Machu Picchuko energiak

Arkeologo perutar batek eman zizkigun Machu Picchuri buruzko azalpenak, nortzuek eraiki zuten, nondik etorri ziren, zein lanbide, zeremonia, janzkera eta elikadura zeuzkaten, hiria zergatik abandonatu zuten. Mendi punta hartan hiri bat sortzeko gakoa lurpeko azpiegiturak eta ingeniaritza hidraulikoa izan ziren –ubide, terraza eta drainatze-sistema sofistikatuak, batez ere–, eta teknika horiek askoz ere liluragarriagoak dira leku honi buruz esaten diren kirtenkeria sasi-mistikoak baino: planetako energia espiritualen zilbor bat omen da Machu Picchu, kosmoseko gure anai-arreba nagusiekin harremanetan jartzeko gunea. Beste mundu eta dimentsio batzuetatik etorritako izaki haiek izan omen ziren hiri hau euren botere mentalekin eraiki zutenak. Horrelako ergelkeriak mespretxu arrazistak dira, azken finean, garapen kultural eta teknologiko nabarmena lortu zuten herriak gutxiesten dituztelako. Berritsu iruzurti hauei ez zaie sinesgarria iruditzen Andeetako indiar koitadu batzuek halako hiri konplexua sortu izana. Esoterikoen arazoa ez da irudimen handiegia dutela, eskasegia baizik: ez dakite errealitatea preziatzen eta dopin mentala behar dute zerbait miresteko.
Arkeologoak Intihuatana harri landua erakutsi zigun. Bere angelu, orientazio eta itzal-jokoei esker, eguzki-egutegi zehatza da, astronomo inkek urtaroak kalkulatu eta nekazariei aholkuak emateko erabiltzen zutena. “Intihuatanatik gertu eskua pasatzen badugu, energia positiboz kargatuko garela esaten dute”, gehitu zuen arkeologoak. “Agian, ez duzue ezer nabarituko. Izan ere, egunero hiru mila lagun etortzen dira bisitan eta, seguruenik, uhin guztiak eraman dituzte honezkero. Baina lasai: Machu Picchun bada puntu bat etengabeko energia ematen duena”. Mendian behera begiratzeko esan zigun, Vilcanota ibaia zeharka-meharka zebilen haran sakonaren hondora, hango hoditeria erraldoi, dorre metaliko eta porlanezko presara: “Mirets ezazue Machu Picchuko zentral hidroelektrikoa. Ia berrehun megawatt!”.