Lur Errekondo: “Plazan biluzik sentitzen zara, bakarrik zaudelako”

Lur Errekondok eskubaloia utzi eta harri-jasotzen hasi zen joan den urtean. Haren kirol ibilbideaz, harri-jasotzen izaten ari den esperientziaz eta Naufragoak ETBko telebista-programaz hitz egin dugu, besteak beste.

Lur Errekondo Sola, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko.

Nola hasi zinen eskubaloian jokatzen?

Eskolako giroak kirol bat aukeratzera eramaten zaitu eta Usurbilen, batez ere, futbola edo eskubaloia zegoen aukeratzeko. Etxean aita nuen eskubaloi jokalari, eta horrek ere erakartzen ninduen. Hala ere, probatu nituen atletismoa, igeriketa… Leku askotan lehiatzen nintzen, baina, ama ere eskubaloi jokalaria izanda, gehiago erakartzen ninduen eskubaloiak.

Lehen Mailan jokatu zenuen, ezta?

Bera Berarekin ez nuen Lehen Mailan jokatu. Bost urte egin nituen bertan, eta belaun bat puskatu nuen. Errekuperazioaren ondoren, lehen partidan sorbalda apurtu eta bi urte eman nituen ezker besoarekin jokatzen, ez zidatelako detektatzen eskuineko besoan zer nuen. Ez zen ganorazko egoera niretzako, baina hirugarren urtean sorbaldan zerbait aurkitu zidaten, Bartzelonara joan eta guztia berreraiki zidaten. Hurrengo denboraldian, gero eta hobeto jokatzen hasi nintzen, soilik lesio txikiekin. Niretzat lesio txikiak edukitzea urte perfektua izatea da, baina denboraldia bukatu aurretik belauna puskatu nuen. Justu partida haren hasieran entrenatzaileak esan zidan berri on bat eman behar zidala partidaren ondoren, eta bosgarren-hamargarren minutuan belauna apurtu nuen. Berri ona lehenengo ekipoarekin Erreginaren Kopa jokatzera nindoala zen, baina hortxe geratu zen. Zer egingo diogu, ba! Nire asmoa eskubaloiko goi-mailan jokatzea zen, eta argi nuen ikasketak bukatu ondoren kanpora joan nahi nuela eskubaloian jokatzera. Azkenean, ez zitzaidan ondo atera asmo hori, baina gero, Zarauzko eskubaloi taldetik deitu zidaten bertara joateko. Deia jaso nuenean, Zarautz Lehen Mailan zegoen, baina denboraldia amaitutakoan Bigarren Mailara jaitsi zen, eta bertan jokatu nuen nik.

Nola bizi izan zenituen urte haiek?

Nik argi nuen eskubaloi jokalari izan nahi nuela eta ahal bezain urrutira iritsi nahi nuela. Hori zen nire ametsik handiena momentu hartan. Baina ikusita zulo batetik bestera pasatzen nintzela lesioekin, zer pentsatua ematen zidan. Batzuek esaten zidaten aurrera begira osasuna zaintzea planteatu behar nuela eta beste batzuek esaten zidaten gaztea nintzela eta beraiek ez dakit zenbat ebakuntza zituztela; alegia, jarraitzeko. Baina nik ez nuen nahi gorputzarekin arrastaka bukatu. Faktura handia pasatzen dizu bai fisikoki eta baita mentalki ere. Eta banekien eskubaloia uzteko nire momentua iristear zegoela.

Zer sentitzen zenuen taldearekin jokatzen zenuenean?

Zoragarria zen. Begiak dir-dir, hunkituta; nahiz eta partida galdu norberak eta taldeak ondo jokatzen bagenuen, satisfazio handia zen. Kontua ez zen partida galtzea, kontua zen taldeak zenbateraino eramaten zuen jokoa eta zertarako gai ginen. Zoragarria da, eta horretan jarraitzeko ilusioa ematen dizu. Horregatik sakrifikatzen da pertsona bat hainbeste: goiz eta arratsalde entrenamenduak, asteburuak kanpoan, ez daukazu bizitza sozialik taldeaz, autobusaz eta aldagelaz aparte. Ez dago beste ezer. Baina horretara bideratzen duzu zure burua, zure pasioa delako.

Zer du eskubaloiak berezia zuretzat?

Jokatzeko garaian botatzen duzun adrenalina eta taldea daukazula inguruan. Defentsan harresi bat bezala izatea; denok orekatu beharra taldea ahalik eta ondoen defendatzeko eta ahalik eta gol gutxien jasotzeko. Erasoan ere taldekideen arteko komunikazioa oso garrantzitsua da eta ondo jokatzen duzunean nabari egiten da taldekideen arteko feeling-a; hori gertatzen denean, nahiz eta golik ez sartu, “hau jokaldi ona!” esaten duzu. Feeling hori ere transmititzen da entrenamenduetan, aldagelan, bidaietan… Liskar bat baldin baduzu norbaitekin, badakizu nola bideratu dezakezun soilik horretan gera dadin. Hainbeste gauza eman dizkit eskubaloiak… Taldearen izaerarekiko eta baita nire burua hobeto ezagutzeko ere.

Faltan igartzen duzu, ezta?

Bai, asko. Hunkitu egiten naiz.

Eskubaloia utzi eta harri-jasotzen hasi zinen gero…

Zarautzen egin nuen azken urtean banekien meniskoa gaizki nuela. 2020 bukaeran guztiz izorratu zitzaidan, eta urtarril hasieran operatu ninduten. Errekuperazioan nengoela, Zarauzko taldeko jokalari batek, mutilen kapitain eta harri-jasotzen ere ibiltzen zenak, idatzi zidan haren harri-jasotzeko entrenatzaileak, Joxe Ramon Iruretagoienak, nesken taldea egin nahi zuela eta ea proba bat egitera animatuko nintzen. Laster txapelketa bat zegoela eta konpromisorik gabe etorri nintekeela probatzera. Nire artean esan nuen une hartan ez nintzela ezer egiten ari eta probatzera joango nintzela. Usurbilgo lagun batekin joan nintzen eta egunean bertan gustatu zitzaidan harri-jasotzea. Egun hartan, orain nirekin dabilen Lierni Osa ere proba egitera joan zen. Entrenatzaileak oso ondo egiten genuela esan zigun, nabaritzen zela kirolariak ginela. Segituan txapelketarena aipatu zigun, baina ordurako ez zen zerbait konpromisorik gabekoa. Urte baterako planak egiten hasi zen! Nik oraindik eskubaloira bueltatzeko esperantza txiki bat nuen, baina banekien ez nuela bertan askorik iraungo. Azkenean, harria pixkanaka gustatu eta horrekin jarraitu dut.

Jende aurrean segituan hasi zinen?

Lehenengo entrenamendua uztailaren 10ean izan zen eta txapelketa uztailaren 30ean zen, eta horretarako entrenatzen hasi ginen. Kontua da bi egun lehenago COVIDa harrapatu nuela eta ezin izan nintzela joan; ze pena! Azaroan berriro belauneko ebakuntza egin zidaten, eta, errekuperazioa tarteko, azkenean, lehenengo txapelketa 2022ko urtarrilean egin dut.

Oso desberdina izan behar du taldeko kirol batek edo jendearen aurrean harriarekin bakarrik egoteak.

Nahiz eta hamar mila arropa geruza jantzita eduki, alde batetik, biluzik sentitzen zara plazan. Urduri eta babes gabe zaude, nolabait. Talde-kirolean, huts egiten baduzu, ez da hain nabarmena, baina harriarekin zerbait gaizki egiten baduzu, oso agerian geratzen zara. Hala ere, egia esan, segituan ohitu naiz. Harriarekin zaudenean zu bakarrik zaude, baina amaitzean hortxe dituzu taldekideak, entrenatzailea, laguntzailea, beste lehiakideak… Eta oso harreman ona daukagu. Eskubaloia eta harri-jasotzea oso desberdinak dira, baina txipa aldatu beharra neukan.

Borondate handia ere behar duzu hainbeste lesioren ondoren kirolarekin jarraitzeko. Baina harri-jasotzea ez da oso ona izango belaunetarako…

Eskubaloian egiten diren mugimenduak askoz ere bortitzagoak dira, norabide aldaketak daudelako. Harriarekin sentadillak gogorragoak dira, mugimendua ez da hain bortitza, baina badauka berea. Aitak esan zidan nire estatistika zela jokatzen nuen denboraldi bakoitzeko lesio gogor bat nuela. Beraz, edo ondo prestatzen nintzen edo sofan eserita geratzea hobe nuela, baina nik ezin nuen geldirik egon. Txiki-txikitatik eskubaloian ibili naiz eta orain harria aurkitu dut. Ez dut utzi nahi.

Zarauzko taldean neska batzuk zabiltzate harri-jasotzen.

Orain dela hamar bat urte, bost bat neska egongo ziren harri-jasotzen, baina gaur egun, askoz gehiago gaude.

Harrobi bat sortzen ari da, beraz.

Bai, eta neska askok galdetzen didate harria probatu nahi dutela.

Eta emakume guztiek ezagutzen duzue elkar?

Ba, ia denok, eta giroa ona da. Noski, lehia dago, azken batean, txapelketaren helburua hori delako, baina txapelketetan eta erakustaldietan denak elkartzen gara.

Nolako probak egiten dituzue?

Aurten jende berri asko geundenez, 50 kiloko harriekin egin dira txapelketak: zilindroarekin, kubikoarekin eta bolarekin. Baina ikusi dute oso erraz egin dugula, eta datorren urtean 63 kilokoekin egingo dugu, horrela egiten baita Euskadiko Txapelketan. Denbora tarte zehatz batean ahalik eta altxaldi gehien egitea da helburua.

Zein da zure harri gustukoena?

Harri-jasotzean, eskubaloian bezala, kola erabiltzen dugu harriak ez irristatzeko, eta nik hori asko atsegin dut. Kubikoa teknikoki zailagoa da altxatzeko eta asko gustatzen zait, eta bola ere bai, eskubaloiko pilotaren antza duelako.

Astean zenbatetan entrenatzen zarete?

Bitan: astearen hasieran eta erdi-bukaeran, txapelketaren edo erakustaldiaren arabera. Harriarekin, gehienez bi aldiz entrenatzen gara, eta gero, beste kirol bat egitea komeni da: crossfit-a, korrika, bizikletan… Izan ere, harriarekin topera egoteko fisikoki bestela ere prestatu egin behar duzu. Gure entrenatzailea oso zorrotza da teknikarekin. Izan ere, zenbat eta teknika hobea izan, orduan eta indar gutxiago gastatuko duzu altxaldi bakoitzean. Hasieran, pisu gutxiagorekin beroketak egiten ditugu, eta gero, pisu gehiagorekin jarraitzen dugu.

Zuek ere pisu-marka egiten saiatzen zarete?

Euskadiko Txapelketan 75 kiloko zilindroa altxa behar izan genuen, eta gero, 63 kiloko kubikoa eta bola. Mutiletan badaude errekorrak, baina nesketan ez dugu oraindik hainbeste ikusten. Duela gutxi, Ostolazako eskolakoek errekor pertsonala egin nahi izan zuten eta 106 kilo altxa zituzten ez dakit zenbat jasoalditan. Nik oraindik ez dut horrelako ezer egin.

Jendeak nola erreakzionatzen du zuek plazan ikustean?

Batzuek esaten didate ez naizela plazandrea; hau da, ez ditudala harri-jasotzailearen kanonak betetzen. Baina hori ere aldatu beharra dago, edo, behintzat, kanona zabaldu egin beharko litzateke, orain bertan harri-jasotzen gabiltzan emakume askok hautsi egiten dugulako. Beste batzuek esaten didate: “Zuk zer altxatuko duzu hori!”. Edo: “Ez daukazu harri-jasotzaile batere itxurarik!”. Egia da jendea gero eta gehiago ohitzen ari dela gu ikustera, oihartzun gero eta handiagoa dugulako medioetan eta abar, baina oraindik badago asko egiteko.

Harri-jasotzetik zerk erakartzen zaitu?

Oso desberdina da eskubaloiarekin alderatuz. Asko gustatzen zait. Plazara ateratzea, entrenamenduan egindako lan hori guztia plazara eman eta plazak adrenalina ematen dizunean. Poztasuna ere indibiduala da, zuk egindako lan guztiaren ondorioa, baina taldeak zoriontzen zaituenean benetan ederra da. Bidean egin duzun lan guztia baloratzen duzu. Zoragarria da.

Laster, Naufragoak saio berrian ikusiko zaitugu, aurkezle.

Harriaren entrenamendu batetik irteten ari nintzela deitu zidaten ETBtik esanez bilera bat izan zutela eta nire izena atera zela casting-a egiteko. Hasiera batean, zeharo harrituta geratu nintzen, baina gero, pentsatu nuen ez nuela ezer galtzeko. Gogoarekin geratu baino gehiago, nahiago dut saiatu. Casting-a egin eta bi astera, beste aurkezlearekin hasi nintzen lanean.

Izan ere, mundu hau guztiz berria da, ezta?

Sekula ez naiz modu honetan telebistan aritu, ez. Sei bikotek parte hartuko dute Costa Rican egingo dugun lehiaketan eta hainbat proba egingo dituzte. Uste dut oso dibertigarria izango dela eta oso ondo pasako dugula.

Ezagunagoa ere izango zara…

Bai; hasieran, urduri nengoen horregatik. Pertsonaia publikoa zaren momentutik, ikusgai zaude kritikekiko, komentarioekiko… Baina gero, pentsatzen dut zer garrantzi duen besteek nitaz pentsatzen dutenak, eta lan egiten ari naiz horrek askorik ez eragiteko. Esperientziaz gozatu nahi dut. Zaila egingo zait ezagunagoa izatea, baina hori ere kudeatzen saiatuko naiz.