Madeiran (Portugal), eta 18 ordu behar izan nituen amaitzeko. Gero, ekain bukaeran, Dolomitetan (Italia), Lavaredon, 120 kilometroko lasterketan aritu nintzen, 6.000 metroko desnibel positiboarekin, eta hori egiten 16 ordu pasa nituen. Nire burua neurtzeko balio izan zidaten bi lasterketa horiek, eta banekien Chamonixekoak 50 kilometro gehiago zituela. Ez da proba zehatza, baina horrela egin behar da. Entrenatzeko saio luzeenak 6-7 ordukoak egin nituen, baina ez askotan. Hamar orduko bat ere egin nuen, baina 60 kilometro izan ziren, eta hortik 174 kilometrora pusketa handia dago. Mundu bat dago.

Non egin zenuen hamar orduko saio luzea?

Pirinioetan. GR 11n barrena osatu nuen, mendi batzuk igota. Bakarrik ibiltzen naiz korrika, eta leku ezagunetan aritzea gustatzen zait.

Halako saioetan ezinbestekoa izango duzu GPS gailua eramatea, eta lasterketetan ere komeni. Baina ez omen zara oso zalea. Zergatik?

Lasterketetan ez dut eramaten, eta entrenatzen bai, segurtasuna ematen didalako. Mendia ezaguna izan arren, gertatzen da ez jakitea non dagoen tontorra eta horra heltzeko bidea, eta horretan lagungarria zait teknologia. Gainera, entrenatzeko leku horietan ez da estaldura handirik egoten, eta laguntza ona izaten da erlojua. Dardarka seinaleak ematen ez hastea izaten da seinale onena. Kar, kar.

Lasterketan lagun baino etsai zaizu GPSa?

Ez daukat eramateko ohiturarik, eta, beharrik ere ez dagoenez, ez dut erabiltzen.

Chamonixeko lasterketa hau mugarri bat da zure ibilbide luzean?

Bai. Ultra lasterketen artean, hau garrantzitsuena da, gure Meca.

Halako gehiago egin behar orain, ezta?

Irabazi izan banuen, agian… Kar, kar.

Horrelako proba bat irabaztea duzu helburu, hortaz? Badakit horrelako batean nire buruari jarriko banio Chamonixeko hirugarren postua hobetzeko helburua, ez nintzatekeela helmugara helduko. Nire burua gehiegi estutzea litzateke. Nahiago dut nire buruari eta gorputzari bere-berean joaten utzi, eta ikusiko da gero, bukaeran

“Nire buruari eta gorputzari bere-berean joaten uzten diet”

Zure burua gehiegi estutzeagatik oso esperientzia txarra Zegama-Aizkorri maratoian izan zenuen behin, ezta?

Bai. Irteera baino lehen estutzen ari nintzen neure burua. Gaizki hasi nintzen, irten baino lehen lasterketa galduta ordurako. Konturatu naiz hobe dela gorputzari joatean uztea, egun guztiak ez direlako berdinak.

Emaitza txar batetik ikasi egin daiteke, azkenean.

Asko, gainera. Emaitza onetatik baino gehiago ikasten da txarretatik. Izan ere, zerbait lortzen duzunean uste duzu dena ondo egin duzula eta erraza dela, Jainkoa zarela. Baina ez denean lortzen edota emaitza txarra denean, konturatzen zara ez dela hain erraza. Horrek ematen die balio lorturiko gauzei.

Munduko onena ez zara izango, agian, baina onenetako bat bai.

Hori esaten dute, baina ez dakit. Ez dut nire burua horrela ikusten, ni bat gehiago naiz. Burugogorra eta umil-umila izatea gustatzen zait, pertsona arrunta.

Iritsi zaren lekuraino iristeko, hasi egin behar izan zenuen noizbait, eta non dago zure ibilbidearen hasiera?

Badira urte batzuk. 24-25 urterekin hasi nintzen, astean zehar denbora-pasa bezala. Bestela, aste bukaeretan, ia betitik egin izan dut kirola, gurasoekin mendira joaten ginelako eta baita eskiatzera ere. Gurasoak ez ziren mendi handietara joan zaleak, eta Euskal Herrian ibiltzen ginen asko. Pixkanaka, gero eta serioago hartzen hasi nintzen korrika astean zehar egitearena, eta, mendiko irteerak laga gabe, garai batean dena egiten nuen, aste bukaeran korrika eta eskia ere bai. Gero, korrika saioak mendira eramaten hasi nintzen.

Gurasoen bitartez hasi ez bazinen mendira joaten, agian, ez zenuen korrika mendian egingo.

Batek jakin! Umea nintzela gogoan dut aurrena joatea gustatzen zitzaidala, ia gaixotasuna zen. Atzekoak poliki bazentozen, aurreratu bizi-bizi, eta zain geratzen nintzen. Berezko zerbait banuen.

Kirolari ona jaio egiten da ala egin?

Konturatu naiz behar dela berezko zerbait. Bada jendea oso ondo prestatzen dena arlo guztietan, baina lasterketan asmatzen ez duena, onena eman ezinda. Niri horixe bera gertatzen zait atletismoan edo krosetan. Badakit aurrez gauzak oso ondo eginda ere, ez nintzatekeela maila altuan ibiliko.

Zergatik erabaki zenuen mendi lasterketena serio hartzea?

Ez da erabaki bat. Berez etorri zen, pixkanaka. Pare bat urtean, errepidekoak eta mendi lasterketak egiten nituen, eta 2012an, Euskal Selekzioarekin konpromisoa neukan mendirako, eta horra bideratzen hasi nintzen.

Berez etorri zen erabaki edo hautu horrek eguneroko bizimodua asko aldatu zizun, ezta?

Bai. Ez naiz korrika egitetik bizi, nire lanbidea daukat, eta oso zaila da kirol arloa eta lanekoa uztartzea. Zortzi orduko lanaldia daukat, eta, hiru aste bukaeratan behin, larunbat eta igande osoak lanean igarotzen ditut, hamabi orduko txandetan. Entrenatu ere egin behar izaten dut, jakina, eta etxeko eguneroko martxak ere ez du barkatzen. Dena lotu behar, azkenean.

Gauzak horrela, ezinbestekoa izan behar etxekoen babesa eta maitasuna.

Hala da, bai. Ez naiz kexatzen.

Etxekoen artean, beti aipatzen duzu Josu, zure bikotekidea.

Ez da laguntza materiala soilik, bestelakoa ere ematen dit, morala. Haren zaletasun eta oporrak alde batera uzten ditu nirekin mendira eta lasterketetara etortzeagatik. Oporrak ere sakrifikatzen ditu gero lanaldian jai hartu eta niri laguntzeko. Elkarbizitza da, azkenean: hark ematen didan horri beste modu batera erantzuten saiatzen naiz; hartu eta eman, azken finean. Hartu bakarrik ez dut egiten. Kar, kar.

Noiz arte daukagu Maite Maiora mendi lasterketen goi mailako mundu honetan?

Ez dakit, auskalo. Urtero galdetzen diot nire buruari, eta pentsatzen dut azkena izango dela, baina gero, Martin Fiz ikusten dut, adibidez, eta ni zergatik ez? Duela gutxi, pentsamendu horretan nenbilela, dokumental bat helarazi zidaten ikusteko, eta kirolari handiak izandakoez zen. Erretreta hartu ondoren ere, sekulako pasioarekin segitzen dute kirola egiten. Aspertu arte jarraituko dut. Ez dut esaten sekula utziko ez dudanik, baina ez diot nire buruari epe edo muga bat jarriko. Lasterketa ezberdinak egiten ere hasita nago; aurten, adibidez, triatloi bat ere egin dut.

Behar duzu zuretik pixka bat atera, etena egin, eta beste zerbaitetan aritu?

Bai. Aldaketak ondo etortzen zaizkit. Egiten dudana oso gustukoa dut, baina beharrezkoa zait beste zerbait egitea ere, denetarik probatzea.

Zer moduz triatloian? Hor ere ondo, ziurrenik.

Gustura jardun nuen. Mendiko bat aukeratu nuen, Alpe D’Huezkoa, eta, behin aukeratzen hasita, gogorraren alde egin nuen. Igeri 2.200 metro ziren, 120 kilometro bizikletan, eta korrika 21 kilometro. Ia bederatzi ordu behar izan nituen. Oso polita izan zen, eta prestakuntza ere bai. Bizikletan asko ibili nintzen, eta ilusio batekin: triatloi bat egitea. Hori horrela izanik, gehiago eskatu nion neure gorputzari.

Ate bat ireki duzula esan daiteke?

Zergatik ez? Datorren urtean itzultzeko asmoarekin nago, proba horretara edo beste batera.

Baduzu aparteko ilusiorik lasterketa batean parte hartzeko?

Obsesio zehatzik ez dut buruan. Hard Rock edo Ameriketako beste abenturaren bat egingo nuke. Egunen batean, triatloian buru-belarri hasten banaiz, proba gogorren bat, agian… Irabazi, berriz, UTMB bat irabazten badut, horren ondoren golfean edo tenisean hasteko moduan egon naiteke. Kar, kar.

Lasterketen mundu honetan, oso denbora gutxian igaro gara gauza handiak egitera. Duela gutxi, maratoi bat egitea sekulakoa zen, eta orain hutsaren hurrengo, ulertze aldera. Mendian 100dik gora kilometro dituzten lasterketak-eta daude moda-modan. Zer ari da gertatzen?

Ez dakit. Zuk bezala pentsatzen dut, ez ote gaude zoratzen. Neurriz kanpo bageunde bezala. Ematen du 80 edo 100 kilometroko lasterketaren bat ez baduzu egiten, ez zarela ezer. 20 kilometroko bat txorakeria iruditzen zaigu. Baina gero, jendeak kolpe latzak hartzen ditu.

Bazara zu nor aholkuak emateko, eta zer esango zenioke horrela dabilen kirolari amateurrari?

Esango diet nik egindakoa egiteko: pixkanaka joateko. Distantzia motzekin hasi behar da, 20 kilometrotik beherako lasterketak, eta gero joan ikusten eta prestatzen lasterketa luzeagoetarako, mendian edo errepidean. Konturatuta nago 60 kilometroko entrenamenduaren ondoren, pertsona izaten jarraitzen dudala, ez nagoela hondoa jota, eta hori da gorputza ohitu egin dudalako horretara, pixkanaka joanez. Norberak jakin behar du zein dituen gorputzaren mugak, eta horien barruan ibiltzen.