Maite Fernandez Azkona: “Objektuen historia materiala mantentzen dugu zaharberritzaileok”

Maite Fernandez Azkona zaharberritzailea da. Berarekin hitz egin dugu Artez proiektuaz, zaharberritzearen prozesuaz eta askotariko teknikez, besteak beste.

Maite Fernandez Azkona, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko.

Zaharberritzailea zara. Azalduko zeniguke zer den?

Gure antigoaleko ondarea hurrengoei heldu-arazteko egiten ditugun prozesu guztiei deitzen zaie zaharberritzea. Lehen, gehiago egiten ziren berritze-lanak, eta, orain, biziraute-lanak egiten ditugu, alegia, objektuen historia materiala mantentzen dugu, ez dugu guztiz berritzen.

Txikitatik izan nahi zenuen zaharberritzailea?

Txikitatik oso argi neukan Arte Ederrak ikasi nahi nituela. Arte Ederretan sartu nintzenean, argazkigintza nahi nuen ikasi, baina “folio zuriaren” beldurra sortu zitzaidan, eta orduan agertu zen zaharberritzea nire bizitzan. Oso pozik nago hartutako erabakiarekin.

Zer erakusten da ikasketa horietan?

Hasierako bi urteetan artisten askotariko teknikak ikasten ditugu, eta hori oso garrantzitsua da gero gure lana egin ahal izateko. Batzuetan, tokatzen zaigu harria zizelkatzea; bestetan, egurra tailatzea; eta, hurrengoan, margotzea. Bi urte horietan, Arte Ederretako teknikak ikasten ditugu, eta, gero, zaharberritzean espezializatzen gara. Hor ikasten dira kimika, historia, zaharberritzearen sarrera eta fundamentuak, material bakoitzaren prozesuak… ikasketa askotarikoak dira oso.

Nolako ibilbidea izan duzu?

Nik argi nuen zaharberritzailea izan nahi nuela. Horregatik, Zaragozan zegoen eskola-tailer batera joateko aukera izan nuen, eta, bi urtez, horma-pintura erromatarraren zaharberritzean espezializatu nintzen. Esperientzia horrek lan egiteko beldurra kendu zidan, izan ere, eskuetan artelan bat duzunean, erantzukizun handia da. Zaragozan, etxe erromatar bateko egongelaren sabaia zaharberritzen aritu nintzen. Altxaketa arkeologikoa egin behar izan genuen lehendabizi; gero, puzzle prozesu handi bat; eta, ondoren, euskarri batean jarri genuen. Lan gidatua izan zen, irakasleekin egindakoa, eta oso esperientzia ona izan zen. Ondoren, beste enpresa batzuentzako lan egiten hasi nintzen. 2010eko krisi ekonomikoa iritsi zenean, Hezkuntzara salto egin, eta bertan erabaki nuen ez nuela irakasle izan nahi. Orduan, nire enpresa sortu nuen, Aida Payarekin batera: Artez kooperatiba txikia. Zaragozan ezagutu genuen elkar, eta argi geneukan zaharberritzaileak izan nahi genuela. Eskarmentua bagenuen lanean, bagenekien zeintzuk izan zitezkeen gure bezeroak, eta lan egiteko irizpideak ere argi genituen.

Zer egiten duzue Artezen?

Gure tailerrean, harria, egurra, mihisea, horma-margoa eta bestelako material batzuk zaharberritzen ditugu. Bergarako Laboratoriumeko balearen hezurra landu genuen, bezero partikularren mihiseak ere lantzen ditugu, San Pedroko erretaula desmuntatu berri dugu… Lehenengo, ikerketa bat egiten dugu, kontserbazio egoera zein den eta ze narriadura dituen jakiteko. Horrekin, proiektu bat egiten dugu, eta, bezeroak oniritzia ematen dionean, lanean hasten gara.

Gipuzkoan egiten den zaharberritzea oso kontserbadorea da

Erantzukizuna aipatu duzu lehen…

Egia da beti daukazula zerbait egiteko beldurra, baina beti egiten ditugu proba txiki batzuk, eta ziurtatzen dugu egiten dugun horrek ez diola piezari kalterik egingo. Horretaz gain, dekalogo bat daukagu, eta, horren arabera, erabiltzen ditugun produktu guztiak testatuta egon behar dira. Ez diote kalterik egin behar artelanari, atzeragarriak izan behar dira, egindako lana eta originala atzeman behar dituzu… Horiek guztiak jarraitzen badira, zaila da kalteren bat egitea.

Nolakoa da zure lanegun bat?

Egun batzuetan, zortzi orduak ordenagailuaren aurrean pasatzen ditugu, proiektuak eta txostenak idazten. Bestetik, artelanaren ezaugarriek ere lana asko aldatzen dute. Batetik, badaude gauza txikiak, tailerrean bertan egiten ditugunak; eta, bestetik, badaude, lan egiteko, artelana dagoen tokira joan beharrekoak. Gaur, adibidez, Azkoitiko Barriken Iturrian egon gara. Noski, iturria ezin dugu tailerrera ekarri. Baina, normalean, saiatzen gara artelana bere tokitik ez mugitzen. Zergatik? Egokitzen delako hezetasun eta tenperatura konkretu batzuetara, eta mugitzeak kaltea eragin diezaiolako. Egunero gauza desberdinak egiten ditugu, eta hori asko gustatzen zait.

Zeintzuk dira zuen bezeroak?

Gipuzkoako Foru Aldundia, udalak, museoak, Eliza eta bezero partikularrak, batez ere.

Zaharberritze korronte desberdinak daude?

Gaur egun, Gipuzkoan egiten den zaharberritzea oso kontserbadorea da. Aldiz, Valentziara joaten bazara, edo Andaluziara, berritzea gustatzen zaie; beraien Ama Birjina eta santu guztiak koloretsu egotea nahi izaten dute. Gu neurritsuagoak gara.

Nolako prozesua izaten da, artelana jasotzen duzuenetik?

Lehendabiziko pausoa da argazki bidezko dokumentazio lan on bat egitea, beti ere, pieza nola zegoen dokumentatzeko. Gero, ordenagailuaren bidez, kalte guztien mapa bat egiten dugu. Ondoren, esku-hartze probak egiten ditugu –zerekin garbitu behar dugun, zerekin finkatu–, ze berrintegrazio egin behar diren jakiteko. Jarraian, esku-hartzea egiten dugu, eta, ondoren, berriro, argazki bidezko dokumentazioa. Azkenik, txostena idazten dugu. Prozesua bi astetakoa izan daiteke, edo bi urtetakoa; Beasainen, denbora hori pasa dugu horma-margo bat zaharberritzen. Bukatzeko gogoa izaten duzu, baina, era berean, umezurtz geratzen zara. Arte lan batzuk politagoak edo lan egiteko atseginagoak dira, baina denak kontu berdinarekin  lantzen ditugu.

Zure burua artistatzat hartzen duzu?

Ez. Zaharberritzaileok ezin dugu ezer asmatu. Badaukagu aukera margotzen jarraitzeko edo argazkiak ateratzeko, baina ez gure ogibidean. Margolan batean aurpegi bat falta baldin bada, ezin dut nik margotu, nahiz eta bezeroak eskatu. Gure lana da, baita ere, alde horretatik jendea heztea.

Saiatzen gara artelana bere tokitik ez mugitzen

Zein da lantzen duzuen ohiko narriadura?

Ohikoena zikinkeria izaten da. Horrekin batera, argiak eta oxigenoak berniza herdoildu eta artelana ilundu egiten dute; eta, batez ere, mihiseetan, irakurketa zaildu egiten dute. Eskulturei dagokienez, askotan, eskuak eta behatzak falta zaizkie, eta bezeroak nahi izaten du hori osatzea. Baina eskuak eta besoak modu askotara egon daitezke, eta ez ditugu osatzen. Gainera, gure garunak falta zaiona ikusten du. Gure lana da irakurketa hori berreskuratzea.

Zer nolako tresnak erabiltzen dituzue?

Material bakoitzak berea du. Adibidez, mihiseetan eta eskulturetan, isopoz garbitzen dugu; makilatxo bat da, puntan kotoi zatitxo bat jartzen dioguna. Horrekin egiten dugu garbiketa osoa. Askotan, medikuen tresnak erabiltzen ditugu –bisturia, esaterako–, edo dentistek erabiltzen dituzten gantxoak, dremelak… Eta, noski, pintzelak. Lanbide askotako tresnak erabiltzen ditugu, egia esan!

Zein amets bete nahiko zenuke?

Aidak eta biok beti esaten dugu Ponpeiara joango ginatekeela lan egitera, edozein opus zaharberritzera.