Literaturaren mapak

Eneko Barberena

Badut lagun bat, gaita onekoa izanik ere, ez dena batere ulerkorra jaiegunetako goizeko dianekin. Alde zaharreko biztanle, lanagatik maiz berandu oheratzen dena, olgetan-benetan madarikatzen ditu goizaldeko musika jotzeak.

Marka da gero, baina, dirudienaren aurka, oso leku lasaiak dira, oro har, alde zaharrak. Behin tabernak itxita, autoen ziztu desatseginetik urrun, berbaro urruna eta pauso astunak besterik ez da aditzen udako gau sargorietan. Jendea pilatu arren bizitzeko pentsatuak baitira, hala irizten diot nik, eta horregatik oraindik herriko kalerik zaharrenetan gertatzen dira maiz ezkontzak, hiletak, batzarrak eta kantuak.

Badu mamia gure herri eta hiriak nola egituratu diren. Errenterian, Tipi kolektiboak langile auzoen existentzia katalogatzen dihardu, eta arkitekturak kale hautsi, eraikin segregatzaile eta intentzio asoziala duten ez-lekuak katalogatu dituzte. Txio artean –ez dakit nola esan nahiko liokeen orain horri Elon Muskek– eta Berria-n irakurri dut albistea eta ordutik irrikaz nago ikerketaren ondorioak jasoko dituen txostena irakurtzeko.

Izan ere, hirigintza asmo beteko jarduna da. Goitik hasita beheraino. Zuhaitzik gabeko plaza mortuek garaiko argazki bat direla sinestarazi nahi digute. Aldirietako txalet gerrikoek mundua –eta politika– ikusteko manera propioa eragiten dute. Jane Jacobs, Le Corbusier edota Ildefons Cerda ideologien eta pentsamoldeen katalizatzaile besterik ez da.

Kalean, haurrarekin, ordutegi berriak urratzen nabil. Goizeko hamarretan jolas-parkeak okupatzen ditugu, ilundu aurretik erretiratzen gara. Haren harridura eta aurkikuntzak neure egiten ditut: harrizko eskailera luze bat, ezkutatzeko txoko bat, atarte hotz bat bero sapatik babestuko baituena.

Beste batzuetan, ordea, haurra lokartu nahi dudanean eskertzen ditut espaloi zabal eta trabarik gabeko pasealekuak. Orduan, eskailerak, egokitu gabeko espaloiak eta hautsitako harlauzak ditut etsai.

Kalea misterio gune gisa, kalea entretenigarri. Baina baita ere kalea denentzako espazio, mugikortasuna erraztuko duena. Halako nahi nuke nik literatura euskaraz, aberats. Egon dadila batera forman ausart dena eta pertsonaietan sakon. Liburukote potoloa eta panfleto arina. Hondartzan barre eragingo dizun liburua eta arkatzarekin xehe azpimarratuko duzuna. Best seller-raren itzulpena eta hizkuntza minorizatuko idazlearen uzta. Zoritxarrez, idazle eta itzultzaile batzuen arabera, euskal literaturan denak behar omen du izan jaso. Ez dira ausartzen esatera on, eskerrak. Baina uste dut esan nahi dutela liburuek izan behar dutela gutxiengorako eta aspergarri. Iruditzen zait esklusibotasun arriskutsua dariola mezu horri, eta merezi du horren aurrean alertan egotea. Gehiago jakin nahi duenak hor du Filmineko kudeatzaileek Torrente katalogoan sartzeari buruz esan zutena, niretzat egia biribila dena.