Lorena Arangoa: “Umoreak ez luke mugarik izan behar, dramak ez duen bezala”

Lorena Arangoa (Irurtzun, 1983) aktore ari da aspalditxoan. Clown-arekin bilakatzen ditu bere ikuskizunak umore. Umoretik begiratzen dio Munduari. Mugarik gabeko algarak erakarri nahi ditu, bereziki landa eremuan, ikuspegi feminista batetik, euskaratik eta euskaraz. Patxada tarte bat hartu eguneroko eroan eta gozatzeko parada izan. Hori eskaini nahi dio publikoari. Hori du helburu oholtzara igotzen denean. Hala aritu da TTAP aldizkarian ere.

Ongi etorri gure elkarrizketaren txoko honetara.

Eskerrik asko.

Solasaldia prestatzerakoan, zalantzak izan ditut zure burua aurkezterako garaian, izan ere, izan zara sukaldari, goxoki nahiz fruta saltzaile, zerbitzari, pailazo, clown… nola definituko zenuke zure burua?

Oraintxe bertan aktorea naiz, aktore lanetan aritzen naiz. Baina gauza gehiago ere izan nahiko nuke. Espero dut horretarako denbora izatea oraindik… kar kar.

Irurtzunen gaude, zure herrian. Kultur etxe hau zer da zuretzat?

Etxea. Hemen egin nuen nire lehen bakarrizketa: Nirebaitaturik. Eszenografia ekainean prestatu, eta, irailera arte, hemen izan zen muntaturik; horrek esan nahi duen guztiarekin. Egun askotan egon naiz hemen sarturik; ia egunero.

Zer nolako harrera izan zenuen?

Arraroa izan zen. Bakardadeari buruz hitz egiten nuen obran. Ibizatik etorri berria nintzen –han, clown eskola batean aritu nintzen–, eta Arruitzera bizitzera joan berri nengoen, hemen inguruko herri txiki batera. Egunerokotasun horretan, kasik ez nuen jenderik ikusten herrian. Halako batean, leihotik norbait ikusten nuenean, jaitsi egiten nintzen, harekin hitz egitera; eta hortik etorri zitzaidan ideia. Patxi Larrearekin obra hori lantzen hasi nintzen. Bakardadea islatu nahi genuen. Eta planteamendua izan zen: Pertsona bati inguruko denak hiltzen bazaizkio? Alegia, txakurra, txoritxoa, arraina eta senarra? Denak hil egiten dira. Bakarrik gelditzen da, eta hala bizi behar du. Horrela hasi zen bakarrizketa. Hori muntatu nuenean, sekulako ideia iruditu zitzaidan. Estreinaldiaren atarian, konturatu nintzen ama alarguna dudala; jabetu ere egin gabe nengoen. Eta lehen egun horretan, kultur etxeko eserlekuen erdi-erdian eseri zen. Antzezlanean ari nintzela, senarra hiltzen den momentuan, denok begiratu zuten nire ama. Eskerrak amari kontatua niola estreinaldiaren aurretik zein gai izanen zen nagusi! Berak argi esan zidan: Ez naiz, ba, ni alargun bakarra izanen munduan? Eta bai, hala da. Berarentzat ez zen arazo izan, baina jende askok galdetu zidan ea omenaldi moduko bat ote zen harentzat. Ez zen hala izan; baina agian bai, moduren batean edo bestean.

Bakardadeaz aritu zinen duela zenbait urte jada. Gaur egun ere, oso presente dugun gaia da…

Gaur egun, are indartsuagoa litzateke obra bera, agian. Presenteago dago. Pandemia garaian, agerian geratu zen zeinen bakarrik egon gaitezkeen, eta, ordutik, esanen nuke egunerokotasunean dugun gaia dela.

Oso txikitatik igo zara horrelako oholtza batera. Noizbait galdetu diozu zure buruari: Artista izan nahi dut?

Oso gogoan dut eskolako garaietako une bat, bereziki. Kontxi irakaslearekin ginen. 7-8 urte izanen genituen. Eta, egun batean, jarri gintuen handitzerakoan izan gintezkeenaz hitz egiten: zer ikas genezakeen, zertan lan egin… Izan gintezkeela suhiltzaile, edo albaitari, edo arte dramatikoa ikasi antzezle izateko… eta, hor, klik egin zidan buruak. Ez nekien hori ikas zitekeenik ere! Amari kontatu nion, berehala. Nerabezaroan aldaketa izan nuen, baina, orientatzaileei galdezka aritu ondoren, bideratu nintzen berriz antzerkiaren ingurura. Ez lehen botean. Hasieran, joskintza egitea proposatu zidaten antzezleak janzteko, baina nik argi nuen hori ez zela nire bidea; nik antzeztu egun nahi nuen. Garai hartan ez zen ofiziala, baina Nafarroako Antzerki Eskola bazen Iruñean. Oso potentea zen. Oinarri handia hartzeko bidea izan da.

Ama Birjinaren inguruko artelanen bat eginen nuke, negozioa eten egin behar dela aldarrikatzeko

Ordutik, zure bidea ez da oso lineala izan, baina esanen nuke oparoa baietz.

Bueno… bai. Egia da ez naizela gelditu. Nafarroako Antzerki Eskolan ikasi nuen, eta oso gustura ibili nintzen. Bigarren mailan, izan genuen clown eskola; hiruhileko batean aritu ginen horretan, eta asko gustatu zitzaidan. Baina, gero, sukaldaritza ikastera ere jo nuen, hori ere oso gustuko nuelako. Praktikak egiten nenbilela atera zitzaidan aukera: Ibizako Clown Eskola. Eta seinaleari kasu egitea erabaki nuen.

Zer adierazteko erabiltzen duzu umorea?

Dena. Bai eszenatokian eta baita hortik kanpo ere. Edo haserre nago edo tontakeriak esaten ditut. Ez dut erdibidetik.

Eta zerbait ezkutatzeko?

Baita ere, noski.

Agian, gehiago ezkutatzeko adierazteko baino?

Segurtasun falta guztiak algarara eramaten badituzu, errazagoa da, bai.

Umoretik ere gauza asko aldarrikatu daitezke: feminismoa, euskara eta landa eremua.

Uau! Ze hiru hitz indartsu. Pozten naiz horiek badatozkizu burura nire lanarekin. Hiru adierazle oso indartsu dira, eta, bai, esanen nuke nire lanean eta egunerokoan buruan ditudala.

Emakume izateak eragin dizu zure buruari mugak jartzerakoan?

Nik nire buruari, eta baita publikoak ere. Oso konprobatuta dut, adibidez, gorputzarekin. Gizonezkoek askoz ere gehiago erabiltzen dute euren gorputza umorea egiteko. Ipurdia erakutsi, kamiseta kendu… Emakume batek egiten badu, berriz, publikoaren lehenbiziko harrera gehiago izaten da harriduratik. Gero bai, sartzen dira umore horretan. Nik eszenatoki gainean ipurdia erakutsi dudan guztietan, lehenengo inpaktua izan da ai ama… eta barrura egiten den barrea.

Eta, gizonen kasuan, guztiz bestelakoa da, kanpora egiten dute barre.

Bai, noski. Barre algara ozenak suertatzen dira halakoetan.

Eta ez duzu inoiz arazorik izan zure burua biluzteko

Agertokian ez. Hondartzan, agian, gehiago.

“Emakumeen gorputz biluziek lehen kolpean eragiten duten barrea barrura begirakoa da, eskandaluzkoagoa”

Umorean, askoz ere gizon gehiago dago?

Ezagunagoak dira gizonak. Emakume asko daude umorea egiten; nik ia gehiago ezagutzen ditut. Baina underground-ean gaude: gutxiago ikusaraziak, soldata baxuagoekin… nahiz eta antzerkian publikoa %80an emakumea izan. Ez dakit zergatik gertatzen den hori.

Askotan esaten da umorea egitea zailagoa dela drama egitea baino. Ados zaude?

Niri errazagoa iruditzen zait umorea egitea. Konplexuagoa da drama; polita eta interesgarria. Baina zerbait egin eta jendeak barre egitea ikusgarriagoa da. Zerbait egin eta jendearen jarrera negar egitea bada… ez da horrenbeste iristen, ez dut horrenbeste sentitzen.

Aktorea bazara eta zure obrak ere idazten dituzu. Nola jakiten duzu prestatzen duzun esketxa barregarria izanen dela?

Nire burua imajinatzen dut publikoan. Ikustea gustatuko litzaidakeena prestatzen ahalegintzen naiz.

Umoreak mugak izan beharko lituzke?

Ez dut uste. Dramak ez du mugarik. Pertsonaiei denetarik gertatzen zaie drametan, eta inork ez du zalantzan jartzen. Umoreak zergatik izan behar du, bada, puntu bateraino?

Euskarak ateak ireki edo itxi egin dizkizu?

Zalantzarik gabe, ireki. Erabat. Azkeneko obra, Aranburugoitiarrak, herri-kirolen ingurukoa, euskaraz edo ele bitan egiten dugu. Ez gaztelania hutsez, adibidez.

Sorkuntzatik ere naturalagoa da zuretzat euskaraz egitea?

Erdaraz asko sortu dut, hala ikasi dudalako, bai Nafarroako Antzerki Eskolan zein Ibizako Clown Eskolan; ikastaroak ere asko dira gaztelaniaz. Euskara erabiltzen hasi nintzenean jabetu nintzen askoz ere barregarriagoa naizela euskaraz erdaraz baino. Inprobisatzerako garaian, esaterako, askoz ere errazagoa egiten zait euskaraz aritzea. Politago egiten dut, gainera.

Nire ametsetako bat da irrati-nobela bat inprobisatzea oholtza gainean

Landa eremuan aritzen zara asko. Baina egia da apenas iristen dela antzezlanik herrietara, bereziki, txikienetara.

Alde batetik, aurrekonturik ez dutelako. Landa eremuan, hori bai, azken urteotan emakume talde ugari eratu dira, eta indartsu daude ekimenak egiteko. Ofizial egin dira zenbait, eta horrek ekarri du ekonomikoki ere gutxieneko oinarri bat izatea. Antzezlanak eurenera eramateko baliatzen dute. Eta herri txikietan aritzeak dakar herri guztia doala zu ikustera. Aitona-amona, familiak seme-alabekin… eta denek gozatzen dute. Oso interesgarria da.

Aitona-amona horiek, agian, sekula joan gabeak dira antzezlan bat ikustera…

Horietako asko, amaitutakoan, gugana gerturatzen dira; hori pasada bat da. Gogoratzen dute garai batean komedianteak etortzen zirela herrietara. Ttikitako oroitzapenak dituzte. Baina, hortik harago, asko ez dira kanpora joaten artea ikustera.

Zure kasa aritzen zara, maiz. Prozesu osoa eramaten duzu aurrera: ideia izatetik antzezlana oholtza gainera jartzera arte. Nolakoa da egiteko hori?

Ideia batetik abiatuta, taularatu nahi dudanari buruz hausnartzen dut. Hasiera eta bukaera pentsatzen ditut; eta, gainerakoa, inprobisatzen joaten naiz. Oso garrantzitsua da, niretzat, amaiera argi izatea, non bukatu nahi dudan; norantz joan behar dudan jakitea.

Nolakoa da jasotzen duzun ordaina?

Zortekoa naiz aktore izatetik bizi naizelako duela hiru urtetatik. Horren aldeko apustua egin nuen. Fruta denda utzi, eta honetan sartu nintzen buru-belarri. Laugarren urtea izanen da oraingo hau.

Zer transmititzeko igotzen zara oholtzara?

Egonaldi on bat pasarazteko. Eguneroko bizi erritmo azkarretik aldenduta, lasai eseri eta gozarazteko.

Mugikorra pizten duenak publikoan zer eragiten dizu?

Norbait mugikor deia jaso eta antzezlanaren erdian telefonoa erantzutera ausartzen bada, nik ere gauza bera egiten dut: haren albora gerturatu, bere telefonoa hartu eta antzezlanaren parte egin.

Ikusi zaitugu printzesaz, etxekoandre ahaldunduaz, pitonisaz, alargunaren paperean… Orain, zer duzu buruan?

Ama Birjinaren inguruan bueltaka ari naiz. Amorrua ematen dit ikusteak zer nolako bonboa ematen ari zaion horri azkenaldian. Rosaliaren lanarekin, influencerrak kristautasunari lotuak… utzi diezaiogun negozioari gorazarre egiteari! Ez dakit horren punki jartzeko moduan egonen ote naizen, baina ideia badut. Milagros eta Valentina antzezlanaren bigarren partea sortzen ere ari gara.

Bertsolariak, nola, inprobisatzen ere ikusten zaitugu azkenaldian. Nola egiten da hori?

Baditu bere egiturak, nahiz inprobisazioan aritu. Joko bakoitzak baditu bere atalak. Oso dibertigarria da. Inprobisazioak lotura handiagoa du zinemarekin antzerkiarekin baino. Ez duzu elementurik. Zure gorputza eta ahotsa dituzu, eta, horrekin, sortu behar duzu dena, momentuan. Imajinazioa gehiago doakigu pelikuletara.

Publikoarekin hartu-emana ere proposatzen duzue.

Bai. Jendea asko lotsatzen da, eta aldaketak egin ditugu. Hasieran, ahots goran eskatzen genizkien ideiak; orain, paperetan idaztea eskatzen diegu. Edozer gauza. Jendea libreago sentitzen da, eta gauza oso potenteak idazten ditu.

Oholtzaren gainean askeago sentitzen zara bakarrik?

Bai, zalantzarik gabe. Baina bakarrik ere sentitzen naiz.

Nola ikusten duzu antzerkia edo artea etorkizunean?

Ez dut planteatu ia. Nahiko nuke eskuragarria izanen balitz; denontzako.

Amets bat ere baduzu, irratiaren bueltan zerbait sortzeko.

Irrati-nobela bat litzateke nire amets kuttunena. Ez dakit oso ongi zergatik, baina eginen nuke. Oholtzan egitea irrati-nobela inprobisatu bat. Hori da nire erronketako bat.