Lizar Begoña: “Irakurtzea inspiragarria da”

Euskal literaturari arnas berria eman dio Lizar Begoña poeta gazteak, Aro beilegia liburuaren argitalpenarekin. Literaturgile eta literaturzale askok bere lehen liburuari harrera beroa egin diote. Literaturaren ertzetik loratzen ari dira idazle berriak.

Atomo bat:

Diskurtso merke baten atomo bat ote naiz?

Jabego pribatu baten azaleran Interneten beroaz bizi den,

Egoa instituzioen laudorioak soilik puzten dioten,

bigarren gorputzen perimetroan izuez erditzen den,

aseezina den goseak eragindako gabezien

atomo bat?

Atomo bat izeneko poesia errezitatu diguzu elkarrizketa honi hasiera emateko. Eskerrik asko, Lizar Begoña, TTAPen gonbita onartzeagatik. Jabego pribatu baten azaleran Interneten beroaz bizi den atomo bat errezitatzen entzun zaitugu. Ez dakit atomo bat, edo Interneteko hizkera gurera ekarrita, tera edo giga bateko kilobyte bat, beharbada. Horietako batzuek garenaren neurria irudikatzen dute?

Bai, baliteke. Atomoa erabili nuen horrelako partikula isolatu eta txiki bat irudikatzeko. Eta bai, izan liteke gure garaiaren metafora antzeko poema.

Hitzen uberan webgunean aurki ditzakegu zure aztarna batzuk, baita Sitsek zure blogean ere. Donostia Kulturako sariketara aurkeztu eta saria irabazi ondoren, Aro beilegia lehen liburua argitaratu duzu. Zer moduz sentitzen zara ospe handiko literaturgileek zure izena famatzen dutenean?

Hasiberria naiz oraindik, baina oso eskertzekoa da literaturgileek nire izena eta poemak aipatzea. Jendearengana iristen den seinale da, eta kritikak izatea niretzat oso eskertzekoa da.

Eskerrak idazten dudan aldi oro, zer nintzateke bestela, zer zinateke zu. Eskerrak osasun kontuagatik bada ere idazten dudan. Inspirazioak non harrapatzen zaitu?

Idazten hasi nintzenean, egia da, edozein momentutan. Inspirazioari berak ni harrapatzen uzten nion, hein batean. Eta modu eta une desegokietan ere bai, idazteko kemena izaten nuen. Baina, gaur egun, irakurtzen inspiratzen naiz gehiago. Liburu bat hartu eta irakurtzen dudanean… momentu horiek oso emankorrak izaten dira. Inspiragarria da irakurtzea.

Beraz, irakurtzen ari zarela ondoan boligrafoa eta papera izaten duzu.

Kultura kontsumitzen dudan bakoitzean, normalean izaten dut idazteko joera. Gero, ez dakit fruitua idatzitakoari ateratzen diodan. Zerbait loratzen dela esango nuke, horrelakoetan. Zerbait ikusi edo lekuz kanpo uzte nauenean. Sentimendu hori izaten dut, izan daiteke hitz bakar bat. Zeharkatu nauen araberakoa izaten da.

“Nik senti dezakedana belaunaldiko askok senti dezakete”

Konexio globala, wifia, like-ak… antzeko adiera asko agertzen dira liburuan. Eta badago pasarte bat oso esanguratsua iruditzen zaidana. Eta pentsatzen dut ez dela belaunaldi baten kontua, baizik eta dela aro digitalean gauden guztiok bizi dezakegun sentimendua. Zuen zoriontasunaren kausak oihukatzen dituzue plataforma sozial guztietan eta horien ostean erantzunik ez badago eta txaloen ordez isiltasuna eta bakardadea?. Like horien bila antsietatez jota bizi ote garen, eta ez ote den pantailaren aurrean sortzen den ispilu horretan gure miseria agertzen.

Horri egiten diot erreferentzia poema horretan; azkenean ere, bada nik sentitu dezakedana. Ez da hirugarren pertsonei kritika bat. Nik ere sentitu izan ditudan gauzak dira, eta horren ondorioz idatzitakoak. Antsietatez bizi dugu, eta sareetan badirudi kanpoko txalotze horren bila gabiltzala. Ez da berria, eta egia da gauza hauekiko gero eta behar handiagoa dugula.

Aipagarria egin zait liburuan ez direla adiera absolutuak agertzen, eta, aldiz, garrantzia eman diozu trantsizioari: “Letra hauek eta sukaldetik komunerako airea” edo irlen arteko edo artxipelagoen arteko eremu horien aipamenak… Burura etorri zait gure garaian ezagun izan zen film baten izenburua. Sofia Coppolarena, Lost in traslation izenekoa. Ez dakidana, Lizar, Twitter kontu bat irekiko bazenu, jarriko ote zenukeen Lost in traslation zure izenaren ondoan.

Bai. Eta inklinazio posturak eta horrelako tarteko egoerak liburua defini dezakeela iruditzen zait.

Inoiz bukaerara heltzen ez garen sentsazio hori da.

2021ean Lizar Begoñaren deklaraziotzat har daitezke liburuko bi poesia, narraziora gehiago gerturatzen direnak dira: Infinitura begira dauden ahuntzak eta Izanen nukeen guztiaren saiakera.

Egia da sententziaren moduko izaera dutela bi poema horiek. Eta esango nuke, lehen aipatu dudan moduan, normalean sentitutako gauzak izaten direla. Nik senti dezakedana nire belaunaldiko askok antzeko senti dezaketela uste dut.

Lehen pertsona singularra maiz agertzen da, logikoki, baita bigarren pertsona plurala ere. Bada, tarteka, gidoietan bezala, halako bira bat. Bada esaldi bat bat-batean harrapatu ninduena: Zuk, adibidez, bazenekien idazten nuela.

Irakurle bati ari natzaio hizketan. Irakurle bat nago seinalatzen, eta izan liteke irakurlearen ausentzia hori. Eta, azkenean, idazte prozesuan zehar irakurleak datoz, badoaz batzuetan, eta nire idatziak egongo dira hortik barreiatuta. Baina ni beti nago, ni beti nago. Hori da. Egon ninteke idazteko sentimendu horrekin, beti naiz ni idazlea. Baina irakurlea ez dago beti hor.

Bilbon gaude, Bilborock aretoan. Musikaren tenpluetako batean. Eta, hara, zure liburuan agertzen da poesia bat Bilboko San Frantzisko izenekoa: Drogak, putak eta katu bat. Bilboko Kale Nagusia ezberdina da.

Poema hori anekdota batetik sortuta dago, neronek bizi izan nuena. Erradiografia txiki baten modukoa da, Bilbon ikus daitekeen desberdintasuna eta San Frantziskon dagoen egoera irudika dezakeena. Ni non kokatzen naizen hemen, zeren eta nik ez dut errealitate hau bizi. Ez dut azalean bizi. Nirekiko kritika bat ere bada.

Gai nagusia teknologiak dira, baina badira zeharkatzen nauten beste batzuk

Bilbo bizi duzu zuk, Bilbora maiz etortzen zara.

Bai; orain, halabeharrez, gutxiago. Azkenean, bertan dago kultur saltsa guztia. Antzerkiak, erakusketak eta bestelakoak kontsumitzera hurbiltzen naiz.

Aro digitala litzateke zure liburuaren enborra. Baditu beste ezpal batzuk, eta horietako bat bada sexua, sexualitatea.

Gai nagusia teknologia da, baina badaude ni zeharkatzen nauten beste gai asko. Eta horiek liburuan aurki daitezke. Bulkadak izaten ditut. Sexualitatea da bat, eta egun sexualitatea, sexua edo maitasuna nola bizi ditugun. Nire azaletik eta azal orokorretik idatzita daude.

Orain arte, idatzi duzunaz aritu gara, baina zuri irakurle modura zer da interesatzen zaizuna? Oker ez banago, liburu bat duzu esku artean.

Jorge Oteizaren Itziar elegía y otros poemas liburua ekarri dut. Zure galderari erantzunez, zer bilatzen ote dudan irakurle modura? Lekuz kanpo sentitzea. Gustuko dut lekuz kanpo sentitzea. Beharbada, ez ulertzeko punturaino iritsita. Eta irakurri ostean itzuli. Hilabete oso batean zehar horrelako sentsazio bat izatea. Liburu honek, adibidez, horrelako zerbait eragin zidan. Lekuz kanpo utzi ninduen, guztiz. Eta itzuli beharra izan dut hogei mila bider. Liburu honetatik etekina ateratzen ari naiz. Eskultore bezala ezaguna da, baina badauka poesia liburua, eta hau, adibidez, oso-oso polita da. Berezia.

Ez dakit ez ote dagoen zurekiko halako paralelismo moduko bat. Artea ikasitakoa zara. Arteari buruzko masterra osatzen ari zara, oker ez banago. Eta artearen munduan murgilduta zabiltza.

Idaztea da erosoen sentitzen naizen jarduera edo eremua. Eta Arte Ederretan sartu nintzenean, dagoeneko banuen zerbait idatzita. Irudiarekin beste harreman mota bat daukat. Oraindik lan handiagoa egin behar dut alor horretan. Hitzek eta irudiek kode berak partekatzen dituzte.

Zure apalategian, orduan, best-seller-ak ez ditugu topatuko.

Baten bat, igual, bai. Baina gutxi.

Hainbeste saltzen diren nobela historiko horiek…

Baten bat egongo da, seguruenik.

Esan dezakegu irakurtzean nolabaiteko langa bat aurkitu behar duzula, intelektualki zerbait ona emango dizulakoan.

Hori da, nigan sortzen denean horrelako apurketa bat. Hori da interesatzen zaidana, eta horrek halako bulkada eragiten du nigan.

Horrek ekitera bultzatzen zaitu?

Nik espero ez ditudan gune batzuetan kokatzen du neure burua, eta ni neu ere harrituko nauen zerbait irten daiteke. Elikatze modu bat.

Aro beilegia liburuaren unea da, irakurlearentzat. Eta zu, zertan zabiltza?

Idazten jarraitzen dut, nire erritmoan. Ez dut askorik behartzen. Banabil zerbait idazten, forma hartzen hasi diren poemak dira. Erreferentzia asko ere baditut, bestalde. Azkenean, uste dut oraindik asko irakurri behar dudala. Erreferente gehiago behar ditut eta hortik elikatu nahi dut. Hortik doaz idatzi horiek.

Beste arte jardueretan bezala, lehenengo lanaren ondotik dator bigarrena. Zailagoa izan ohi da, gehiago kostatzen da idaztea? Geroz eta gehiago kontuan hartzen duzu aurrean egon daitekeen irakurlea?

Egia da askotan pentsatu dudala horretan. Liburu baten argitalpenak pauso asko ditu. Kritika jasotze horrek ere eragina dauka nigan. Eta proiektatzen ditut beste modu batean gauzak. Blokeatu egin nau apur bat momentu batzuetan; beste batzuetan, konturatzen naiz esperientzia txikia badudala. Eragina du nigan, modu batean edo bestean. Banago jada zeharkatuta.

Zer da zuretzat orain, orduan, idaztea? Eta etorkizunean zer izatea nahiko zenuke?

Niretzat lana bada, ez dago gizartean lan modura kontsideratuta, eta konpromiso maila bat eskatzen du. Etorkizunean idazten jarraitzea gustatuko litzaidake. Ondo legoke, bestalde, idaztea ez izatea lan eremu ofizial eta tinko bat. Hortik kanpo egoteak idazle modura neure buruaren jabe izaten mantenduko nauelako.

Italian egonaldia egin zenuen, Erasmus tarteko. Zer da Italiatik faltan igartzen duzuna, eta zer da han zinenean hemendik falta igartzen zenuena?

Zintzoa izateko, lagunak eta jendea igartzen nituen faltan. Italiar hizkuntzari hartu diot aprezio handia, oso gogoko dut italiera.

Eskerrik asko, Lizar. Errezitatuz hasi duzu elkarrizketa, eta zer hobe beste poesia batekin amaiera ematea baino.