Maitane Ormazabal: “Kaosetik ordena sortzea gustatzen zait“
Maitane Ormazabal Larzabal antolatzaile profesionala da. Duela zazpi urte sortu zuen Txukuntzen proiektua, eta harekin hitz egin dugu ordenaz, kaosaz eta antolaketaz.
ELKARRIZKETA
Maitane Ormazabal Larzabal, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Antolatzaile profesionala zara, eta Txukuntzen proiektuaren sortzailea. Txikitatik izan zara antolaketa-zalea?
Oroitzapena dudanetik, bai. Betidanik izan naiz antolatua eta ordenatua, batez ere, nire ingurua horrelakoa izan delako. Adibidez, aita oso praktikoa da, eta ama oso antolatua zen; hark praktikotasunari garrantzia ematen zion, baina baita estetikari ere. Amona Maritxu, berriz, baserritik zetorren eta garbiketari garrantzi handia ematen zion, bai eta usainei ere. Inork ez dit berariaz erakutsi antolatua izaten, baina, egunerokoan bizi izan dudanez, nigan barneratu dut eta niretzat balioa eta erreminta bat da.
Gela txukuntzeko ez zizuten eskatzen, beraz…
Ez naiz oroitzen, behintzat. Gainera, espazio txukuna nuen, eta nik beti esaten dut espazio txukunek ordena mantentzen asko laguntzen dutela. Zerbait naturala izan da.
Antolaketa bizibide bihurtu duzu. Nola eman duzu salto hori? Ikasketak egin dituzu gai horri buruz?
Bai, hori da. Txukuntzen duela zazpi urte sortu nuen eta egin nuen lehendabiziko gauza Madrilgo The Home akademiarekin kontaktuan jartzea izan zen, ikasketa horiek egiteko. Baina egia da antolaketa barneratuta dugun pertsonok era horretako formakuntzetan justu txukunketari buruz ez dugula askorik ikasten. Gehiago ikasi nuen negozio bat nola eraman eta marketinari buruz. Eta nola iritsi nintzen erabaki hori hartzera? Bada, badaude bizitzako momentu batzuk non esaten duzun aldaketa baten beharra daukazula. Semeak handitzen ari ziren, eta, gainera, beti nahi izan dut negozio propio bat eduki. Jarduera berriak begiratzen hasi nintzen eta bat-batean ikusi nuen antolatzaile profesional izena zuen figura bat existitzen zela! Zeharo harrituta geratu nintzen eta hortik tiraka hasi nintzen. Ez zen erraza izan, jarduera oso berria zelako eta inork ez zuelako ezagutzen. Beraz, hasieran nire lana gehiago izan zen lanbidea bera ezagutaraztea, eta, horretarako, hainbat ate jo behar izan nituen. Eskerrak pasio eta motibazio handiak ditudan!
Hutsetik hasi zinen, beraz.
Hori da. Nik bestelako unibertsitate-ikasketak baditut, baina Txukuntzen bat-bateko kontu bat izan zen, gerora ikasketa-prozesu ikaragarria izan dena. Ekintzaile guztiak bezala, hutsetik hasten zara eta gauza asko ikasi behar dituzu. Gaur egun atzera begiratzen dut eta esaten dut Txukuntzen izan dela neure burua ezagutzeko prozesurik politena. Eta hori kontuan izanda amatasunak ere asko erakusten duela! Baina negozio propioak frustrazioa eta beldurra kudeatzen ikasteko aukera ematen dizu, eta bidea oso polita izan da.
Minimalismoa da zure lanaren ezaugarri nagusia?
Bai, horixe da nire oinarri nagusienetako bat. Nire aita oso minimalista da, eta ni gehiago naiz nire ama zen bezala; antolatua eta estetikari garrantzia ematen ziona. Amari gauza asko edukitzea gustatzen zitzaion eta denbora asko ematen zuen gauzak ordenatzen eta berrantolatzen, nik bezala. Baina nire lehen semea jaio zen eta konturatu nintzen nire betiko egiteko moduak errealitatearekin talka egiten zuela. Konturatzen hasi nintzen beharrezkoak ez nituen gauza gehiegi nituela, eta, ondorioz, gehiago ordenatu behar nuen edo garbitasunerako zailtasun gehiago nituen. Gero, bigarren semea etorri zen eta konturatu nintzen lehenengoarekin hartutako erabaki batzuk ongi hartu nituela, baina gauza gehiegi izaten jarraitzen nuela. Eta konturatu nintzen gauza gutxiagorekin oso ondo bizi nintzela, dena errazago egiten delako. Gero etorri zen txakurra, eta nire perfekzioak eta obsesioak guztiz kendu zitzaizkidan! Ikasi nuen malguagoa izaten eta gauzak umorez hartzen. Minimalismoak ez du araurik. Hau da, bakoitzak ikusten du zenbat gauza dituen eta zein kendu nahi dituen. Baina horretarako, autoezagutza ezinbestekoa da; kontua da zure bizitzako momentu honetan behar dituzun gauza horiek edukitzea. Horregatik, minimalismoa autoezagutzarako erreminta da.
“Minimalismoak ordenan bizitzeko aukera ematen digu”
Ordena kaosaren kontrakoa da?
Galdera sakona da. Kaosa eta ordena ez dira ordena eta desordena. Desordena da aurrez ordenan egondako zerbait bere tokitik kanpo dagoenean. Ondorioz, aurrez ordena bat zuenez, ordenara bueltatzea nahiko erraza da, aurrez badakigulako gauza bakoitzak non egon behar duen. Kontua da kasu gehienetan desordena dagoela esaten dugunean benetan dagoena espazio kaotiko bat dela. Gauzek ez dute beraien lekua, ez daude kategorizatuta, ez dira erabileraren eta maiztasunaren arabera antolatzen… Maiz ikusten ditut ia inoiz erabiltzen ez diren gauzak eskura daudela eta asko erabiltzen direnak oso toki zailetan. Ordena eta kaosa txanpon beraren bi aldeak dira. Asko gustatzen zait Edward Lorenz kaosaren teoriaren sortzailearen esaldi hau: “Kaosa da oraindik ulertzen ez dugun ordena”. Nire ustez, ordena da bizitza edo gertatzen zaizkigun gauza asko guregana ekartzeko tresna bat. Bizitza kaotikoa da; gertatzen zaizkigun gauza asko kaotikoak dira eta gizakiok ordena erabiltzen dugu hobeto edo lasaiago bizitzeko. Bizitzako gauza gehienak ez daude gure esku, baina gure espazioak bai: gure etxea, gure lan eremua… Bizitza kaotiko honetan gure espazioak ordenatuta baditugu, nire ustez lasaiago bizitzeko aukera daukagu. Ordenak laguntzen digu kaosa ulertzen, gurera ekartzen eta eramangarriagoa egiten.
Ordenak zer abantaila ditu?
Galdera horri erantzuten abiatzen ditut tailerrak. Nagusiki, ordenak efektu terapeutikoa du. Ondo eta lasai sentiarazten zaitu, eta hori ia denok onartzen dugun zerbait da. Ordenak eraginkortasuna ekartzen du. Hainbat ikerketa egin dituzte egunero gauzak bilatzen zenbat denbora pasatzen dugun neurtzen dutenak, eta, zehazki, orain ez dut gogoan, baina denbora asko da. Nire tailerretan parte hartzen dutenei galdetzen diet ea ados dauden onura horiekin, eta baietz esaten dute denek. Eta orduan, zergatik ez gara ordenatuak? Zergatik kostatzen zaigu hainbeste?
Eta zein da erantzuna?
Gauza gehiegi ditugula; hori da erantzuna. Jende askok esaten du hori gertatzen dela ez dugulako antolaketa onik. Baina nik esaten diet nahi beste antolatzeko, baina, orokorrean, gauza gehiegi ditugulako ez dugula lortzen ordenatzea. Gauza gehiegi ditugu eta gauza asko egin behar ditugu –jendearekin elkartu, ikasketak egin, itxura zaindu, kirola egin, ondo jan…–, eta, gainera, autozaintza praktikatu behar dugu! Eta hori noiz, nola eta non egiten da? Hortik dator minimalismoari eta lehentasunak finkatzeari ematen diedan garrantzia. Lehentasunak finkatzean dituzun unetik, errazagoa da zer gauza behar ditugun eta zeintzuk ez erabakitzea.
Nondik abiatzen zara bezeroekin lanean?
Oso garrantzitsua da pertsona horiek ezagutzea, beraien nahiak eta beharrak ezagutzeko. Ondoren, beraiek erakusten didaten errealitate hori filtratu egiten dut eta ikusten dut zein den egoera eta zer aukera dauden antolatzeko. Bakarkako lanketa baterako autoezagutza eta hausnarketa minimo batetik abiatzen naiz: non nago, zer behar dut, zer ekarriko dit honek denak, zer eragiten dit… Hori egin ondoren, bazterketaren fasearekin hasten gara. Nire esperientziaren arabera, pilaketan eta masifikazioan bizi gara, eta, hori dela eta, fase horretan denbora dezente pasatzen dugu –lan eremuan ez hainbeste–. Lan eremuan dokumentazioak hartzen du denbora gehien, badaezpaden sindromea izaten dugulako. Legalki badakigu bost urtez mantendu behar direla dokumentuak, baina zenbat badaezpada ere gordetzen ditugu? Gaur bertan hamar ordu pasa ditut bulego batean dokumentazio guztia aztertzen, eta, azkenean, %75 birrintzera joango da. Etxeen kasuan, are eta gauza gehiago ditugu, eta gauzak kentzea gehiago kostatzen zaigu. Atxikimendua diegu objektuei, badaezpadakoak azaltzen dira, oparitu dizkigutenak… Behin bazterketa eginda, zuzenago hasten naiz lanean. Bazterketa egiterakoan jendea oso ongi ezagutzeko gaitasuna daukat eta hortik aurrera nik markatzen ditut mugarriak, adostasun batzuk zehaztu ondoren. Bezeroek beraien behar eta nahietara diseinatutako espazio bat eduki dezaten nahi dut, mantentze erraza duena. Horretaz gain, prozesuan espazio hori bera berrantolatzen edo beste espazio bat antolatzeko gaitasuna ikas dezaten saiatzen naiz.
Kaosean hobeto funtzionatzen duten pertsonak ere egongo dira, ezta? Sortzaileak, adibidez?
Nire inguruan sortzaile asko ditut eta egia da, sormenak badu kaotikotik, baina sortzaile askok esaten didate beraiek ere ordena bat behar dutela. Kontua da lan egiten hasi beharko luketela espazio txukun batean, behar dituzten erreminta guztiak atera, sortze prozesuan kaos bat sortu, eta gero, bukatzean minimoki gauzak jaso beharko lituzkete. Nik uste dut jende gehienari gustatzen zaigula gutxiago edo gehiago ordena, sortzaileei barne. Hala ere, badago jendea antolaketari eta ordenari garrantzirik ematen ez diona, eta zoragarri iruditzen zait. Hemen kontua da bakoitza ongi bizitzea. Ni ez naiz horretan sartuko, eta, horregatik, lan hau egiteko ezinbestekoa da enpatia, tolerantzia, errespetua eta malgutasuna edukitzea.
“Bezeroek negar asko egiten dute armairuak txukuntzerakoan”
Oreka ere bada kontzeptu garrantzitsua zuretzat.
Oreka oso gauza konplikatua eta polita da. Autoezagutzaren ikuspegitik, oreka litzateke zure bizitzako momentu honetan behar duzun hori edukitzea. Oso konplikatua da, zeren oso koziente izan behar duzu non zauden eta nola zauden. Oreka ez da segituan lortzen eta ez da bizitza osorako izaten. Oreka definitzea zaila da, bakoitzaren oreka desberdina delako eta desorekatzea oso erraza delako bizitza kaotiko honetan. Hala ere, azken urte hauetan ikasi dudan gauzarik garrantzitsuena kaosean dantzan egitea izan da.
Ingurugiroa zaintzea ere garrantzitsua da.
Gehiegizko kontsumismoak eta kapitalismoak ingurugiroari ekartzen dioten eragin kaltegarria ikaragarria da. Adibidez, arroparena da gaur egungo industria kutsagarrienetako bat, petrolioaren atzetik. Izan ere, galtza bakeroek zenbat kutsatzen duten jakingo bagenu, ez dakit erosiko genituzkeen. Gizaki bezala, gainera, autoengainatu egiten gara; izan ere, egun batean arropa asko erosten dugu eta hurrengoan dohaintzan ematen ditugu. Baina Afrikan gure mendi arropa horiek ez dituzte ikusi ere egin nahi! Sen on handiagoz joka dezagun eta ikus dezagun benetan zer behar dugun. Zeren behar, behar… benetan gauza gutxi behar ditugu. Bestela, gomendatzen dizuet mendiko ibilbide bat egin dezazuen… konturatuko zarete motxilan sartzen diren gauza gutxi horiekin moldatzen garela. Gure erabakia da eta aukerak badaude.
Bereziki ordenatzea gustuko duzun espazio edo gauzarik baduzu?
Arropa-armairuek asko hitz egiten dute gutaz, historia bat ikusten delako bertan. Bezeroek negar asko egiten dute, bereziki, armairuak antolatzerakoan, gauza asko mugitzen zaizkielako. Baina, orokorrean, lan guztiak ditut gustuko, kaosetik ordena sortzea gustatzen zaidalako, bereziki. Espazio bat ikusi eta hasieratik irudikatzen dut nola geratuko den. Eta behin irudikatzen dudanean, lan guztia bideratuta egoten da.
Zein amets bete nahiko zenuke?
Aspaldidanik Txukuntzen-en liburu bat edo bi ateratzeko asmotan nabil. Bestetik, oso ondo egongo litzateke telebista-programa bat egitea etxeak eta espazioak antolatzen ikasteko, euskaraz eduki gutxi dago eta. Eta ni neu eguneroko gauza txikiak disfrutatzearen oso zalea naiz. Ametsak joango gara betetzen… edo ez, eta ez da ezer gertatzen.