Maialen Chourraut: “Gogoarekin geratzen naizenean, Maialen gelditzea zaila izaten da”

Ez da erraza izaten Maialen Chourraut Euskal Herrian aurkitzea. Nahi baino gutxiagotan etortzen da etxera eta oraingo honetan, gainera, gurekin egoteko astia ere izan du. Eta eskertzen diogu, hilaren bukaeran Riora joango baita, Eslalomeko Munduko Txapelketa jokatzera.

Maialen, nola zaude? Nola iritsiko zara Riora?

Lehiaketa garrantzitsuak bezala, mimoz prestatutako lehiaketa da, baina kontuan hartu behar da aurtengo negua oso txarra izan dela niretzat. Lesioz betetako negua izan da eta martxora arte ezin izan naiz entrenatu. Nik uste dut ondo iritsiko naizela, baina Munduko Kopan ikusi izan den bezala, ez naiz ondo lehiatu, ez naiz oso seguru egon uretan. Ea egindako estropezu hori gainditzeko gai naizen, momentu hori gainditzeko gai naizen.

Fisikoki ondo nago, uretan zakarra izan naitekeela ere konprobatuta daukat Europako txapelketetan denbora azkarretan egon naizelako, etxeko lehiaketetan ere oso azkar nabil… ea zer egiten dugun. Gainera, Munduko Txapelketa hau berezia da, Rion jokatuko delako, Riora bueltatuko garelako eta badaukalako magia puntu bat Rio horrek nire barruan. Baina, aldi berean, helburu nagusia Tokio da. Tokiotik oraindik bi urtera gaude eta benetan inporta zaidana Tokio da.

Riok oroitzapen onak ekarriko dizkizu. Izan ere, Rion, kirolari batek izan dezakeen lorpenik handiena lortu zenuen; alegia, urrezko domina bat Olinpiar Joko batzuetan. Nola gogoratzen duzu une hura? Ez zenuen uste irabaziko zenuenik?

Hori nahi nuen! Kar, kar. Apustu fuertea neukan Rioko Jokoak irabazteko, domina hori lortu nahi nuen. Baina banekien zein erraza zen domina hori gabe itzultzea. Oso erraza zen. Londresen domina hori nahi nuen, eta brontzezkoarekin bueltatu nintzen. Lau urte ametsetan domina horrekin, baina, aldi berean, lau urte oso bereziak; lau urte haietan alaba eduki nuen eta entrenatzeko modua, bizitza, nahiko aldatu zen. Apustu fuerte bat egin genuen eta atera zen. Eta atera zenean ezin genuen sinetsi, ezta? Lau urte egunero hori lortzeko lanean… eta lortzen denean izugarria da.

Aurtengo negua gogorra izan da, lesioagatik. Munduko Txapelketara ondo iritsiko zara. Zein garrantzitsua den fisikoki ondo egotea, baina baita burua bere tokian edukitzea ere, ezta?

Bai. Niri gertatu zaidana, nahiz eta fisikoki ondo egon… jakitea lau hilabete, bost hilabete huts pasa ditudala eta besteak lanean egon direla… Nahiz eta ondo egon, buruak hor esaten dit lan asko ez dudala egin, eta horrek konfiantzan eragina dauka, behera eramaten nau. Urte asko daramatzat eta honi aurre egiteko gai izan nahi dut; ahaleginak egingo ditut.

Ama izan zara. Ane zure bizitzara iritsi zen. Nolakoa izan zen momentu hura, jakinda goi mailako kirolaria zarela eta amatasuna eta kirol-jarduera uztartu behar dituzula?

Zenbat gau buruari bueltak ematen. Bi gauzak aurrera eraman nahi ditut, eta nola demontre eramango ditut aurrera? Haurdun nengoenean oso ondo ikusten nuen neure burua eta kirola egiten jarraitu nuen. Haurra izan nuenean, zesarea bat izan zen eta egun batzuetan geldi egon behar izan nuen, baina berehala martxa hasten hasi nintzen.

Ane jaio zenean, gauetan pentsatzen nuen: nola demontre egingo dugu? Egunean egon, zer egin nahi dugun, zertarako, eta pixkanaka. Eta malgutasun handi batekin, haurraz disfrutatzen eta kirolaz disfrutatzen. Horrela. Ez dakit nola egin dugun, egia esan. Duda asko izan ditut bidean. Adibidez, nola antolatu kontzentrazio bat, edo lehiaketa batera astebeterako goaz ez dakit nora, haur txikia… eta nola egingo dugu, ezta? Erraza ez, baina polita izan da, aurrera atera dugula ikusita eta, batez ere, haurrak disfrutatu egin duela ikusita. Nik ere uretan disfrutatu egin dut, eta horrela joan gara aurrera.

Ane, beraz, kontzentrazioetara joaten da zeuekin.

Bai, toki guztietara etortzen da gurekin eta oraindik ere jarraitzen du gurekin etortzen. Noski, aita entrenatzailea, ama piraguista… norekin utziko dugu? Gurasoekin gustura dago eta bidaiatzen ere bai; gainera, mundua ezagutzeko aukera ere badu eta hezkuntzarako aukera paregabea dela iruditzen zaigu.

“Tokiotik bi urtera gaude, baina inporta zaidana Tokio da”

Gaur egungo Maialen Chourraut ezagutzen dugu, baina nolakoa zen txikitan? Nola iritsi zen kirol honetara?

Txikitan, mugitua; kar, kar. Mugitua. Kirola pila bat gustatzen zitzaidan. Piraguismoa ez nuen ezagutzen, ez nekien zer zen piragua bat eta, bueno, ikastolan beti nenbilen pilotan edo futbolean… beti kirola egiten, pila bat gustatzen zitzaidan. Ikastola bukatu eta jolas garaian, kirola. Oso mugitua nintzen. Aitona ere hor neukan, oso kirolzalea, eta berarekin disfrutatu egiten nuen kirola ikusten. Piraguismoa nola etorri zen? Ba, kirol desberdinak probatu nituen, judoa egin nuen, atletismoa, igeriketa Lasarten, hirurak, eta uda batean, gurasoak lanean ziren eta, bueno: “Ze plan egingo dugu aurten zuretzat, zer egin nahi duzu?”. Eta lagun batekin piraguismoa egin nuen, Atletico San Sebastian-en, udako ikastaro batean.

Gustatu egin zitzaidan, hurrengo urtean errepikatu, eta oso ondo pasatu nuen; izan ere, udan non zaude hobeto uretan baino? Oso ondo pasatu nuen, eta Atletico San Sebastian-eko ur bizietako sekzioan bukatu nuen. Eslalomeko sekzioa dauka, eta hor, eslaloma zer zen jakin gabe, ur biziak zer ziren jakin gabe, ezer jakin gabe. 12 urte neuzkan. Oso talde polit batean hasi nintzen. Atzo bertan, taldekide bat aurkitu nuen paseoan piraguan… Nolabait, denekin jarraitzen dut harremana izaten. Lan polita egin zuten gurekin, gure taldearekin. Kirolaz gozatzen erakutsi ziguten, lagun taldeaz gozatzen, eta piraguismoa zer zen erakutsi ziguten.

Hala ere, hortik piraguismora jauzi handia dago.

Sekulakoa. Piraguismoa, gauza guztiak bezala, pixkanaka ikasten da. Nik beti esaten dut nire bizitzan kirol karrera pixkanakakoa izan dela. Ez dut inoiz erabaki piraguista izan nahi dudala. Ez dut inoiz erabaki kirolaz bizi nahi dudala. Ez dut inoiz erabaki Seu d’Urgell-era joango naizela bizitzera. Ez dut inoiz sumatu horrelako erabakiak hartu behar izan ditudala; alegia, zuria edo beltza. Progresiboa izan da.

Urte asko dira Seu d’Urgell-en bizi zarela. Euskal Herriaren minik baduzu?

Bai, noski! Ahal dugun guztietan etxera bueltatzen gara. Ez da askotan, denboraldia oso mugitua izaten delako. Gainera, Ane ere eskolara doa eta nahiko huts egiten du gure kontzentrazioengatik, eta berak ere bere bizitzan egonkortasun bat behar du. Seu-n pasatzen dugu ia urte guztia, baina egun batzuk libre ditugunean, oraingo honetan bezala, etxera bueltatzen gara. Eta beti errepidean. Hemengo hezetasuna, hemengo berde hau guztia ikusten hasten naizenean, beti zerbait sartzen zait barruan.

Euskal Herrian hasi zinen kirol hau maitatzen. Nola gogoratzen duzu zure lehenengo lorpen handia?

Ni beti izan naiz 50 asko egiten dituen neska bat. 50 da eslalomean ate bat saltatzea. Nik 50 pila bat egiten ditut eta egin ditut bizitzan zehar. Oso pixkanaka. Gure taldean oinarritik lan egin zen. Lehenengo, ondo paleatzen ikasi, postura on bat eduki… ez genituen ate asko egiten. Ibaian hasi ginenean, nabigatzen ikasi genuen, dena oso pixkanaka. Orduan bazeuden beste batzuk gu baino aurreratuagoak zihoazenak, beste klub batzuetakoak; izan ere, eslalom gehiago egiten zuten eta gu baino aurreratuagoak zihoazen. Baina gu basea hartzen ari ginen.

Besteak ikusten genituen eta pentsatzen genuen: nola dabiltzan! Hasierako lehiaketetan, 50 asko egiten nituen, ez nenbilen oso trebe ateetan. Ez nintzen ezta finaletan sartzen ere; Euskadiko Kopa batean, Espainiako Kopa batean… hemengo txapelketetan. Uda batean, base sendoa hartu zuen taldeak, hasi ginen ibaira asko joaten, egun pila bat irteten ginen, ate gehiago egiten hor, eta trebetasuna hartzen joan ginen. Kadete nintzela iritsi zen txapelketa bat, Espainiako txapelketa bat, eta finalean sartu nintzen. Niretzako, hori sekulakoa izan zen, ez nuelako espero finalean sartzea.

Oso lehiakide gutxi ginen, sei bat edo, baina ni beti bosgarren edo seigarren gelditzen nintzen, hor zegoen nire postua. Finalean sartu nintzen eta uste dut hirugarren gelditu nintzela, eta hori izan zen eslalomeko nire lehenengo domina eta, niretzat, oso polita izan zen. Ordutik aurrera hasi nintzen martxa hartzen. Baina hori izan zen gurekin egin zuten lan-eragatik. Base ona hartu genuen eta gero, lan espezifikoagoa egiten hasi ginenean, denak gora joan ginen.

Hiru Joko Olinpiarretan hartu duzu parte. Lehendabizikoan, Beijinen, finaletik kanpo gelditu zinen. Nola gogoratzen duzu?

Esperientzia txarra izan zen. Ilusio berezi batekin joan nintzen, baina lehenengo txandan, lehenengo jaitsieran 50 bat egin nuen, eta garai hartan zegoen araudiarekin, horrek kanpoan uzten zintuen, eta kanpoan gelditu nintzen, ez zegoen bigarren aukerarik sailkatze probetan orain dagoen bezala. Azkar bukatu zen nire ametsa eta ez nuen jakin gero Jokoez gozatzen.

Horren ondoren, Bolt-ek munduko errekorra lortu zuenekoa ikusi genuen; hori zuzenean ikusi genuen eta oso esperientzia polita izan zen. Eta hori bezala, beste kirol batzuk ikustera joan ginen, baina gazi-gozoa izan zen erabat. Hori bai, eskerrak ere hori gertatu zitzaidan, asko eman zidalako. Lan egiteko gogo pila bat, lan nola egiteko ideia asko. Ni esperientzia txarretatik asko hazi naiz. Zailtasunetatik asko hazi naiz. Nik uste dut hori pasa izan ez banu, Londresko ziklo olinpikoa ez zela berdina izango.

Londresen brontzezko domina iritsi zen.

Ekipoarentzat oso ona izan zen, eslalomeko taldean inoiz ez zelako domina olinpiko bat egon, eta behar genuen talde bezala. Eslalomeko taldea oso talde txikia gara eta Federazioan zati txiki bat gara. Hiru kirolari gindoazen Londresera, Samuel Hernanz, Ander Elosegi eta ni, eta hirurak oso ondo ginen. Hiruretako edozeinek domina bat lortu zezakeen. Ez genekien nork, baina batek lortu behar zuen. Eta niri tokatu zitzaidan domina hori. Baina taldearentzat izan zen, niretzako ez baitzen nahikoa izan. Urte hartan oso indartsu ibili nintzen, Munduko Kopako proba pare bat irabazi nituen, dominetan egon nintzen denbora guztian eta Londresen oso ondo nenbilen. Oso seguru eta oso ondo nenbilen. Penarekin bueltatu nintzen, baina nik uste dut, Beijinen gertatu zen bezala, pena hori ere garrantzitsua izan zela, hurrengo Joko Olinpiarrei begira.

Indarra nahikoa eta soberan eman zizun horrek, urrezkoa lortu baitzenuen.

Eman zidan, bai. Gogoa, behintzat, bai! Eta gogoarekin gelditzen naizenean… Maialen gelditzea zaila izaten da.

35 urte dituzu eta datozen Joko Olinpiarretan pentsatzen ari zara. Hori handia da gero!

Handia edo erraza; izan ere, zer egin dut bizitza guztian? Gauza batekin amestu eta horren bila joan, eta horretan nabil. 35 urte ditut eta badakit gero eta gutxiago geratzen dela, aurtengo negua gogorra izan den moduan, aurrekoa ere gogorra izan da, bertigoekin ibili izan nintzen urte guztian zehar eta entrenatzea gogorra izan zen.

Aurten ere saihetsak puskatuta, infekzio biriko pilo bat hartu ditut, negu oso txarra igaro dut. Hala ere, ni aurrera. Gainera, geldi geratzen naizen bakoitzean, barruan sartzen zait halako zerbait, niri gehien gustatzen zaidana piraguan ibiltzea delako, entrenatzea, errendimendu bat ateratzea. Ikaragarri gustatzen zait. Niretzako, errazena hori egitea da. Ikusten dut 35 urte ditudala, askok esaten dute urteek pisatu egiten dutela eta nik hori badakit, baina nik oraindik aurrera joan nahi dut. Eta halaxe, Tokiorekin ametsetan.

Basque Teameko kirolaria sara. Zein garrantzitsua den horrelako azpiegitura bat izatea, ezta?

Oso garrantzitsua. Ni Maialen Chourraut naiz, baina zer dago Maialen Chourrauten atzean? Nire atzetik ez balitz Basque Team egongo, ez nintzateke hemen egongo. Adibide bezala, Londresko Joko Olinpiarrak prestatzen, askotan joan ginen Londresera entrenatzera eta  Basque Teami esker izan zen, beraiek ordaintzen zizkiguten hango uretako orduak, kontzentrazioak. Zerbait behar badugu, laguntza hor dugu. Eta, aldi berean, bai niretzako, bai nire taldekideentzako laguntza.

Ni bakarrik egongo banintz, zein edukiko nuke ni atzetik estutzeko? Taldekideak ditut. Eta zergatik izan ditzaket taldekide konpetenteak? Ba, atzetik azpiegitura bat badaukagulako guztiak babesten eta horrek egiten duena da, ba, maila igotzen joatea. Irati Goikoetxea ez banu edukiko hemen zirikatzen urte guztietan entrenamenduetan, ni ez nintzateke hemen egongo, lo hartuko nuke.

Ezin ukatu babes ekonomikoak duen inportantzia.

Dudarik gabe. Ez badugu babes ekonomiko bat, lanera joan beharra daukagu, eta lanera joan behar badugu, gustura asko joango gara, baina nondik aterako ditut gero indarrak gimnasiora joan eta 100 kilorekin press bankan borrokan egiteko?

Alde horretatik, zorionekoak zarete, baina badaude beste kirolari batzuk, kirol minoritarioak praktikatzen dituztenak eta lanera joan behar dutenak. Hori bai gogorra.

Oso gogorra. Sekulako meritua dute. Nire egunerokotasunean niri zailena egiten zaidana da nekearekin bizitzea. Goizean esnatu eta nekatuta, eta entrenatzera joan, eta entrenatzetik bueltatu eta nekatuta ez, oso nekatuta, leher eginda. Eta hurrengo egunean, berriz nekatuta. Eta egunerokotasun horretan gauzarik txikiena egitea, nagia. Batzuetan pentsatzen dut alferra naizela, nagikeria hori daukadalako, eta gertatzen zaidana da nekatuta nagoela, eta lan egiteko sekulako energia behar duzu, entrenatu, lan egin… ni momentu honetan ama izan, kirolaria… horrekin nahikoa daukat. Gaueko hamarretan ohera iristen naiz eta leher eginda nago, eta lo egin behar dut.

Nolakoa da zure egun bat?

Ni eskola orduetan entrenatzen naiz. Alaba 09:00etan eskolan uzten dudanean, 09:10erako gimnasioan nago. Seun bizi naiz, han dena gertu daukat. 12.30ean ateratzen da eskolatik, 12:20an ateratzen naiz uretatik eta 12:30erako eskolan nago. Etxera joan, bazkaria prestatu, bazkaldu, eta 14:30ean berriz eskolara eramaten dut, patinetean, arineketan, ahal dudan azkarren berriz ere entrenatzera joateko.

16:30ean eskolatik ateratzen denean, azkar-azkar eskolatik hartu haurra, parkean pixka bat egon… Parkean nagoenean, alabak beti esaten dit: “Ama, zergatik zaude beti eserita parkean?”. Eta nik: “Neska, nekatuta nagoelako”. Gero, etxera, goiz afaldu, aprobetxatu luzaketak egiteko, entrenamenduetako bideo guztiak ikusteko, geratzen diren etxeko lan txiki horiek egin, pixka bat irakurri eta lo.

Orduan, egunak ordu gehiago izango balitu, hobeto?

Bai, baina ez dakit iritsiko nintzatekeen ordu gehiagorekin. Hori bai, arratsaldeetan tarte ederra daukat, lasai egoteko; alaba parkean dagoenean, atseden hartzeko aprobetxatzen dut lasai-lasai egoteko.

Atzera begiratuta, egindako bide guztiaz harro zaude? Sufrimendu guztiak merezi izan du?

Bai, noski. Ez dut sufrimendu askorik izan. Lehiatzen naizenean sufritzen dut. Presio handia jartzen diot neure buruari eta sufritu egiten dut; hori behar dut. Baina hori ez da benetako sufrimendua. Buruaren sufrimendu, presio hori, beharrezkoa da. Baina daramadan egunerokotasuna asko gustatzen zait. Piraguan daukadan sentsazioa asko gustatzen zait. Etxean familiarekin egotea asko gustatzen zait, eta aire librean nago.

Nire lanean ia egun guztian aire librean nago eta, niretzako, aire librean egotea sekulako pribilegioa da. Bidaiatu egiten dut, toki berriak ezagutzen ditut, ez naiz bakarrik egoten… Askotan, bakarrik entrenatzen naiz, baina beti ikusten ditut taldekideak. Nik uste dut pribilegiatu hutsa naizela.

Eta familiaren babesa ere beti daukazu.

Beti. Eta ondo egin ditudan gauzak, gaizki egin ditudanak, momentu horretan hartutako erabakiak dira, eta ni orain naizena hartutako erabaki guztien ondorioa da, eta bidea hori da. Eta oraindik bizitzeko gelditzen zaiguna! Piraguarekin eta piragua gabe!

Demagun, neska gaztetxo batek kirol minoritario bat praktikatu nahi duela. Bidea ez da beti erraza izango. Zein gomendio emango zenioke aurrera segitzeko eta ez etsitzeko?

Garrantzitsuena disfrutatzea da. Disfrutatzea. Baina noiz disfrutatzen duzu? Ikusten duzunean gauzak aurrera ateratzen dituzula. Oso garrantzitsua da zailtasunei aurre egiten diezula ikustea. Nire ustez, norbait bere buruaz harro sentitzen da kostatu zaion gauza bat egiteko gai izan denean, eta horretaz disfrutatuz, orduan sentitzen da harro.

Nire ustez, horrela disfrutatzen da. Zer esango niokeen? Argi edukitzeko zer egin nahi duen, zertarako, helburuak markatzeko, gauza txikiez gozatzeko egunerokotasunean. Helburu bat daukagu, etorkizunekoa, baina orain hemen gaude, eta zertarako gaude? Ba, hori lortzeko.

Espero dugu zu uretan urte askoan ikustea, baina pentsatu al duzu zer egingo duzun uretatik kanpo?

Ez dakit. Eta askotan pentsatzen dut: “Zer egingo dut? Zertarako balio du Maialenek?”. Ez dakit. DBHn aukeratu behar zenuen batxilergoan zer egin behar zenuen. Baina inoiz ez dut oso argi eduki zer izan nahi dudan eta oraindik ere handia naizenean zer egin nahi dudan ez dakit, baina bilatuko dugu zer edo zer, eta dagoeneko kaña pixka bat sartzen didate alde horretatik, baina ez dakit. Helburuak hor daude, ni hemen nago, eta orain oraingoak eta gero gerokoak.

Urratsez urrats! Zorte on Munduko Txapelketan eta Tokion ere bai, eta eskerrik asko gurean izateagatik.

Eskerrik asko!