Lorea Arakistain: “Komunikazioa ez da azken pausoa, abiapuntua baizik”

Eibartarra ez da geldirik egoten den horietakoa. Gazterik hasi zen kazetari lanetan, eta komunikazioan trintxeraren beste aldean egiten du lan gaur egun. Afizioak egin ditu ofizio: komunikazioa, Internet eta euskara. Horiekin eta horientzat egiten du lan Puntueus Fundazioan.

IDOIA TORREGARAI: Ongi etorri, Lorea. A zer-nolako gustua zurekin egotea. Kazetaria zara eta komunikazioaren esparruan lan egiten duzu. Argi zenuen txikitatik bide hori jarraitu nahi zenuela?

LOREA ARAKISTAIN AIZPIRI: Txiki-txikitatik ez. Umetan, ile-apaintzaile izan nahi nuen, ez dut gezurrik esango. Baina nire ilearekin konpontzeko gai ez nintzen eta ez nuen etorkizunik arlo horretan. Baina baditut haurtzaroko oso oroitzapen onak, jolasarekin eta komunikazioarekin lotuta daudenak. Niri asko gustatzen zitzaidan aitaitaren idazteko makinarekin jolastea, adibidez. Gordeta dudan beste oroitzapen bat  goizetan gosaltzen edo janzten nengoela irratia beti oso presente zegoela da. Mariano Ferrer-en El Quiosco de la Rosi-rekin hasten genuen eguna, egunkaria eskatzen bueltatzen nintzen eskolatik… Beraz, badaude halako pista batzuk, baina 15 urterekin hartu nuen kazetari izateko erabakia.

Hala ere, gazte, ezta? Ez da erraza izaten hain goiz jakitea zer nahi duzun izan…

Ez, eta, gainera, nire gurasoek ingeniari izatea nahi zuten. Baina oso argi ikusi zuten nik Kazetaritza ikasi nahi nuela eta nire helburua hori zela. Orduan, bidea errazten lagundu zidaten. …eta kitto! aldizkarian lan egiten zuen Koldo Mitxelena zena ezagutzen zuten eta kontatu zioten alabak kazetaria izan nahi zuela, eta Koldok bertara etortzeko esan zien. Orduan, oso normala zen …eta kitto! edo antzeko herri aldizkarietan oso gazte hastea lanean. Kazetaritza ikasi nahi genuen edo Kazetaritza ikasten ari ginen jende guztia pasatzen ginen hortik. Ni institutuan hastearekin batera hasi nintzen bertan, 16 urterekin.

Nola gogoratzen duzu bertan egin zenuen lehen albiste edo erreportajea?

Oso memoria txarra dut eta ez dakit zein izan zen, baina, batez ere, kultura sailean ibiltzen nintzen, agendarekin lotutako kontuekin. Gogoan dut Mikel Urdangarin etorri zela eta institutuan bertan Mikeli elkarrizketa motz bat egin geniola. Denetatik egiten genuen. …eta kitto!-n lana nahi baldin bazenuen, bazegoen. Gaur egun, karrera dualez hitz egiten da, baina gu karrera hasi aurretik aritzen ginen lanean. Niri balio izan zidan konfirmatzeko hori nahi nuela ikasi. Gero, karrera, egia esan, ez zitzaidan gustatu. Pasatu behar zen tramitea eta pasatu genuen, baina ez nuen kazetaritzaz gauza askorik ikasi. Soziologiaz ikasi nuen zerbait, politikaz ere bai, nazioarteaz ere bai, baina kazetaritzaz ez. Garai hartan, sektorea digitalizatzen ari zen, baina unibertsitatean dena zen oso analogikoa. Asko jota, kronika bat egingo genuen karrera osoan, eta erreportajerik idatzi genuenik ez dut oroitzen.

Ikasketak amaituta irratian aritu zinen. Zer-nolako esperientzia izan zen?

Karrerako azken aurreko urtea Danimarkako kazetaritza eskolan egin nuen, Erasmusetik. Hura kontrako eredua zen: gelak hogei ikaslekoak ziren eta dena praktikoa zen. Kamera bat ematen ziguten eta kalera joaten ginen. Estoniak Europako Batasunean sartzeko erreferenduma egin zuenean, bertara joan ginen akreditatuta haren berri emateko, eta BBCko kazetariaren ondoan geunden eserita! Hemen geratzen zirenen bidea normalean zen EITBn praktikak egitea. Ni kanpoan egon nintzenez, ez nuen horretarako aukerarik eduki. Baina garai hartan, Loiolako Herri Irratia zabalkunde une batean zegoen eta Eibarren irratia irekitzeko asmoa zuten, eta bertako jendea nahi zuten sartu taldean. …eta kitto!-ren bitartez sartu nintzen Herri Irratian, karrera amaitu eta segituan. Handik urte batera ireki zen Eibarko irratia eta hor egin nituen pare bat urte.

Eta irratiaren magiak harrapatu zintuen?

Bai. 18 urterekin ez nuen argi zer nahi nuen egin, baina aukera sortu zitzaidan eta asko gustatu zitzaidan irratia, eta oraindik ere asko gustatzen zait. Bat-batekotasun hori, momentuan gertatu da eta pasa da. Ez dago atzera egiteko aukerarik irratian. Hori ere bada polita. Eta jendearentzat irratia oso berezia da. Jendearen sukaldean sartzen zara eta jendearekin harreman handia duzu, entzuleek deitu edo etorri egiten dira beraien iritzia ematera, ados ez baldin badaude ere.

Irratiaren ondoren komunikazio mundura salto egin zenuen, ezta?

Euskadi Irratian jarraitu nuen futbol eta eskubaloi partiden kronikak eta Radio Euskadin ordezkapenak egiten, baina, era berean, Elhuyarren hasi nintzen lanean, zientzia kazetaritzan. Bi urte eman nituen bi lanak egiten; irratian asteburuetan eta Elhuyarren astean zehar.

Kirol kronikak egiten zenituela aipatu duzu. Betidanik gustuko izan duzun gaia izan da kirolarena?

Ipuruara joatea futbola ikustera oso normala zen. Neska kuadrillak ohitura genuen igandeetan futbola ikustera joateko: zerbait egin behar zen ajea pasatzeko! Beraz, lanean hasi nintzenean naturala zen niretzat, eta, gainera, kobratu egiten nuen. Garai hartan, bazkide nintzen, baina orain ez zait gustatzen futbola. Barrutik ezagututa hor mugitzen diren rolak, ereduak… ez zaizkit gustatzen. Niretzat ere neska bezala ez zen ingururik erosoena. Bere momentuan oso gustura egin nuen zerbait izan zen, baina orain ez nintzateke bueltatuko.

Beraz, zientziaren komunikazioan murgildu zinen Elhuyarren.

Zientzia-kazetari sartu nintzen Elhuyarren, erredaktore. Bazegoen proiektu berri bat, EHUrekin lankidetzan gazteentzako zientzia aldizkari bat, baina segituan hasi nintzen proiektuen ardura hartzen eta kudeaketan lanean. Behin hor sartuta, kazetaritza alde batera uzten joan nintzen, nahiz eta beti lotura bat mantendu izan dudan: kolaborazioak, iritzi-artikuluak, mahai-inguruak… Eta beste alde ilun horretara pasa nintzen: komunikazio korporatiboa, marketina… barrikadaren beste aldera, alegia.

“Jendeak zer behar duen jakin eta horren araberako produktua sortu behar dugu”

Zer da garrantzitsuena komunikazioan?

Alde batetik, erakunde baten estrategian komunikazioaren kokapena zein den. Dena pentsatzen da, dena egiten da, eta gero, esaten dizute hori kontatzeko. Baina pentsatu al dugu ea jendeari interesatzen zaion? Jendearen beharretan, interesetan pentsatu dugu ala produktua egin eta saldu nahi dugu? Komunikazioak hasierako estrategian egon behar du txertatuta, maila gorenean integratuta egon behar du. Ez da azken pausoa, abiapuntua da. Bestetik, segmentazioa kontuan hartu behar dugu. Norbaitek eskatzen dizunean zerbait komunikatzeko, zuk galdetu behar duzu: “Zeinentzat da hau? Nori kontatu behar diot?”. Eta, askotan, erantzuna izaten da: “Denentzat”. Publiko orokorrarentzat izan behar duela esaten dizute, gehienetan. Publiko orokorraren kontzeptua oso apasionantea da, mundu guztia delako, eta era berean inor ez. Eta hor zintzoak izan behar dugu eta benetan pentsatu behar dugu norentzat den interesantea eta zer kontatu behar dugun.

Nola definitzen duzu komunikazioa?

Kontatzea eta entzutea da komunikazioa. Baina, batez ere, entzutea. Entzun gabe ezin da kontatu. Kontatzen duzun hori doitzen joan behar duzu aldiro entzuten duzun horrekin.

Aukeratzekotan, komunikazioa ala kazetaritza?

Kazetari sena badut, eta horregatik sartzen naiz gero asko estresatzen nauten gauza askotan. Kazetaritza gustatzen zait. Komunikazioaren munduan, berriz, epe luzera lan egiten da. Antolatzeko denbora gehiago daukazu eta lan-baldintzak hobeak izaten dira, normalean. Eta kazetaritza mundua dagoen moduan dago. Niri dagoeneko horrela ezagutzea tokatu zitzaidan: nahiko egoera prekarioan eta, egia esan, kazetaritza ona egiteko aukera askorik gabe. Heltzen zinen erredakzio batera 22 urterekin, eta erakutsi, ia inork ez zizun erakusten. Gauzak egiteko denborarik ere ez zenuen. Prentsaurrekora joan, prentsa-oharra hartu eta hori kontatu. Hori kazetaritza da? Prentsa-oharra erreproduzitzea edo politikarien prentsaurrekoarekin egindako korteekin kronika egitea kazetaritza da? Nik, gaztetan, gerra korrespontsal izan nahi nuen, ez prentsa-oharren erreproduzitzaile.

Marketin hitza ere asko erabiltzen da, baina zer da, zehazki?

Marketinaren barruan sartzen da produktua, kanala, komunikazioa eta prezioa. Askotan, komunikazioa marketinetik bereiztea gustatzen zaigu, baina ez da posible. Komunikazioa marketinaren parte bat da. Eta marketinaren funtzioa balioa eskaintzea da; hau da, jendeak zuk daukazun hori jasotzea eta, gainera, balioa hautematea.

Euskaldunok langile onak baina saltzaile txarrak garen fama daukagu…

Egia da! Produktu ona egin nahi izaten dugu, baina, beharbada, jendeak ez du hain produktu ona behar. Munduko txaketarik onena behar duzu beti? Agian, ez. Beraz, lehenik eta behin, jakin behar dugu jendeak zer behar duen, eta horren araberako produktua sortu. Eta gero, jakin behar da azaltzen hori dela behar duena. Niri ez zaizkit gustatzen marketinean behin eta berriro erabiltzen diren hitz batzuk, proiektu guztietan erabiltzen direnak: berritzailea, ausarta… Ados, baina zer da? Jendeak jaso behar du benetan zer den. Eta produktuek eta zerbitzuek behar dituzte bereizten dituzten hitz eta mezuak.

Zientzia dibulgaziotik teknologiara eman zenuen pausoa. Elhuyarretik, Puntueus Fundaziora.

Lehen ordenagailua eta Internet 15 urte nituenean sartu ziren etxean eta karrerako azken urtean multimediako ikastaro bat egin nuen. Betidanik gustatu zait teknologia, eta, beraz, naturala izan zen eman nuen pausoa.  Zientzia eta teknologiatik, gehiago espezializatu eta teknologiara egin nuen salto. 2014a Puntueusen merkaturatzea edo zabaltze urtea izan zen. Ordura arte, zazpi urtez helburua izan zen domeinua lortzea, eta lortu zen. Baina lorpen hori paradoxikoa zen, domeinua lortzea abiapuntua zelako. Ez zuen ezertarako balio izango gero hori erabiltzen ez bagenuen. Domeinua eskuratzerakoan hasi nintzen bertan lanean, eta zabaltzeari eta jendeari eskaintzeko erronkari aurre egin behar izan nion. Irailaren 1ean hasi nintzen lanean, irailaren 2an Bartzelonan geunden PuntCAT eredutik ikasten eta 16an prentsaurreko bat ematen ari ginen hura guztia zer zen azaltzeko. Eta noski, hura dena ulertu egin behar lehenik! DNS sistema, domeinua, erregistradoreak, erregistroak… Hemen sektore hori ez zen existitzen bere horretan eta domeinu bat jendeari zer den azaltzea kostatzen zitzaigun eta zaigu.

Zein da Puntueusen helburua?

Puntueus Fundazioaren misioa da euskara lehen mailako hizkuntza izatea ingurune digitalean. Eta horretarako daukan tresna nagusia domeinua da, Puntueus domeinua delako lehen mailako domeinu bat: puntu.com edo puntu.es maila berekoa. Hori beste esparru batzuetan lortzea oso-oso zaila da, eta Interneten badugu, eta lorpen handia da. Euskara beste hizkuntzen maila berean egon daiteke DNS sisteman, behintzat. Tresna hau da erabiltzen duguna euskara sustatzeko eta ikusgarri egiteko, baliagarri egiteko ingurune digitalean. Ingurune digitala da Internet, baina baita TAO (OTA) makina, autoko nabigatzailea eta Alexa, eta konektatuta dauden etxetresna guztiak ere bai.

Zenbateko komunitatea du une honetan Puntueusek? Hamar mila domeinu-izen daude erregistratuta. Izate hutsa garrantzitsua da, baina garrantzitsuena erabilera da. Hori da guk sustatu behar duguna.

Puntcat erreferentzia garrantzitsua da zuentzat?

Puntcat askoz lehenago sortu zen, munduan soilik hogei domeinu zeudenean. Amadeu Abril abokatua Internet Corporation For Assigned Names zuzendaritzan zegoen, nazioartean Internet arautzen duen gunean. Bertan ea domeinu berriak behar ote ziren eztabaidatzen ari ziren eta aukera aprobetxatu zuen Puntcat hor sartzeko. Guk haien arrakastatik eta akatsetatik ikasteko aukera daukagu.

Zergatik da hain garrantzitsua Puntueus komunitate indartsua edukitzea?

Euskararen erabilera sustatzeko tresna bat delako. Ikusgarritasuna eta erabilgarritasuna ematen diolako euskarari ingurune digitalean. Puntueus nazioarteko foroetan dago, eta hor ere eragile lana egiten dugu. Euskararen presentzia eta onarpena hainbat forotan ez da naturala. 10-15 hizkuntza hartzen dira kontutan ingurune digitalean, eta, guk gurea kontuan hartzea nahi baldin badugu, lan handia dago oraindik egiteko.

Adibidez, Googlek ez ditu euskarazko iragarkiak onartzen.

Ez Googlek, ez Youtubek, ez eta Linkedinek ere. Eta Twitterrek ez ditu onartzen, baina Puntueusekin duen lankidetza bati esker egin daiteke. Hor ez goaz aurrera; atzera goaz. Lehen, Googlek onartzen zituen euskarazko iragarkiak eta Youtubek ere bai, baina orain, ez. Ez delako errentagarria.

Twitter aipatu duzu. Zer iritzi duzu sare sozialez?

Erabili eta ezagutu egin behar ditugu, eta zerbait berria ateratzen denean instalatu eta frogatu egin behar dugu. Egia da ni maila pertsonalean apur bat nekatzen eta kezkatzen nauela gai honek. Batez ere, arretaren gaiak kezkatzen nau. Arreta nigan nola sakabanatzen den nabaritzen dut. Lanean zaude eta estimulu desberdinak sartzen zaizkizu: Whatsapp, posta elektronikoa, Twitterreko jakinarazpena… Eta berdin kalean gaudenean. Ez dut esaten txarrak direnik, hori ez dakit, baina gure egunerokotasuna aldatzen ari direla, bai.

Etxetik kanpora ere lan egiten duzun emakumea zara. Zer nolako balorazioa egiten duzu gai honen inguruan?

Emakumeok bi lanaldi egiten ditugu: bat lanean eta bestea etxean. Eta, gainera, biak nahasten zaizkigu eta lo gutxi egiten dugu. Hori da gure egoera. Guri esaten ziguten ikasi egin behar genuela. Ikasten bagenuen edukiko genituela mutilek dituzten lanpostu, lanbide eta posizio berak. Neska guztiak oso ikasle onak ginen, oso nota onak ateratzen genituen, eta hor bazegoen guretzat iraultza. Horrela lortu behar genuen mutilen leku bera edo gehiago. Baina ez. Erkidegoan gure soldata %24 baxuagoa da. Nola da hori posible, gehiago ikasi baldin badugu eta nota hobeak atera baditugu? Eta, gainera, jarraitzen dugu etxeaz, umeez eta familiaz arduratzen. Gol handi bat sartu digute. Nik ez dakit gure atean sartu dugun, baina zerbait ez da ondo atera.