Maialen Gurbindo: “Kantu berriak egiten ari naiz, baina ez dut diskorik egin nahi”

Chica Sobresalto izen artistikoarekin ezagunagoa bada ere, Maialen Gurbindo (Atarrabia, 1994) ibilbide sendoa egiten ari da pop eta pop-rock panoraman. Operación triunfo saioan parte hartu zuen duela lau urte, eta ordutik bi disko eta liburu bat kaleratu ditu.

El arte de ser mediocre liburua publikatu berri duzu; zer aurkituko du irakurleak?

Abestiak egitea ezinezkoa nuen une batean idatzi nuen zerbait da. Ni ez naiz idazlea, eta, horregatik, liburu bat idazteak nire burua epaitu gabe zerbait gaizki egitea ahalbideratu dit. Behin presioa hilda, blokeo artistikoa hilda.

Zein da erdipurdikoa izatearen artea Maialenentzat? 

Beti norbait hobea egongo dela onartzea; gauzak beti lasaitasun batetik egitea etsipenera bakarrik eramaten zaituen espektatiba izugarririk gabe.

Maiatzean Pluton izeneko bira bukatu berri duzu; zer-nolakoa izan da?

Nire bizitzako birarik onena izan da. Duela lau urte irten nintzen Operación triunfo saiotik, eta eusten ari naiz. Horregatik bakarrik eskertuta sentitzen naiz. Baina, gainera, gusturen sentitzen naizen kantuak ditu orain, babesten nauen eta lan izugarria egiten duen talde bikaina inguruan. Une oro ni izateko aukera dut. Gainera, dagoeneko joango ez den publiko bat dudala uste dut, ez dut uste inertziagatik jarraitzen nautela. Kantuak barruraino sartu zaizkiela uste dut.

Oráculo diskoaren ostean, esan daiteke proiektu berri bat duzula esku artean? Disko berria? Atseden hartzea?

Atseden hartzea inoiz ez; ez industriak ezta nik neuk ezin dugu baimen hori hartu. Kantu berriak egiten ari naiz, baina ez dut diskorik egin nahi. El arte de ser mediocre liburuak nahi dudana egin dezakedala erakutsi dit, eta une honetan konposaketarekin jolasteko gogoa dut, gai baten bueltan dabilen album erraldoi bat egin beharrean. Ez dut gogorik. Bitartean, bira luzatu egingo dut. Horren ondo doan zerbait zergatik geldituko dut?

Egia da Oráculo diskoaren ideia taroteko kartak bota zizkizutenekoa dela?

Bai. Gaztetan kartak bota zizkidaten eta dorrea atera zitzaidan. Gaur egun ez dut askorik sinesten, baina une hartan, dena erretzen azaltzen den karta horrek asko eragin zidan.

Zer-nolako esperientzia izan zen Operación triunfo saioan parte hartzea? Zer eman dizu?

OT sekulako masterra izan da. Nik ez nuen fokua eman zidan, eta beste modu batera ezagutuko ez nukeen jende zoragarria. Baita industriako profesionalengana gerturatzeko aukera ere. Bideojoko baten pantaila ugari jauzi bakarrean gainditu nituen, eta hori ona da batzuetan eta txarra beste batzuetan.

Zein da orain arte eman duzun kontzerturik bereziena?

Kontzertu eder asko ditut buruan, baina hiru esango ditut: iazko udan, Granada Sound jaialdian; duela aste batzuk Madrilgo Wizink aretoan; eta Veintiuno taldearekin Nudes abestu dudan edozein.

Nola deskonektatzen duzu? Badago modurik sare sozialekin?

Izugarri kostatzen zait deskonektatzea. Baina sukaldean aritzea, txakurrekin ibiltzea edo irakurtzea dira irtenbide onenak niretzat. Batzuetan, inoiz egingo ez ditudan gauzen tutorialak ikustea gustatzen zait: makillaje bereziak, errezeta zailak edota landareen inguruko kontuak, batez ere.